Unai Zubeldia
Dezenteko harridura sortu du arrosa-more koloreko eraikin batek, Urnietan. Xoxokarako bidean. Oso urrutitik nabari da argitasuna. AP-1 errepidetik ere bai. Xabier Alberrok argitu du dena, Alberro SM enpresaren jabeak. Haztegian baserriko produktuak ekoizten ditu enpresa horrek, eta, Donostiako Altza auzoko Pelegriñene baserriak iaz hartu zuen bideari segika, “esperimentazio fasean” daukate LED argi bidez lagundutako tomateen ekoizpena. “Probatzen ari gara, eta ikusiko dugu emaitza ona ematen duen edo ez; emaitza nahi bezalakoa ez bada, bertan behera utziko dugu dena”. 4.200 metro koadro dauzka Urnietako negutegiak. “Eta udalak baimena eta obra lizentzia eman zizkigun proiektua gauzatzeko”, jakinarazi du Alberrok.
Jose Antonio Odriozola da Pelegriñene baserriaren jabea. Ezkutuago ditu hark bere negutegiak —17.000 metro koadro negutegi dauzka, horietatik 3.000 argiztatuta—, eta horregatik ez zuen sortu iaz hainbesteko eztabaidarik. “Landareak hazteko, berez, ez du behar argi espektro guztia; argi gorria eta urdina behar ditu gehienbat”, zehaztu du. Landarea hazten laguntzen du kolore gorriak, eta loratzen urdinak. “Landare mota desberdinek argi behar desberdinak dituzte, eta gureak tomateak ekoizteko dira, ez besterik. Egun, oso garatuta dago argiztapenaren teknologia, eta argiztatze jakin bat erabiltzen da landare mota bakoitzarentzat”.
“Arazo bati irtenbidea aurkitu nahian” egin dute Alberrok eta Odriozolak teknologia berri horren aldeko apustua. “Izan ere, tomatea ez da Euskal Herriko landare bat”, argitu du Lorea Muguruza EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko komunikazio arduradunak. “Eta, ondorioz, baditu hemengo klimak eta urtaroek eskaintzen ez dizkioten hainbat behar”.
Alberrok zehaztu du “Ameriketatik ekarritako landare bat” dela tomatea, “eguzkia behar duena. “Ondorioz, zer egingo dugu, udan bakarrik ekoiztu? Baina jendeak zer jan nahi du, bertako tomatea, Herbehereetakoa edo Marokokoa?”. Abendu-urtarril-otsailean Euskal Herrian, normalean, “argi ordu gutxi” izaten dela gogoratu du Alberrok. “Eta, ondorioz, kanpoko laguntzarik gabe, tomateak bota egiten du lorea. Ez da heltzen. Hostoz betetzen da arbola, eta oso fruitu gutxi ematen du”.
Horren jakitun, Muguruzak uste du baserritarrei “euren uzta, euren soldata” bermatzeko baliagarri izan daitekeela teknologia hori. “Izan ere, nekazaritzan bi gehi bi beti ez dira lau izaten, baldintzatzen duten gauza asko daudelako tartean: eguraldia, klima aldaketa, izurriteren bat…”. Alberrorekin bat eginda, EHNEko komunikazio arduradunak ere ez dauka zalantzarik “bertatik bertara hazitako tomatea” kontsumitzea hobea dela “Almeriatik [Espainia] ekarritakoa” kontsumitzea baino. “Askoz gutxiago kutsatuko dugulako horrela, eta bertako baserriei eusten lagunduko diegulako”.
Neurgailuak jarrita
Hain zuzen ere, Alberro eta Odriozola “laguntza edo osagarri gisa” ari dira baliatzen LED argia. “Kanpoan nahikoa argi ez dagoenerako, tomateari argi artifizialaren bidez hazten laguntzeko; eguzkiaren indarraren osagarri bat da sistema hau, ez besterik”, argitu du Odriozolak. Neurgailu batzuk jarrita dauzkate negutegiaren izkina batean. “Eta horrek zehazten digu une oro zenbateko indarra daukan eguzkiak. Tomateak hazteko nahikoa bada, ez dugu pizten LED argirik”, gehitu du Alberrok.
Xabier Iraola Enba Euskal Nekazarien Batasuneko idazkari nagusiak babestu egin ditu argi bidezko sistema baliatzen ari diren baserritarrak. “Gizartean inork ez du lan egiten duela 30 urte bezala, baina badirudi baserritarrek abarkak, koadrodun alkandora, mahonezko galtzak eta txapela jantzita egin behar dutela lan, garai batean egiten zuten bezala. Badirudi berrikuntzak ez ditugula onartzen”. Iraolak azpimarratu du baimen guztiak eskatuta ari direla denak lanean, “ondoko negutegi, tailer edo edozein enpresa bezala”.
Zalantza giroan, sistema horrek sortzen duen argi kutsadura ere aipatzen hasi dira herritar batzuk. “Eta, bai, argia ikusten da urrutitik, ados. Baina Garbera merkataritza guneak zenbateko argia sortzen du? Eta Kursaal jauregiak? Zenbat orduz egoten dira horiek piztuta? Gau osoan, agian…”. Alberrok esan du goizeko lauretan pizten dutela negutegiko argia, eta arratsaldeko seiak arte izaten dutela piztuta. “Beraz, argiaren eragina zer da 04:00etatik 08:30 aldera artekoa? Lau ordu eta erdikoa, gutxi gorabehera. Eta gainontzeko herrietan? Zenbat argi ikusten da gau guztian?”. Pelegriñene baserrian “hamabi bat orduz” edukitzen dute piztuta negutegiko argia. “Baina neguan litekeena da egunez ere piztuta edukitzea, argi gutxi dagoelako”.
Odriozolak iazko adibidea jarri du mahai gainean sistema nola baliatzen duten ulertzeko. “Iaz ikaragarri ona izan zen urtarrila, oso eguzkitsua, eta tomateak urtarrilean ere hartu zuen lorea. Martxo erdialdera, jada, ondo bildu genuen”. Martxoan hasi eta ekainera arte biltzen dute, normalean, tomatea. “Aurten, ordea, izan dugun urtarrilarekin eta argi bidezko laguntzarik gabe, tomaterik ez genukeen bilduko apiril erdialdera arte, orain arte landatutako tomateek ez zuketelako hartuko lorerik. Laguntza osagarri horri esker, martxoan hasiko gara biltzen”.
Argiaren arazoari helduta, tomate landarea hazi ahala, kanpotik ikusten den argi kopuru hori murrizten joango dela ziurtatu du Alberrok. “Landareak berak estali egingo duelako argia. Oraintxe dago landarea neurririk txikienean, eta, gorputza hartu ahala, argi gutxiago nabarituko da kanpotik. Eguna luzatzen hasita dago, gainera, eta argi kutsadura gero eta txikiagoa izango da, goizago argituko duelako”.
Pelegriñenen, tomateak ekoizten dituzte bereziki, “baita piper batzuk ere”. Saldu, berriz, “inguruan” saltzen dutela azaldu du Odriozolak. “Gure ekoizpena ez da izaten esportatzeko. Merkabugatin saltzen dut batez ere, baina denda txikiei. Nik ez diet saltzen Eroskiri eta”. Alberrok ere Merkabugatin saltzen ditu bere tomateak. “Baina baita Donostian ere, Bretxako azokan, arrebarekin, eta Eroskin, Carrefourren eta Alcampon”.
Kontsumo “txikia”
Alberro eta Odriozola baliatzen ari diren sistema ez da bat-batean iritsi Euskal Herrira. Pelegriñene baserriaren jabeak azaldu du Herbehereetan “duela 40 urte” hasi zirela baliatzen argi bidezko sistema hori. Eta Alberrok zehaztu du “sistema okerragoa” zela hura, “sodiozko lanparak zirelako haiek, eta kontsumoa oso altua zelako, 150 watt metro koadrokoa; astakeria handia. Gurean 30-35 watt gastatzen dira metro koadroko”. Odriozolak argi utzi du gaur egun “oso kontsumo txikiarekin oso eraginkor izatea” lortu dutela.
Teknologia berri bakoitzak eztabaida berekin izaten duela gogoratu du Odriozolak. “Duela 50 bat urte ere eztabaida sortu zen negutegiekin lanean hasi zirenean, ezer ez ikustetik oso deigarri izatera pasatu zirelako; baita laborantza hidroponikoarekin lanean hasi ginenean ere”. Azkeneko urteotan, egunerokoan, ekoizpen sisteman laguntzeko, ordenagailuak ere sartu dituztela esan du Pelegriñene baserriko jabeak. “Baina, noski, hori ez da argi bidezko ekoizpena bezain deigarria, eta horrek ez du sortzen arazorik”.
Baserritarrek ez dute nahi inolako ika-mikarik: “Beti egongo da edozein aldaketaren kontra dagoen jendea”, esanez hasi du azalpena Odriozolak. “Baina guk ezin al dugu lan egin gaur egungo teknologia baliatuta?”. Alberrok ere argi dauka: “Guretzat onuragarria den teknologia erabiltzen ari gara, tomateari batere kalterik egin gabe”.
Leave a Reply