Zaletasuna pizten, umetatik

Zaletasuna pizten, umetatik

Miren Garate

Jolasteko eta kirola egiteko modua berriz diseinatzea, aktiboagoak izateko. Erronka horri erantzungo dion proiektua prestatu beharko dute aurtengo First Lego League lehiaketan (FLL) ariko diren ikasleek. 110 herrialdetako 560.000 gaztek hartu ohi dute parte, bi kategoriatan banatuta —6 eta 9 urte artekoak eta 10 eta 16 urte artekoak—, eta gai berbera izaten dute guztiek. Iaz, Gipuzkoako bederatzi ikastetxek hartu zuten parte, eta Donostiako Axular lizeoak irabazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehiaketa. Aurten ere lizeo horretan hasita daude egin beharrekoa prestatzen.

“Aktibazio mota asko egon daitezke, eta aukeratu behar da zerbait originala eta osatzeko modukoa”, esan du Josetxo Sanchezek, Axular lizeoko irakasle eta proiektuko arduradunak. Azpitaldeetan banatuta ari dira lanean oraingoz, ideia garatzen, baina prestatzen ari direnaren gaineko pista bat ere eman du: “Itxialdietan denbora aprobetxatzeko, eta, aldi berean, nolabait gidatuta kirola egiteko eta elikadura zaintzeko aplikazio edo web orriak dituzte buruan”.

Axularrek 2009an hartu zuen parte, lehen aldiz, FLL Euskadin. Innobasquetik joan zitzaizkien ikastetxera proiektuaren berri ematera. “Euskadin zabaldu nahi zuten, ordura arte ez baitzegoen. Azaldu ziguten ez zela robotekin aritzea bakarrik, baizik eta robota diseinatu, muntatu eta erronka erreal bati aurre egin behar zitzaiola proiektu zientifiko batekin”. Polita iruditu, eta izena ematea erabaki zuten.

FLL Euskadin postu onak lortuta, ordutik ia urtero sailkatu dira Espainiako Txapelketarako ere, eta, lau alditan, Munduko Txapelketarako ere bai. “Horrek izugarri motibatzen ditu ikasleak. Gauzak euskaratik ingelesera itzultzeak beste lan bat ere eskatzen die, baina hemendik ateratzea oso aberasgarria izaten da”. Horrez gainera, lehiaketan parte hartu izan duten ikasleetako askok, gerora, zientzietako eta teknologiako ikasketak aukeratu ohi dituztela kontatu du Sanchezek.

Proiektu mardula eskatzen du lehiaketak. Egindako lana baloratzeko, besteak beste, proposatutako erronkari nola heldu zaion, proiektuak aplikazio praktikorik duen, ikasleek zenbat aditurekin hitz egin duten, aurkezteko modua nolakoa izan den, eta abar hartzen ditu kontuan epaimahaiak. “Adibidez, ikasleentzat oso inportantea izaten da adituekin hitz egiteko aukera izatea. Aeronautika ingeniariekin eta arkitektoekin hitz egin behar izan dute, diputaziora edo udaletxera joan behar izan dute zerbait eskatzera… Beraiek egin behar dute hori guztia”.

Robot bat ere diseinatu behar izaten du talde bakoitzak, eta lehiatzeko mahai berdina izaten dute talde guztiek. Lehiaketa egunean, prestatutako estrategiak erabiliz, puntu ahalik eta gehiena lortzen saiatu behar izaten dute, bi minutu eta erdian, eta aurkezpen teknikoa ere egin behar izaten dute, robotaren ezaugarriak, atazen diseinua eta abar esplikatzeko. Talde lanean nola aritu diren, hori da kontuan hartzen den beste faktoreetako bat. “Guk lehiaketa honen balorazio oso positiboa egiten dugu, ikasleak oso gustura aritzen dira, eta liburuetan ez dauden gauzak ere ikasten dituzte. Urteak pasatuta ere, ikasleek beti gogoratzen dute FLLn parte hartu zuten urtea”.

Finala, maiatzean

Innobasquek antolatu ohi du FLL Euskadi, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. “Gazteen artean zientzia, berrikuntza eta teknologiarekiko interesa piztu nahi duen txapelketa bat da”, azaldu du Itziar Uribe arduradunak. “Proposatu zaien erronkaren aurrean zientzialari txapela jantzi, arazoa zein den identifikatu, konponbide berritzaile bat proposatu eta gizartearekin partekatu behar izaten diete gazteek”.

Hamabi urte igaro dira lehiaketa antolatzen hasi zirenetik, eta, Uriberen esanetan, hasieran, eskolaz kanpoko jardueratzat hartzen zuten ikastetxe askok. Urteek aurrera egin ahala, ordea, esan du gero eta gehiagok sartzen dutela curriculumean. “Adibidez, teknologiako ikasgaian lantzen dute batzuek, baina baita ingelesean edo plastikan ere. Ohikoa da bizpahiru irakasle elkarlanean aritzea; horretarako prestatuta dago programa”. Axularren bertan ere, eskolaz kanpoko jarduera zen lehen, baina aurten burbuilak nahasterik ez dagoenez, IKTak ikasgaian ari dira lantzen, batxilergoan.

Urte berezia da aurtengoa antolatzaileentzat. Partaide, senide eta boluntarioak kontuan hartuta, leku berean seiehun lagun ere elkartzen ziren aurreko urteetan. Aurten, pandemia dela eta, ezingo dute halakorik egin. Txikienak ez dituzte ikastetxetik aterako, eta telematikoa izango da haien lehiaketa. 10 eta 16 urtekoen artean, ordea, ahalegin bat egiteko asmoa dute. “Ikastetxeek eskatu digute motibazio aldetik nahiago dutela taldeek proiektuak eta robota aurrez aurre aurkezteko aukera izatea”.

Otsailaren 20ra arteko epea dago izena emateko. Aurreko urteetan otsailean egiten zuten arren, atzeratu egingo dute aurten, eta lehiaketa datorren maiatzean egitea aurreikusten dute antolatzaileek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.