Krisialdia, beldurra eta bestelakoak

Krisialdia, beldurra eta bestelakoak

Josune Zarandona

Beldurrak geldiarazi egiten ditu pertsona gehienak, paralizatu. Beldurtuta dagoenak gauzak ez ditu argi ikusten, eta ez da gai izaten erabaki egokiak hartzeko. Haserrearekin batera, beldurra da norberaren osasuna eta ongizatea modu egokian garatu ahal izateko emoziorik kaltegarriena. Beldurrak norbera den bezala azaleratzea galarazten du, finean.

Bada, gaur egungo pandemia egoera erabat lotuta dago emozio horri. Leire Jauregi Asha yoga irakaslea da Urretxun eta Tolosan, eta, horrez gain, baita lore esentzien terapian aditua ere. Bere lanaren oinarri ditu pertsonen emozioak, eta, hark dioenez, pandemiak gizartean “erabat” areagotu du beldur sentimendua. Uste du pandemiak berak eta itxialdiak “lehendik estalita zeuden arazo asko” azaleratu dituztela. “Krisi garaian neurotikoago bihurtzen gara berez, eta, ondorioz, baita inkontzienteago ere”. Horren eraginez, “beldurra eta paralisi egoera” azaleratu dira herritar askorengan. “Eta gero eta gehiago agertzen ari dira haserrea eta frustrazioa ere”.

Beldurra, orokorrean, koronabirusari diote herritar gehienek, baina baita osasun krisiak ekonomian izan dezakeen eraginari eta langabeziari ere. “Langile asko abandonatuak sentitu dira, eta, ondorioz, gero eta jende gehiago dago haserre”, dio Jauregik.

Yogak eta lore esentzien gisako terapiek, hain zuzen, norbere emozioak “ezagutzen, onartzen eta kanalizatzen” laguntzen dute irakaslearen hitzetan; errealitateari beste perspektiba batetik begiratzen, alegia. “Beharrezkoa dugu norberak bere bizitzaren ikuspegi berri bat hartzea”, hasi du azalpena Jauregik, “arazoak hobeto kudeatzeko, eta beste erabaki batzuk hartzeko”. Izan ere, halabeharrez, egoerak berak bestelako erabakiak hartzera behartuko ditu herritarrak.

Norbere buruaren jabe

Bakoitzak bere burua ezagutzeko bitarteko bat da yoga. “Esna bizitzeko” baliabideak eskaintzen dituen praktika bat. Jauregik esan duenez, esna bizitzeak “norbere joeren jakitun izatea, emozioak ezagutzea eta onartzea, eta hori guztia zalantzan jartzeko gaitasuna izatea” esan nahi du. Lanketa horri esker, “barne bakea eta isiltasun egoera” ezagutzeko aukera izaten dute praktika horiek egiten dituztenek, eta yogak badauka egoera hori definitzeko hitz zehatz bat: santosha. Sanskritotik datorren hitza da, eta poztasuna edo bizitzeko poza adierazten du. “Hitz hori ez da zoriontasunarekin nahastu behar”, ohartarazi du Jauregik. “Ez dauka zerikusirik Coca-colaren iragarkietako txispa horrekin, adibidez; santosha sentsazio lasai bat da azken batean, poztasunetik gehiago duena zoriontasunetik baino”.

Lore esentzien terapiak, aldiz, “saio pertsonalagoak” izaten dira. “Terapeuta gisa, pertsonari entzun, bidelagun izan, bere iluntasunean argia jarri eta erabaki egokiak hartzen laguntzea da nire betebeharra”, zehaztu du yoga irakasle eta terapeutak. “Lore esentziek prozesua indartzen eta errazten laguntzen dute”.

Yoga saioetara joaten diren pertsonen profilak aipatzen hasita, bitan banatu ditu Jauregik: “Behar emozionalak izaten dituzte, orokorrean; tristurarako joera dutenak, depresioa edo antsietate arazoak dituztenak… Gehienak ez dira kontziente eta bizkarreko mina aitzakia hartuta etortzen dira, lehenengoz, yoga klaseetara”. Zehaztu du beste batzuk behar emozional horien jakitun joaten direla klaseetara. “Beren buruaren jabe izaten ikasi nahi dutelako etortzen dira”.

Egungo egoerak behartuta, aurrez aurreko klaseak moldatu egin behar izan dituzte: “Jendeak etortzeari utzi dio, beldurragatik batez ere”, dio. Kontraesana dirudien arren, “behar gehien duten pertsonek” utzi diote klaseetara joateari, “autoestimu txikia dutenek, bizitza sozial urriagoa dutenek, antsietate arazoak dituztenek…”.

Yoga eta Interneta

Gizartea “izoztuta” dagoela uste du Jauregik, “ez atzera eta ez aurrera”. Haren ustez, “kontziente izateak” aldaketa ekarriko luke. “Azken hilabeteetan jendearen amorrua pizten ari da, eta pandemia kudeatzeko modua edo politikariek hartutako neurriak zalantzan jartzen hasi dira”.

Jauregik Tolosan eta Urretxun ematen ditu aurrez aurreko klaseak, baina Internet bidez ere aritzen da orain, “egoera berrietara egokitu beharraren ondorioz”. Horri esker lortu du eskola irekita mantentzea, nahiz eta “ixteko zorian” egon zen, “beste asko bezala”. Yoga eta terapia alternatiboen kasuan, aurrez aurrekoak ematen duena ezin da ordezkatu birtualki lan eginda, baina, oraingoz, aurrera egin ahal izateko bidea aurkitu dute, batere beldurrik gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.