Aitziber Arzallus
Euskarari lotutako egitasmo digitalen bideragarritasuna aztertzea da Deusto Business Schoolen eta Codesyntax enpresaren arteko lankidetza harremanaren helburua, eta azkeneko hilabeteotan horretan jardun du ikasle talde batek, gradu amaierako lanerako. Horien artean ziren Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza egiten ari diren Ihintza Iturri (Azpeitia, 1998) eta Julia Galarraga (Zarautz, 1998), beste hiru ikaskiderekin batera. Hain zuzen ere, Eibarko Codesyntax enpresa garatzen ari den Pantaila proiektuaren bideragarritasuna aztertu dute, eta azterlan horrek “ondorio interesgarriak” ateratzera eraman ditu; besteak beste, tokiko erakunde publikoek balio handia ematen dietela euskaraz garatutako baliabide digitalei, baita gertuko eta euskarazko zerbitzua eskaintzen duten teknologia enpresei ere.
Iturrik azaldu du nolatan bururatu zitzaien Codesyntax enpresarekin elkarlanean aritzea. “Gradu amaierako lana euskaraz edo gaztelaniaz egin erabaki behar genuen, eta, taldekide guztiok euskaldunak garenez, euskaraz eta enpresa batean praktikoki egitea hobetsi genuen”. Ez ziren lehiatu beharrik izan gainerako ikaskideekin, lana euskaraz egitea erabaki zuten “bakarrenetakoak” izan zirelako, eta mahai gainean “aukera bakarra” jarri zietelako: Eibarko Codesyntax enpresarekin egitea. Enpresa ezagutzen zuten, han lan egiten duten pare bat irakasle izan dituztelako, eta ez zuten zalantzarik izan. “Oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun, eta berehala eman genuen baiezkoa”, esan du Galarragak.
Codesyntax 2000. urtean sortu zuten Interneten lan egin nahi zuten bost lagunek; eta gaur egun, hamabost lagun inguruk osatzen dute lantaldea; horietako gehienak bazkideak dira. Software librea, erabilgarritasuna, eleaniztasuna eta posizionamendua oinarri dituzten era guztietako proiektuak garatzen ditu Eibarko enpresak, eta azken urteotan euskarazko proiektu digital arrakastatsuak merkaturatu ditu; sakelako telefonoetarako Egunean Behin eta Mendiak aplikazioak, besteak beste. Horiez gain, ekarpen garrantzitsua egin die tokiko hedabideen plataforma digitalei, hark garatu baititu Uztarria-ren, Maxixatzen-en, Zarauzko Hitza-ren, Baleike-ren, Karkara-ren, Ataria-ren, Kronika-ren, Goiena-ren eta beste hainbat hedabideren webguneak.
Merkatuaren azterketa
“Informazio publikoa pantailetan erakusteko sistema automatiko bat izango litzateke Pantaila proiektua”, azaldu du Iturrik. “Eta era guztietako erakundeek eta enpresek erabiltzeko modukoa litzateke”. Codesyntaxek zehaztu du jada eskaintzen duela zerbitzu hori, “bi edo hiru lekutan” jarriak dituela era horretako pantailak, Azpeitiko Udalean kasu, baina eurena, oraindik ere, “bidearen hastapenetan” dagoen zerbitzua dela azpimarratu du. “Eta, hain zuzen ere, gure lana izan da zerbitzu horrek etorkizunik ba ote duen ikertzea”.
Merkatuaren azterketa egin dute horretarako. “Zerbitzuaren eta enpresaren ahulguneak eta indarguneak identifikatu ditugu, lehiakideak zeintzuk izan daitezkeen ikusi dugu, haien eskaintzak aztertu ditugu, zerbitzuaren erabiltzaile izan daitezkeen erakunde publikoekin eta enpresekin harremanetan jarri gara… Kontuan izanda Codesyntax tokiko enpresa txikia eta euskalduna dela”, esan du Galarragak.
Bertakoa eta euskalduna
Behin azterketa eginda, ondorioak ere atera dituzte. “Ikusi duguna da informazioa helarazteko gero eta gehiago erabiltzen dela teknologia, euskarri digitalak aurrea hartzen ari direla paperekoei, eta Codesyntax garatzen ari den pantailen proiektua oso erabilgarria eta erakargarria izan daitekeela etorkizunean, jendearen arreta modu bisualean erakartzen dutelako”. Iturrik ziurtatu du informazio pantailak “mundu mailan” hazten ari direla. “Eta uste dugu hemen ere hori izango dela joera”.
Baina ez hori bakarrik. “Ikusi dugu Euskal Herrian zerbitzu hori eskaintzen duten oso enpresa gutxi daudela, eta lehiakide gehienak nazioarteko enpresa handiak direla”. Horregatik, Galarragaren ustez, Codesyntaxek baditu abantaila batzuk: “Euskal Herriko enpresa izatea, eta gertuko eta pertsonalizatutako zerbitzua eskaintzea, sor litezkeen arazoei eraginkortasunez erantzuteko”. Horiez gain, zerbitzua “osorik euskaraz” eskaintzen dutela ere azpimarratu du. “Eta pantaila horien erosle izan daitezkeen enpresek, eta, batez ere, erakunde publikoek oso ontzat jotzen dute ezaugarri hori”.
Deusto Business Schooleko ikasleek ondorioztatu dute Codesyntaxen informazio pantailak bideragarriak direla, baina, Iturriren hitzetan, hemendik urte batzuetara “are bideragarriagoak” izango dira, “hemen oraindik ez direlako asko ikusten”.
Iturri eta Galarraga “gustura” geratu dira euren proiektuarekin, eta baita Codesyntax ere ikasleek egin duten lanarekin. Enpresako arduradun Josu Azpillagak nabarmendu du “oso modu profesionalean” jokatu dutela gazteek, eta baliozko ekarpenak egin dizkiotela Condesyntaxi. “Ikasleen ikuspegiak eta analisiek asko aberastu dituzte gure proiektuen negozio eredua eta aurrera begirako planifikazioa”.
Leave a Reply