Tximaluzeen paradisuan

Tximaluzeen paradisuan

Unai Zubeldia

Ez da berdina izango. Ez da izango denentzat tokirik. Eta arau zorrotzak errespetatu beharko dituzte. Baina egin egingo dute Donostiako XIX. Heavy Jaia, bihar, Larratxo kultur etxean. 17:45ean irekiko dituzte ateak, DJ Morok girotuta; 18:15ean hasiko da Grendel taldearen kontzertua; eta 19:10ean Zenobia taldearena; Playback lehiaketa eta ohiko gitarraren zozketa eginda, 21:00etan amaituko da jaia. “Arraroa gertatzen ari da aurtengo ekitaldiaren prestaketa. Desberdina izango da, txikiagoa, baina ea dena ondo ateratzen den”, esan du Jesus Navarro Heavy Jaiaren antolatzaileak.

COVID-19aren pandemiak eraginda, antolatzaileek “gorabehera asko” izan dituzte azken asteotan. “Baina ohiko formatuari eusten saiatu gara”, zehaztu du Navarrok. “Gurea ez da ohiko jaialdi bat, festa bat da, kontzertu bat, eta izaera horri eutsiko diogu aurten ere”. Jan-edanik gabe eta aulkitik altxatu gabe. “Baina heavy musikaren festa handia izango dugu beste behin ere”.

Aldaketen artean, playback lehiaketa ez da izango urterokoa. “Maskararekin, muga askorekin… Ezin genuen egin betikoa, eta erakusketa moduko bat antolatuko dugu azkenean, hiruzpalau talde edo familiarekin, jendeak barre pixka bat egin dezan aurten ere”. Navarrok ziurtatu du playback saioa “oso polita” izaten dela urtero. “Eta oso preziatua izaten da txapela. Pentsa, batzuek hamar urte daramatzate lehiaketa hori irabazi nahian”.

Navarrok jakinarazi du “nazioarteko talde ezagun-ezagun bat” kontratatuta zeukatela jada. “Baina ezingo zirela etorri esan ziguten azkenean. Bidaia, aireportuetako kontrolak… arriskutsua zen apustua, eta horregatik erabaki genuen gertuagoko bi talde kontratatzea”. Gasteiztarrak dira Grendel taldeko kideak, eta Logroñokoa (Espainia) da Zenobia taldea. “Bi taldeek ulertu dute urte berezia dela eta dirurik ez daukagula. Aurretik egonda daude Heavy Jaian, eta ez dute jarri inolako oztoporik”.

Antolatzaileak esan duenez, bere txikian “sona handia lortzen ari den ekitaldia” da Donostiakoa. Eta horren erakusgarri, 2011n, esaterako, Larratxo kultur etxean izan zen Freedom Call Alemaniako taldea. “Lehen mailako taldea da Europan, asko gustatu zitzaien gure proposamena, eta grabaketak ere egin zituzten, Suitzan grabatu zuten zuzeneko batean B alde gisa sartzeko. Ederra da auzoko ekitaldi bat Europan ezaguna izatea”.

Sarrerekin, gorabeherak

Iaz, otsailaren 29an antolatu zuten XVIII. Heavy Jaia. “Eta bi aste eskas geroago iritsi zen itxialdia. Zortea izan genuen”. Aurten egin egingo dute azkenean, baina “zalantza asko” izan dute hilabete batzuetan. “Uda ondoren, hobera egin zuen egoerak, eta formatu txikiagoan baina egitea erabaki genuen, tartean Gabonak zeudela jakinda ere”.

Sarrerekin “arazo txiki batzuk” izan dituzte, Navarrok zehaztu duenez, Bartzelona, Valentzia (Herrialde Katalanak), Zamora (Espainia) eta beste hainbat tokitako heavyzaleek ere erosita zeuzkatelako sarrerak. “Baina ez da izan arazorik horiek itzultzeko eta berriz salgai jartzeko. Oraindik gutxi batzuk gelditzen direla uste dut”. 120 lagunentzat tokia egongo da aretoan, eta ezinbestekoa izango da maskara jartzea.

“Tximaluzeak izan arren eta beti susmopean egon arren, fidatzeko modukoak gara, nahiko serioak gara”, adierazi du Navarrok, broma giroan. “Baina bai, arauak zorrotz betetzeko eskatzen diegu bertan izango diren guztiei, horrela bakarrik lortuko dugulako arazorik ez izatea”. “Ia nahigabe, Euskal Herritik kanpoko kontzertu batetik bueltan” sortutako proiektuak hogei urteko bidea egin du jada. “Lehen, [Donostiako] belodromoan gozatzen genuen nazioarteko talderik onenen emanaldiekin, baina bukatu zen hori, eta ezer gabe gelditu ginen”.

Egoera hori irauli beharra zeukatela iritzita, inoren zain egon gabe pausoa eurek ematea erabaki zuten azkenerako, eta desio bakarra dauka orain Navarrok: “Hurrengo urtean betiko Heavy Jaia berreskuratzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.