Adina ez dadin muga bat izan

Adina ez dadin muga bat izan

Beñat Alberdi

Zerk oztopatzen du adineko bat saltoki batera joatea? Galdera hori egin die Elgoibarko Udalak merkatariei. Galdera bera erantzutea baino gehiago, oztopoa kentzea dute helburu, eta, hain zuzen ere, horrela sortu da Establezimendu lagunkoia kanpaina. Prestakuntza eskainiko diete parte hartzen duten dendei, arazoak identifikatzetik harago, adinekoei egunerokotasuna arintzeko.

Proiektuaren hasiera diagnostiko bat dela azaldu du Blanca Larrañaga Iriondok, Elgoibarko Udaleko Ongizate zinegotziak. “Inkesta zabal bat egin genien elgoibartarrei euren iritzia eta proposamenak jasotzeko, eta diagnostikoa osatu genuen horrekin”. Hain zuzen ere, hobetu beharreko puntuak zein diren identifikatu zuten dokumentu horretan, eta identifikatutako puntu horiek hobetzeko asmoz abiarazi dute egitasmoa.

Arazoak sailkatzeko, lau galdera erabili dituzte: mugikortasunari, ikusmenari, entzumenari eta kognizioari lotutakoak. Azken horiei dagokienez, esaterako, proiektuaren sustatzaileen helburua da dementzia jasan dezaketen herritarrak identifikatzen ikastea, eta, horrekin batera, eurekin nola jardun barneratzea. 65 urtetik gorako hamar pertsonatik batek jasaten du dementzia, eta 85etik gorako hirutik batek.

Ezinak identifikatzen

Azken batean, lau galderetakoren bati lotutako arazoren bat daukatenei eguneroko jarduerak mantentzen lagundu nahi diete proiektuaren bidez; hala nola erosketak egiten edo paseatzen. Izan ere, beren egunerokotasuna mantentzeak “autonomia eta bizi kalitatea” bermatuko dizkiela nabarmendu du zinegotziak, eta hori dela proiektuaren muina: “Saltoki lagunkoietan egunerokotasuna erraztuko duten gauza txikiak aurkituko dituzte; adibidez, bastoia jartzeko esekitokia edo saltzailearekin elkarrizketa bat”.

Garatu beharreko bideak buruan dituztela egin diete gonbidapena sustatzaileek saltokiei. Galdetegi bat prestatu dute, estrategia zerrenda luze batekin. Horiei erantzunez, jabeak aztertu ahal izango du aipatutakoak gauzatzen dituen edo ez, eta ea laster batean aldaketa txikiak bidera ditzakeen edo ez. Funtsean, galdetegiak saltokiari lagunduko dio ezintasuna daukatenen begirada barneratzen. Zailtasunak zeintzuk diren jakinda, beste modu batean ikusiko dute lokala.

Hala ere, bidea ez da hor amaituko. Formakuntza saioa egingo dute martxoaren 24an, 14:45ean, Elgoibarko Aita Agirre kulturgunean. Establezimenduek izena eman beharra daukate parte hartzeko; epea zabalik dago hilaren 16ra arte. Bi bide daude izena emateko: labur.eus/establezimendulagunkoia webgunea edo elgoibarlagunkoia@elgoibar.eus posta elektronikoa.

Matia fundazioa egingo da saioaren kargu. “Gomendioak egingo dizkiete negozioen jabeei, eta, amaieran, beren denda ebaluatuko dute”, argitu du Larrañagak. Lagunkoi itsasgarria jasoko dute parte hartzaile guztiek, dendan bertan erabiltzaileek ikusteko moduan itsasteko. Arduradunaren esanetan, konpromiso txikiak hartzeak orain artean identifikatu gabeko hutsuneak betetzen lagunduko du.

Hobetu beharrekoak jakinda, saltokiak egokitzea izango da hurrengo urratsa. “Beste munduko lan edo inbertsiorik” ez duela eskatuko gaineratu du zinegotziak; esate baterako, aski izan daitekeela oztopo fisikoak kentzea edo altzariei aldaketa txikiren bat egitea. Zer egin daitekeen erakusteko pare bat adibide jarri du: alfonbra irristagarriak kentzea, eta, ilarak luzatzen baldin badira, esertzeko tokia eskaintzea.

Haren esanetan, proiektua gauzatzeak egunerokoa erraztuko die adinekoei. “Ziur gaude, indarrak batuta, egunerokoa leunduko diegula adinekoei. Bakardadea arinduko diegu, eta ariketa fisikoa egingo dute: paseora irtengo dira, lagunekin elkartuko dira…”.

Elkarlanerako aukera

Bi eragilek parte hartu dute proiektuan. Batetik, Elgoibar Lagunkoiak, eta, bestetik, Euskadi Lagunkoiak. Bata, udaleko hainbat departamentuk eta herriko hainbat eragilek osatzen dute; besteak beste, Nagusilanek, Duintasunak eta Jubilatuen Biltokiak. Bestea, berriz, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren proiektua da.

Hainbat herrik parte hartzen dute Lagunkoia programan eta elkarlana baliagarria izango zaiela uste du zinegotziak. “Eurekin harremanetan gaude, eta zenbait proposamen ekarri ditugu herrira. Beste udalerri lagunkoiekin elkarlanean, eragiteko ideia gehiago izango ditugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.