Beñat Alberdi
Urrian hasi zuten EnkarGuk proiektu berritzailea Azpeitian: tokiko saltokietarako eskaerak jasotzen dituzte, Whatsappez zein telefono deien bidez; ondoren, horiek bideratu, eta jasotzeko zerbitzua bermatzen dute, etxean, kontsignetan nahiz dendan bertan. Sarean kontsumitzeko joera berriei erantzun behar zaiela uste du Usoa Etxeberria proiektuko kideak (Azpeitia, 1979). Proiektu pilotua da, eta ez dute Azpeitian bakarrik gelditzeko asmorik.
Urrian hasi zenuten EnkarGuk proiektua, eta hazten ari da oraindik ere, bai erabiltzaile aldetik, bai parte hartzen duten komertzioen aldetik. Behar bat identifikatu duzuela esan daiteke?
Proiektuak, martxan jarri aurretik, lanketa garrantzitsu bat izan du. Dendarteanen [Gipuzkoako merkatarien elkartean] sortu zen ideia, eta zenbait azterketa egin ziren orduan. Azpeitiko Udalarekin jarri ziren harremanetan, baita landa garapeneko eskualdeko agentziarekin ere, eta horrela bideratu zen dena. Elkarlanean garatutako ideia bat da.
Ardura bati erantzunez ekin zenioten bideari. Zein zen ardura?
Kontsumo ohiturak formatu handiko saltokietara ari ziren bideratzen. Izan daiteke egunerokoan denbora falta dugulako, edo erosotasunagatik. Gehienbat, 30 eta 50 urteko jendearen profila da, haurrak dauzkatenena, orokorrean gertatzen ari den arren. Horri aurre egiteko modu bat izan da. Puntu ahulak indartzen dira horrelako zerbitzuak eskainiz.
Adinekoak ez dituzue aipatu ohitura aldaketak izan dituztenen profilean. Baliagarria izan daiteke haientzat ere?
Nahiz eta haiek komertzio txikietara joateko ohitura eduki, inguruko saltoki handiek banaketa zerbitzua eskaintzen dute, txikiek ez dutena. Zerbitzua eskaintzea gehigarri ederra izan da adinekoentzat.
Egitasmoa pribatua da, baina sektore publikoa du sostengu. Bien arteko nahasketa bat da?
Erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren eredu garbia da gurea. Merkataritza indartzeko, hori da bidea. Komertzio txikiak negozio pribatuak baino askoz gehiago dira; horiek herri bati ematen dioten bizitza ez dute ematen saltoki handiek.
Antzerako zerbitzua eskaintzen dutenek aplikazioak erabiltzen dituzte. Zuen kasuan, berriz, Whatsappa da kanala. Zer dela eta?
Denek erabiltzen duten plataforma bat delako. Zenbaitentzat ez da erosoa sare sozialak edo sarea erabiltzea erosketetarako; 80 urteko edozein azpeitiarrek, ordea, Whatsappa erabiltzen du. Ez daukazu beste ezer deskargatu beharrik edo izena eman beharrik.
Horrelako hartu-emanetarako sare sozial hori al da biderik onena?
Kontsumitzaileekin eta dendariekin kontrastatu genuen zer kanal erabili eta beste hainbat kontu; esaterako, banaketarako ordutegia. Datu bilketa bat egin genuen horrelako erabakiak hartu aurretik.
Aplikazioetan, dena den, produktuak ikusi egin daitezke erosi aurretik; Whatsappen, berriz, ez. Nola betetzen duzue hutsune hori? Nahikoa da erosleak denda ezagutzea?
Lehenengo hilabeteetan saltoki bakoitzak zer zeukan erakusten zuen, bideo bidez. Orain Whatsapp business erabiltzen ari gara, eta saltokiek sortu dute katalogo bat. EnkarGuk proiektuaren profilean sartuta, katalogoa ikus daiteke, eta bertan dago saltoki bakoitzak zer duen eskuragarri.
Elikadura saltokiak dira,ordea, zuen eskaintzako gehienak. Lan gehigarri bat da euren eguneroko eskaintzak ematea?
Bai, elikadura garaian garaikoa da, eta astez aste aldatzen dute. Merkatuaren kasuan, adibidez, zerrendatu egiten dugu bakoitzak zer ekarriko duen, eta hori zabaldu egiten dugu; batzuk prezioarekin, eta beste batzuk, gabe. Baina, kontsumitzaile moduan, badakigu, gutxi gorabehera, ordaindu beharrekoa zenbat izaten den. Denok dakigu txuleta garestiagoa dela solomoa baino. Horrez gain, aurreko astean, adibidez, Kantauriko antxoa iritsi zen arrandegira, eta mezu bidez zabaldu genuen.
Buletin antzeko bat prestatzen duzue? Nola eman daiteke izena jasotzeko?
Bai, webgunean dugu atala izena emateko. Proiektura saltoki berriak sartuz gero ere, ongi etorri mezua zabaltzen dugu.
Dendarientzat aldaketa ekarri du horrelako proiektu bat egoteak?
Bai, baina esku zabalik hartu dute denek. Bi faktorek eragin dutela uste dut: batetik, formakuntza eman zitzaien, eta ikusi zuten egin beharreko lana txikia zela; sakelakoari adi egotea eta eskaririk egonez gero, paketea prestatzea. Bestetik, hasiera ona izan dugu. Martxan jarri genuenetik, saltoki guztiek izan dute eskaeraren bat, handia ez izanda ere. Elkarlana da proiektu honen alderik politena eta arrakastaren giltza.
Zer iritzi dute herritarrek?
Asebetetze inkestak egiten ditugu zerbitzua erabili eta gero. Erabiltzaileen %95ek diote oso ona dela, eta %5ek, ona. Inork ez dio kontrakorik.
Garrantzitsua al da erabiltzaileen iritzia jasotzea?
Bai, eta saltokiena ere bai. Proiektua zabalik dago behar dituen aldaketetarako. Adibidez, orain astelehenetik ostiralera eskaintzen dugu zerbitzua. Erabiltzaileek eskatzen badute eta proiektuaren onerako dela ikusten badugu, gehitu genitzake larunbat goizak, asteko orduren bat leunduta. Telefonoz eskatzearena jendearen iritzia jasota sartu genuen. Erabiltzaile batek esan zigun, bere amak eska zezan, idatziz jardun baino, nahiago zuela telefonoz egitea.
Ezohiko egoera bati erantzunez sortu duzue EnkarGuk. “Normaltasuna” itzultzean, zein etorkizun izango du proiektuak?
Indar handiagoa izango duela uste dut. Normaltasuna itzultzen bada, denbora libre gutxiago izango dugu, eta erosketa joerak mantenduko dira. Orain, diru laguntza publikoen bidez lortzen dugu sostengua. Lorpen handia izango da autofinantzatzea. Gainera, tokiko saltokiak babesteko eta sustatzeko kontzientzia zabaltzen ari da.
Beste herri batzuek jo dute zuengana informazio bila. Eredu bihurtu zarete?
Hori izan da Dendarteanen helburua. Azpeitia aukeratu zen herri laua delako eta biztanle dexente duelako. Gipuzkoako komertzio denei laguntzea da Dendarteanen helburua. Azpeitikoa proba bat da, eta arrakastaz ari gara. Beste herri batzuetara zabaltzeko gogoa eta prestutasuna dugu.
Leave a Reply