Juan Luis Zabala
Gaztelaniazko testu bat irakurri zidan sakelako telefonoaren pantailatik. Euskaratuta honelako zerbait litzateke: “Aldaketa handia da lanaren banaketan. Denok gara kapital ekoizle eta proportzio txiki batek baino ez du soldata bat jasotzen. Facebooken edo Amazonen sartzen zarenean kapitalismotik irteten zara. Neuk fisikoki sentitu nuen hori Googlen sartu nintzenean. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik gertuago dagoen enpresa batean sartzen zara: estetika bat dago, politburo bat, ideologia bat. KGB bat dago Googlen: oso abegikorra, oso atsegina, baina politika bat esan dezakezunaz eta ezin esan dezakezunaz. Zientzia fikzio baten antzekoa da, zu kalean ibili eta dena pertsona baten jabetza balitz bezala. Hark ez baldin badu nahi zuk zerbait ikustea, ez duzu ikusiko. Eta konpainiak ikus dezazun nahi badu, ikusiko duzu. Hori da bizitza Facebooken, Amazonen, Googlen. Hori ez da lehia, ez da kapitalismoa, hori feudalismoa da, goi mailako teknologiako feudalismoaren zientzia fikzio modu distopiko bat. Ez gaude jada kapitalismoan, beste hitz bat aurkitu behar da eta nik teknofeudalismo deitzen diot”.
—Yanis Varoufakisen hitzak omen dituk, Iban Arantzabalek txiokatuak —azaldu zidan—. Uste diat oso azalpen argigarria dela. Zer iruditzen zaik?
—Joseba Gabilondok ere Erdi Aro berri batean gaudela esaten din, edo antzeko zerbait.
—Beste batzuek ere esan izan ditiztek antzeko gauzak, baina testu horrek dioena ondo azalduta eta sintetizatuta dagoela iruditu zaidak.
—Ondo zegon ikuspegi kritiko hori, baina azken beltzean egia ukaezina dun, gero eta ukaezinagoa, Xabier Etxaniz Rojoren nobela baten izenburuak dioen hori: Denok gara Google. Hots, denok, edo behintzat Erdi Aro berri honetako teknofeudalismo honetan kapare (aitoren alaba edo aitoren seme) izateko, edo gutxienez kapare sentitzeko, ohorea eta pribilegioa dugun guztiok, bizi gaitun teknofeudalismo horretan txertatuta, eta haren arauak errespetatuz. Eta bilauen arteko asko ere, antzera samar, kapare direlakoan edo kapare izateko amets-asmotan. Egun, gainera, teknofeudalismoari aurka egiterik ez zegon teknofeudalismo horretan txertatu eta haren arauak errespetatu gabe. Kapitalismoarekin gertatzen den (gertatzen zen esan beharko ote dugu?) bezala: ezin zaion (zitzaionan?) aurre egin, hartan txertatu eta haren arauak errespetatu gabe. Xake-mate moduko bat dun bi kasuetan. Mugitzen dugun pieza mugituta, galbidean geratzen dun agintean dagoen sistemaren aurkaria, berdin zion sistema hori kapitalismoa den edo teknofeudalismoa den, dena delakoa.
—Hortaz, zer? Dagoena onartu eta aurrera, besterik gabe?
—Ez dinat esaten kritikoa izan behar ez denik edo ezer egin behar ez denik gizarte justuago baten alde, baina egiten dena inozokeriarik gabe egin behar dela uste dinat, bat-bateko librakuntza baten amets zoroetan nahastu gabe eta, batez ere, kontu handiz ibilita nor gutxiesten eta deskalifikatzen dugun hau edo hori egin duelako, honela edo hala jokatu duelako. Alegia, ez dugula ahaztu behar denok garela google; eta, bakoitzak berea, denok daukagula atzean zuloa.
—Et, et, et… Denok gaituk google, baina batzuk beste batzuk baino googleago. Eta ez zakiat ba ez ote haizen heu ari google baino googleago jartzen, googleegi agian.
Leave a Reply