Josune Zarandona
Eskia presente egon da beti June Garitanoren oroitzapenen mapan. 4 urte zituela jantzi zituen eskiak lehenengoz urretxuarrak, eta ordutik ez ditu erantzi. Gaur egun, 17 urterekin, Espainiako eski selekzioko kide da urtarrilaz geroztik. Urte hauetan egindako “lanaren emaitza” dela dio. Pandemia urteak “gauza onak” ekarri dizkio, azkeneko denboraldia mugarri izan baita haren kirol ibilbidean.
“Nire mailan eskiatzen dugun eta kirol hau serio hartzen dugun gazte guztion lehendabiziko helburua da Espainiako selekzioan sartzea”, aipatu du Garitanok. Orain Italian ari da selekzioarekin entrenatzen eta ahal duen lasterketa guztietan parte hartzen; emaitza onak lortzen ari da, gainera. Martxoaren amaieran jokatuko den Espainiako Txapelketan jarriak ditu begiak, ordea. Han “gauzak ondo ateratzea” gustatuko litzaioke, denboraldiari amaiera biribila emateko.
Garitanorentzat, eskiatzera joatea arrunta izan da haurra zenetik. “Aita eta ama asteburuero joaten ziren Jakara [Espainia], eta beraiekin eramaten ninduten”, oroitu du. Edurne Iturbek, Garitanoren amak, azaldu du 4 urte zituenean Jakako eski taldean hasi zela alaba, “eskiatzen ondo ikasteko helburuarekin”. Bi urte geroago, entrenatzailea aldatu zuten taldean; hark “zerbait” ikusi zuen Garitanorengan, eta entrenamendu zailduagoak egiten hasi ziren. Haren eskutik hartu zuen parte bere lehendabiziko lasterketan. “Artean ez zuen parte hartzeko adinik, baina Formigalen [Espainia] jokatu zuten Paco el Maestro lasterketa irabazi zuen, bera baino zaharragoak ziren eskiatzaileen aurka”, gogoratu du amak.
Orduan sortu zitzaion lasterketetarako erra Garitanori. Ezer galtzeko ez zuen urteetan, “jolasa” zen harentzat, baina, lehiatzeko adinean sartu zenean, gustatu egin zitzaion lasterketek sortzen zioten zirrara; batez ere, taldean zuten giroak harrapatu zuen. “Denok elkarrekin joaten ginen lehiatzea tokatzen zitzaigun lekura, hotelean elkarrekin lo egiten genuen… Polita zen”.
Pitarroy proba, mugarri
Lehenengo lasterketa hartatik gehiago iritsi ziren gero; baina badu bat bere oroitzapenen artean mira bereziarekin gordeta: 2011n Cerlerren (Espainia) jokatu zuen Pitarroy proba. “Lasterketa zaila zen. Nire mailan [kimuak] Espainiako eskiatzailerik onenek parte hartu zuten. Bigarren postua lortu nuen, eta hurrengo urtean ere mailari eutsi nion”, kontatu du eskiatzaileak. Poliki-poliki hobetuz zihoala nabaritzen hasi zen, eta orduan erabaki zuen eskia bere bizitzaren parte izango zela.
Gurasoentzat ere lehendabiziko garaipen haiek “ia oharkabean” pasatu ziren hasieran. Baina Garitano ondo aritu izan da beti; garaian-garaian egokitu zaizkion mailetan “beti puntan” ibili izan dela azpimarratu du amak: “Emaitza onak lortu izan ditu beti”. Garitanok berak, eta baita familiak ere, oso modu naturalean bizi izan dute urteotako garapena. Orain lau urte, esaterako, Jakako Integral Sky errendimendu altuko programan parte hartzeko aukera izan zuen. Zenbait eskiatzaileri Jakako eski taldeko entrenamenduak “motz” geratzen zitzaizkiela eta, “programa osatuago bat” sortu zuten, Iturbek azaldu duenez. Hala, azken lau urteotan Garitanok Jakan pasatu ditu neguak; “oso esperientzia ona izan da”, aitortu du.
Jakakoaren gisako errendimendu altuko eskola batean, bizimodua “zorrotza” da oso. Eguna oso egituratua dute, baina Garitanok “normaltasun osoz” bizi izan du esperientzia hori ere. Haatik, lehendabiziko urtea “gogorra” egin zitzaiola esan du. “Errutinak hartzea kostatu egin zitzaidan”. Goizean goiz jaiki, pistetan entrenatu, bazkaldu, klaseak arratsaldean, ikasi… eta familiarengandik urruti bizi. Alderdi hori, dena den, ez da zama izan urretxuarrarentzat. “Gurasoak asteburuero etortzen ziren Jakara; anaia Lukenek ere eskiatzen du, eta laurok elkarrekin egoten ginen”.
Iazko ekainean hasi zen entrenatzen Espainiako selekzioarekin, eta urtarrilean eman zioten taldeko kide bihurtuko zuten berria. Pandemiak lehiaketen egutegian eta entrenatzeko moduan eragin badu ere, Garitanok “ilusioz” bizi du aurten hasi zaion aro berria. Integral Sky programari agur esan dio, baina uste du selekzioarekin “entrenatzeko baldintza hobeak” dituela eta, horri esker, “hobetzen jarraitzeko aukera gehiago” izango duela. Eskiatzailearentzat aldaketen urtea izan da 2021a. 4 urte zituenetik izan da Jaka eski taldeko kidea, baina, aurten, Urretxun sortu berri duten Irimo Kirol Eski Klubera pasatu da. Baikorra da Garitano, eta oraindik ere “hobetzeko aukera asko” duela uste du.
Eskuetako arazoak
Denboraldiari buruz galdetuta, “oso balorazio ona” egin du Garitanok, nahiz eta otsailean etxean egon behar izan zuen. Eskuetako behatzak izoztu eta denboraldiak esku artetik ihes egingo ziola uste izan zuen arren, prozesua “uste baino azkarrago” joan da. “Martxo hasieran, Italian bueltan nintzen berriz”.
Denboraldi honetan, Sierra Nevadan (Espainia), Baqueiran (Herrialde Katalanak) eta Italian egin ditu egonaldiak selekzioarekin, entrenatzeko eta lehiatzeko. Italian, joan den asteburuan parte hartu zuen azken proban, eta gustura itzuli zen. Bide horri eutsiz gero, badaki aukera asko duela aurrera egiteko, eta, horregatik, ez du galdu nahi Espainiako selekzioak eman dion aukera.
Leave a Reply