Unai Zubeldia
Museo bizi bat da Ismael Borges. Oroitzapenek bizi dute errenteriarra (1957). Moto gainean beti. Bizikleta artean gehienean, eta sona handiko argazkilaria atzean, ezinbestean. Txirrindularitzan punta-puntako argazkilarien pilotu izan da Borges 37 urtez, eta 22 Frantziako Tour, hemezortzi Italiako Giro eta 25 Espainiako Vuelta pilatuta dauzka, besteak beste. Istripu larria izan zuen 2012an, Tourreko Limoux eta Foix arteko 14. etapa amaituta, hotelera zihoala, eta memorian bizi-bizirik dauzka oraindik orduko orbainak.
“Hainbeste oroitzapen eta bizipen dauzkat…”. Borgesek aitortu du “ia jolas moduan” hasi zela dena, “ondo pasatzeko aitzakia moduan”, baina, urteen poderioz, nor izaten eta ardurak hartzen hasi zen errenteriarra. “Etorri nahi duzu Girora?”: Graham Watson argazkilari britainiarrak 1989an egin zion galdera hori izan zen bere bizitzako bidegurutzeetako bat. Borges motoen lotura lanen arduradun zen ordurako Euskal Herriko Itzulian, eta Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat lasterketa ezagututakoa zen aurretik. Ciclismo a Fondo aldizkariaren bitartez jarri zen Watson Borgesekin harremanetan —1987tik 2008ra aldizkari horrentzat lanean aritu zen errenteriarra, eta urte hartan Biciciclismo aldizkaria sortu zuen, Carlos Linaresekin batera—, eta ordura arteko proposamenak baino “serioagoa” izan zen hura. “Hainbat arrazoi tarteko, garai hartan krak egin zuen nire bizitzak, eta txirrindularitzaren alde apustu egitea erabaki nuen”.
Itzulian, sei Vesparekin
Borgesek izen bat jarri du mahai gainean: Jaime Ugarte. “Hark eman zidan aukera mundu honetan bidea egiten hasteko, eta barru-barruan edukiko dut betiko”. Errenteriarra 1985ean sartu zen Itzuliko antolatzaile taldean, motoen lotura lanen koordinatzaile gisa. “Sei Vesparekin, ahal genuena eginez; zortzi Lambretta izan ziren bigarren urtean; hamar hurrengoan… 30 moto izaten dira, gaur egun, Itzulian; moto handiak, gainera”. Borgesek esan du zaleek “motoak azkar pasatzen” ikusten dituztela: “Baina lan handia dago horren atzean; bidegurutze arriskutsu bakoitza itxi, ertzainekin dena koordinatu, ihesaldikoak, tropelekoak eta atzean gelditutakoak kontrolatu… Itzuliaren aurretik bizpahiru aldiz eginda edukitzen nuen ibilbide guztia, arrisku gune bakoitza ondo zehazteko”.
Hiru anaietan zaharrena da Ismael. “Eta, aitaren eraginez, odolean daramat motoarekiko eta txirrindularitzarekiko zaletasuna”. Etxeko lasterketetan toki bat eginda, nazioartean ere pasio zuen hura lanbide bihurtzeko aukera eskaini zion Watsonek. “Eta ez nuen izan zalantzarik”. Aurretik, motokroseko pilotua izan zen urte askoan —”soldadutzak eten zidan bide hori”—. Aitaren autoeskolako irakaslea ere izan zen; moto denda bat ere izan zuen Errenterian; mekanikari lanak ere egin zituen… “Baina nik argi neukan zer nahi nuen”. Txemi Llano argazkilariaren pilotu gisa Asturiasko Itzulia amaitu, etxean sartu-irten bat egin, eta motoan 1.400 kilometro egin zituen Dolomitetaraino, Corvara Alta Badiaraino. “Gaueko hamarretan iritsi nintzen. Fresko nengoen, eta astakeria handiak egiteko gai nintzen”.
Tourrerako eskaintza
1991n, hamabi egunerako Girora joan —Franco Chioccioli italiarrak irabazi zuen—, eta Frantziako Tourrerako gonbita egin zion Watsonek. “Ezinezkoa zela erantzun nion, autoeskolan azterketa garaia zelako ekaina-uztaila”. Etxera itzulita, ordea, Darcy Kiefel argazkilariaren dei bat jaso zuen. “Giroan ezagutu genuen elkar; Ron Kiefel Motorola taldeko txirrindulariaren emaztea zen. Oso eskaintza ona egin zidan, eta, azkenerako, hiru Tour egin nituen haiekin”.
Urte horietan ere, Giroan eta Vueltan, elkarrekin jarraitu zuten Borgesek eta Watsonek. “Eta 1995ean, jada, Tourrera ere elkarrekin joatea erabaki genuen. Hemezortzi urtez lotu genituen Giroa, Tourra eta Vuelta”, 2012ra arte, Tourreko istripu larrira arte. “Nire lagun mina zen Watson, nahiz eta istripuaren ondoren hoztu egin zen harremana. Britainiarra da, hotza, eta ez nuen haren berotasunik sentitu ospitalean igaro nituen lau hilabeteetan”. Borgesek urte hartan ospitaletik bertatik zuzendu zuen bere taldea Donostiako Klasikoan. “2013ko Itzulian, berriz, baimena eskatu nien errehabilitazio taldeko kideei, eta muleta eta guzti ibili nintzen, auto barruan, ahal nuena zuzentzen”. Vueltara ere joan zen urte hartan, froga gisa, Iñaki Azanza argazkilariarekin, eta jarraian dei bat jaso zuen Photonews eta L’Equipe aldizkariekin Ponferradako (Espainia) Munduko Txapelketara joateko. “Bizitzara lotzeko ahalegin bat izan zen hura, baina gorputza gehiegi estutzen ari nintzela sentitu nuen”.
Gaur egun Watsonek eta Borgesek harremanik ez badaukate ere —Zeelanda Berrian bizi da britainiarra—, errenteriarrak ez du ahaztu harekin bizi izandakoa. “Tropelean, munduko argazkilaririk onenaren ondoan nengoen. Niretzat ohorea izan da hemezortzi urtez Giroa, Tourra eta Vuelta harekin egitea”. Watson baino “gertukoagoa” zen Borges tropelean. “Eta, horri esker, harreman polita egin nuen Herminio Diaz Zabalarekin, Francisco Javier Mauleonekin, Joxean Fernandez Matxin-ekin eta beste hainbatekin”.
Gaztelania, frantsesa, italiera eta ingelesa menderatzen ditu Borgesek. “Bitxia da, Graham Watsonekin lan eginda pentsatzekoa delako ingelesez bikain aritzeko aukera izango nuela. Kontua da Grahamek gaztelaniaz hitz egiteko baliatu zuela nirekin sortutako harremana”.
Lankide baten heriotza
Muturreko hotza, zulatuak, istripuak —”besteak beste, 1988an Zumaian, Tito Costa moto gidaria hil zena, edo 2003an, Azpeitian, Josean Matxain hil zenekoa”—… Errenteriarrak ziurtatu du bere lanbidea ez dela “paseotxo bat” izan. “Baina hainbeste betetzen ninduen bizimodu horrek…”. 37 urteko ibiliaren ondoren, hori bai, minetik eta tristuratik ere dezente dauka. Pandemia garaian itxi behar izan du ziklo bat. “Oso hotza eta gogorra izan da agurra”. Iazko Itzulian, Errenterian, etxean, agurtzeko asmoa zeukan. “Baina ezinezkoa izan zen”. Ez du nahi omenaldirik. “Baina eskertzekoa litzateke berotasun pixka bat. Ez nuen nahi horrelako agurrik”.
Marco Pantani, Miguel Indurain, Jan Ullrich, Lance Armstrong, Marino Lejarreta, Peio Ruiz Cabestany, Abraham Olano… Motoaren ispilutik begira ikusi izan ditu txirrindularien erasoak, txakalaldiak eta garaipenak, eta barru-barrutik kontatu du ondoan izan dituen argazkilarien klik hotsarekin osatutako bizitzaren filma. Watsonek sinatutako kaskoa; Indurainekin ateratako argazkiak; 2012an Alberto Contadorrek bidali zion mezua; ur potoak… Ia oharkabean, Borgesi museo bihurtu zaio Lezon daukan oroitzapenen txokoa. Ukitu ezin den hori da, ordea, gordeta daukan harribitxirik preziatuena: bizipenek, oroitzapenek, sentimenduek osatzen dutena. “Eskerrik asko denoi” esanez agurtu da. “Nire lagun Luca Bettinik eta Juan Mari Guajardok esaten duten moduan: ‘Ci vediamo!’ [ikusiko dugu elkar]”.
Leave a Reply