Miren Garate
Bidez Bide elkarteak esku artean dituen datuen arabera, Gipuzkoan 5.905 herritarrek jasotzen dute laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa (LPPE). Laguntza hori jaso ahal izateko, familiakoa ez den pertsona bat kontratatu behar izaten da, eta langile horrek mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko ziurtagiria behar izaten du, edo, halakorik ezean, gaur-gaurkoz, ezohiko zein behin-behineko gaikuntzek ere balio dute. Alabaina, aldi baterako gaikuntza ziurtagiria dutenek 2022ko abenduaren 31ra arteko epea dute titulua lortu ahal izateko. Soraya Ronquillo (Tingo Maria, Peru, 1961) Bidez Bide elkarteko kidearen esanetan, etxeko langile egoiliarren egoerak kezkatzen ditu, haien lan ordutegiekin zaila dutelako ikastaroetara joan ahal izatea.
Arreta soziosanitarioa emateko ziurtagiririk ezean, ezohiko zein behin-behineko gaikuntzek ere balio dute etxeko arretan lan egiteko. Nola lortzen dira gaikuntza egiaztagiri horiek?
Ezohiko gaikuntza bi bidetatik lortzen da: batetik, azken hamabi urteetan gutxienez hiru urtez zaintza lanpostuetan aritu direnek lor dezakete, 2.000 ordu lan egin badituzte; edo bestetik, gutxieneko esperientzia eduki gabe, azken hamabi urteetan zaintzan lan egin dutenek eskura dezakete, baldin eta lanbide gaitasunarekin zerikusia duen hirurehun orduko prestakuntza eginda badute. Horiek 2023an ere ez dute beste ziurtagiririk beharko etxeetan lan egiten jarraitu ahal izateko. Behin-behineko gaikuntza, berriz, azken hamabi urteetan egunen batean zaintzan aritu direnentzat baina prestakuntzarik ez dutenentzat da. Horiek 2022ko abendurako lortu beharko dute ziurtagiria.
Zuen datuen arabera, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoari lotuta lan egiten duten 5.905 langile horietatik 1.711k dute behin-behineko gaikuntza gaur egun. Zer iruditzen zaizue 2023an lanean jarraitu ahal izateko egiaztagiri horiek behar izatea?
Zaintza lanak profesionalizatzearen alde gaude gu: ondo ikusten dugu ziurtagiriak eskatzea, langileentzat nahiz kontratatzaileentzat da ona. Buruan sartu digute emakume izateagatik zaintzen badakigula, jaiotzetik daukagula gaitasun hori, baina ez da horrela: garabi bat nola erabili, Alzheimerrarekin zer gertatzen den eta abar ikasi egin behar dugu. Baina gaur egun bi titulazio profesional daude, eta horiek bateratzea eskatzen dugu, titulazioak egoitzetan nahiz etxeetan lan egiteko aukera emateko.
Zein dira bi titulazio horiek? Eta zer ezberdintasun dituzte?
Pertsonei etxean gizarte eta osasun arreta emateko ziurtagiria da bat, eta bestea, mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte- eta osasun arreta emateko ziurtagiria. Batean eta bestean lantzen diren gaiak ezberdinak dira, eta, adibidez, etxean arreta emateko ziurtagirian ez dago praktikak egin beharrik. Guri ez zaigu egokia iruditzen etxeetan lan egiteko aukera bakarrik ematen duen titulazio bat egotea. Badago beste arazo bat ere: 5.905 langile horietatik 2.646 hegoalde globaleko herrialdeetatik etorritakoak direla, eta ia beti etxeko langile egoiliar izaten direla. Horientzat titulazioa eskatzea mehatxu bihurtzen da enpleguari eusteko.
Zergatik?
Beren lan ordutegiak ez dira bateragarriak Lanbidek eta erakunde pribatuek eskaintzen dituzten ikastaroekin. 450 orduko ikastaroak izaten dira, eta egoiliarren kasuan, asko jota, bi ordu izan ohi dituzte libre egunean. Online ikastaroak ere badaude, baina horrek eskatzen du ordenagailu bat eta konexioa izatea, eta arrakala digitala ere kontuan hartzeko faktore bat da.
Behin-behineko gaikuntza dutenen erdiak baino gehiago (976) dira migratzaileak. Zergatik da hori?
Ziurtagiriak lortu ahal izateko, DBHko titulua eta abar behar dira, eta horiek homologatzea kostatu egiten da. Bestalde, aipatu bezala, hegoalde globaletik etorritako gehienak langile egoiliarrak dira. Gure ustez, egoiliar lanak, gaur egungo baldintzetan, desagertu egin behar luke: ezartzen dituen lan baldintzengatik, ekartzen duen diskriminazioagatik, finkatzen dituen botere harremanengatik… Emakume batek egoiliar moduan lan egin nahi badu, oso ondo, baina haren aukera izan dadila; eta izan dezatela aukera ikasteko eta egoitzetan lan egiteko ere.
Leave a Reply