Leire Narbaiza
Aurrekoan, ostiral iluntze batean, azken orduko erosketa bat egitera joan nintzen auzoko supermerkatura. Dendaren ateen ondoan, neskatila talde bat ikusi nuen, litxarreria poltsak eskuetan, zutik, aspertu itxurarekin. 13 bat urte izango zituzten, eta nire nerabezarora eroan ninduen ikusitakoak, anbulatorioko parkean pipak jaten ematen genituen arratsalde luze eta hotz haietara, zerbait gertatuko zitzaigulakoan, esperoan; etxera joan nahi ez, zeozer interesgarria pasatuko zelakoan, pasatu behar zelako, arrats horretan ez bazen, hurrengoan, adin horretan denok dakigulako pasadizo miresgarriak bizitzeko geundela parke triste hartan, nerabezaroa horixe baita: etortzeko dauden gertakizun miresgarrien promesa.
Neska kuadrilla ikusiteak, esan dudan moduan, edade horretara teletransportatu ninduen, nire bizipenetara, eta haien azalean sentitu nintzen. Pipa-jan etengabe hartan, itxaroten egonda, hezetasun eta asperduraren artean, giza-kondizioaz asko ikasten da, orduan momentuan kontziente ez bagara ere. Gainera, une horietan sortzen dira lagun-harreman asko, ez denak, ezta beti onenak ere. Askotan hartu-eman bereziak eta bizitza guztirakoak eraikitzen dira parkeko bankuetan eserita, pipa-lana egin bitartean. Baina talde horietan, laguntasunaz gain, pertsonok izan genitzakeen profilak ere ikasten dira, kuadrillak azken finean gizarte txikiak baitira, sozietatearen isla hutsa. Gaztetxoen multzoetan ere hierarkia existitu egiten da, eta esango nuke beti daudela liderraren rola eta haren akolitoena. Auzoko supermerkatuko atean zeudenen artean ere ikusi nuen nor zen, eta horrek ere anbulatorioko parkeko sasoietara eraman zidan oroimena. Lider hori, nahi duena egiten duena; diktadore txikia, ohituta dagoena bere burutaldi guztiak egitera, lidertza naturala balu legez, artalde otzan baten kapitain buruloka apetatsua. Taldeko erabakiak hartzen ditu, de facto boterea daukalako, inork zergatik ez dakien arren. Onartu eta baztertzeko gaitasun miragarria du.
Aitatutako neskato horien lagun taldeak ez dakigu zenbat iraungo duen; ez dakigu zenbat benetako adiskide eragingo dituen; ez zenbat ikusezintasun. Nik, gutxienez, opa diet lagun min bat betiko, eta beste lagun batzuk bizitzako une puntualetarako. Guztiaren gainetik, baina, lagunarte zintzoa desio diet, liderrik gabekoa, abaroa eskainiko diena, eta kritika suntsitzailerik zuzenduko ez diena, diren modukoak onartzen dituelako, ulertu eta entzungo dien adiskide taldea, barre egiteko eta asaskatzeko, amorruak lasaitzeko, negar egiteko, haserreak baretzeko, ondoezak elkarbanatzeko, errespetuz eta konfiantzaz. Nik lortu dut, eta pandemiak eman dit, piparik jan barik, hotza pasatu gabe. Babesteko txokoa, ahalduntzeko espazioa lortu dut. Gaizki-ulertuak ondo konprenitzeko, munduari nire begiekin eta besteenekin begiratzeko, ikuspuntua jiratzeko. Algara, malkoa eta oihua; emozioa, kezka eta amorrua; zoriontasuna, nekea eta babesa. Ni neu naizen lekua. Ni neu izatea ahalbidetzen didan espazioa, eusleku paregabea.
Eskerrik asko hor egoteagatik, lagunok, zuek barik pandemia eta bizitza askoz gogorragoa zatekeelako! Zenbat berraragiztatze behar ote ditugu amestu ditugun plan guztiak egiteko?
Leave a Reply