Imanol Saiz
Etxetik bazkaria edo afaria eskatzea erosoa izateaz gain, “etikoagoa” izango da aurki Bidasoa inguruan. Erabat normalizatuta dagoen orain arteko banaketa zerbitzuari 360 graduko bira bat emateko pausoa eman du Bidasoko Badoa kooperatiba berriak. Banaketa zerbitzu “etikoa eta iraunkorra” eskaintzeko “oso egitasmo berezia” sortzen ari dira, eta Irunen, Hondarribian eta Hendaian (Lapurdi) ekingo diote bideari.
Multinazional handietako langileen “prekaritatearekin” eta horien jardunak “ekologian eragiten dituen kostuekin” oso kezkatuta dagoen lagun talde batek sortu du kooperatiba. “Azken urteetan eta bereziki pandemia heldu zenetik, asko hazi da banaketa mota hori, eta ezin da sostengatu, galkorra da erabat. Hemengo ekonomia sustatu behar da, alternatibak bilatu behar dira”, azaldu du Badoa kooperatibako kide Nestor Urangak.
Lehenik eta behin, “langileen duintasuna bermatzea” da kooperatibaren xedea. Horretarako, ordu bakoitzeko diru kopuru bat jasoko dute denek, eta ez banaketa bakoitzeko diru kopuru bat. “Horrelako enpresetan ez dute fitxatzen. Ez dute soldata duinik, ez eskubiderik. Hemen, aldiz, denok berdin kobratuko dugu, langilearen duintasuna lehen lerroan jarri behar baita”. Gaineratu duenez, kooperatibaren helburua ez da etekinak lortzea, “langile guztien ongizatea bermatzea” baizik.
Pandemia garaian biral bihurtutako argazki bat jarri du Urangak adibide modura: emakume bat ageri da, trenean, seme-alabekin batera, soinean banaketa kutxa horietako bat daramala. “Lotsagarria da, horrelako asko ikusi ditugu azkenaldian; pentsa zein prekarioak izan daitezkeen lan horiek”.
“Ekologikoa” izatea. Hori ere bada kooperatibaren helburu nagusietako bat, “banaketa zerbitzu garbia” erabiliko baitute, “eta ohikoak baino seguruagoa” izango dela ziurtatu du Urangak. Hala, bizikleta elektriko bidez egingo dute banaketa hiru udalerrietan, eta ez edonolako bizikletekin. Bigarren eskuko bizikletak biltzen ari dira, eta buru-belarri ari dira horiek egokitzen eta konpontzen. Ondoren, motor bana jarriko diete bizikletei. “Bizikleta duinak nahi ditugu, baina guk eginak, berrerabiliak. Autoekin edo motoekin alderatuta, bizikleta bidez eraginkorragoa da banaketa; kutsadura minimoa da horrela. Eta herrietan barrena azkarrago mugituko gara”.
Abantaila hori ere izango du Badoa kooperatibak, “kudeaketa eta ibilbideen optimizazioari esker” eraginkortasunean hobera egingo duela baitio Urangak. Coopcycle softwarea erabiliko dute herritarrek eskaerak egiteko, eta, kooperatibako kidearen hitzetan, “banatzaileen arteko koordinazioa” erraztuko du horrek, eta ibilbideak optimizatuko ditu. “Banatzaile batek punta batera eraman behar badu eskaera bat, eta besteari ondoko leku batean tokatzen bazaio, gertuen duenak eramango ditu biak”. Sistema horren arrakasta “langileen soldata ereduan” dagoela nabarmendu du Urangak.
Apiril erdialdean, martxan
Dagoeneko Irungo eta Hondarribiko zenbait tabernarekin lanean hasteko prest daudela aurreratu du Urangak, eta haien asmoa apiril erdialdean hastea dela. “Pixkanaka” hasiko direla aitortu du, hasieratik proiektua “ahalik eta organikoena” izan dadin nahi baitute. “Beharren arabera moldatuko dugu, bai banatzaileen kopurua eta baita taberna eta jatetxeena ere”. Alde horretatik, “janari banaketatik harago” ere joateko asmoa dutela aurreratu du. Aldizkari bat banatzen hasiko dira aurki, eta etorkizunean bestelako produktuak ere irundarren, hondarribiarren eta hendaiarren etxeetara eramateko prest daude. “Azken milia izeneko teknika baliatu nahi dugu; edonolako banaketak”.
Finean, “sinbiosi” moduko bat lortu nahi dute. Izan ere, pandemiak gogor astindu duen sektore bat lagundu nahi dute, alde batetik; langileak “duin” ariko dira, beste alde batetik; eta herritarrek etxean jasoko dute hori guztia —janariaz gain, noski—. “Gero eta jende gehiagok du horrelako zerbitzu prekarioak ez erabiltzeko kontzientzia. Taberna baten irudia zikintzen du banaketa enpresa handi horien eranskailuak, eta askok hori kontuan hartuko dutela uste dut”.
Urangak azaldu du proiektua biribiltzeko BDS Koop eraldaketa fabrikarekin “lanketa handia” egin dutela azken hiru hilabeteotan. Diru bilketa bat hasi dute orain, “proiektuari azken zertzeladak emateko”. Guztira, 4.000 euro biltzea da asmoa. Badoa.eus webgunean egin daitezke donazioak; 5 eurotik 50 eurora artekoak izan daitezke.
Leave a Reply