Miren Garate
Ibaiak eta ibaiadarrak kontuan hartuta, 886 kilometro dituzte Gipuzkoako ibai arroek. Horietatik 193 kilometro dira irisgarriak arrain espezie migratzaileentzat —%22—. Oztopoak daudelako: 2017an egindako inbentario baten arabera, 784. Sedimentuen eta mantenugaien garraioa aldatzen edo geldiarazten dute horiek; emariak murrizten dituzte, edota erregimen hidrologikoa aldatzen dute. Era berean, ibaian bizi diren organismoen goranzko eta beheranzko migrazioei eragiten diete. Egoerari aurre egiteko, 2035era bitarteko plan bat prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako oztopoak iragazkortzeko plan gidaria izenekoa. 228 oztopotan esku hartzeko asmoa du, eta helburua da amaiera datarako 626 kilometro izatea irisgarriak: luzera osoaren %70, hain zuzen.
Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako foru zuzendariaren esanetan, batez ere giza jarduerak sortutakoak dira gaur egun dauden trabak: “Adibidez, saltoak egin dira, zentral hidroelektrikoek ibaietatik energia lortzeko, edo jendeak hesiren batzuk edo harriak jarri izan ditu, putzu artifizialak sortzeko. Urteekin gehituz joan dira oztopoak, eta horregatik daude hainbeste dagoeneko”. Planean aukeratu dituzten oztopoetatik 116 gaindiezinak dira migrazioetarako: ia erdiak, alegia; 51k “zeharkagarritasun moderatua” dute, eta gainerako 61 oztopoak berez gainditzeko modukoak diren arren, “metatze efektuak” oztopatu egin dezake aukera hori.
Gipuzkoan, izokinen familiakoak, amuarrainak eta aingirak dira espezierik ohikoenak ibaietan. Ibai berean eta haren adarretan barrena ibiltzen dira; alde batetik, elikatzeko, eta, bestetik, ugaltzeko. Ibaien eta ibaiadarren arteko iragazkortasuna hobetuta, ahalik eta eremurik zabalenera iristea da helburua. “Ingurumen kontu bat da. Arrainen fauna ahalik eta ondoen egotea nahi dugu, hori ere badelako ibaiaren osasunaren adierazle bat. Ibai batek ez badu inolako oztoporik, arrainek modu naturalean igo eta jaitsi nahiko dute”. Ibaietan oztopoak egoteak ez du ezinbestean esan nahi ibai hori zikina dagoenik, “Baina batere oztoporik ez egoteak asko hobetzen du uraren kalitatea”.
Irtenbiderik egokiena “oztopoak guztiz kentzea” izaten den arren, Ramosek azaldu du ez dela kasu guztietan posible izaten: esate baterako, erabilera hidroelektrikoagatik, arazo geoteknikoengatik edo guneak duen kultur edo ondare balioagatik. Halakoetan, arrainek beste baliabide batzuk erabili ohi dituzte oztopoak gainditu ahal izateko: “Eraiste partzialak, arrapalak, alboko kanalak, dikeak, esklusak, igogailuak… Teknika asko daude”.
Gipuzkoako sei ibai arroak biltzen ditu planak —Urumea, Oria, Oiartzun, Bidasoa, Urola eta Deba—, baina alde handiak daude batzuen eta besteen egoeraren artean. Oria da oztopo gehien duen arroa, industrializazioak haren inguruan izan duen eraginagatik, baina duela urte batzuetatik izokinak Andoaineraino iristen dira, eta Leitzaran ibaiadarrean gora egiten dute. Traba gutxiago daude Deba ibaian, baina konplexuagoak, eta 38 oztopotan esku hartuko duten arren, irisgarritasuna %45ekoa izango da 2035ean ere. Bidasoa ibaia dago beste muturrean, haren kilometro guztiak irisgarriak izango baitira plana amaitzean. “Batezbestekoa Debak jaisten digu, baina, bestela, ibai guztietan %70etik gorakoa izango da irisgarritasuna”.
Hiru fasetan banatuta
Hiru fasetan gauzatuko dute plana: 2020-2023ko aldian, 48 oztopotan esku hartuko dute, eta proiektua eginda dutenak eta exekutatzeko prest daudenak sartuko dituzte fase horretan; 2024-2029ko aldian izango da bigarren fasea, eta tramite administratiboengatik-eta zailtasun handiagoa duten 63 oztopori aurre egingo diete orduan; azkenik, 2030-2035eko aldiak 44 oztopo bilduko ditu: traba teknikoagoak, administratiboak, ondareari lotutakoak eta abar dituztenak. 8,5 milioi euroko aurrekontua du planak. “Obra hauek gauza on bat dute: segituan igartzen dira egindako lanen emaitzak; obra egin eta egun edo aste batzuetara ikusten dira arrainak ibaian gora igotzen”.
Inbentarioan bildutako 399 oztopotan ez dute ezer egingo, horiek dauden ibai tarteak jarduketa eremutik kanpo uztea erabaki dutelako, teknikari, ingurumenari eta administraziori lotutako arrazoiengatik. Gainerako 157 oztopoak, berriz, dagoeneko iragazkortuta daude, edo ezer ez egitea hobetsi dute, haien eragina “oso txikia” delako. Aplikazio bat ere sortu du aldundiak, 2000. urtetik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak ibaiak iragazkortzeko egindako jarduera guztiak ikusteko: www.gipuzkoa.eus/eu/web/obrahidraulikoak da helbidea.
Leave a Reply