Miren Garate
89 udalerri izango ditu laster Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Villabona-Amasako Udalak ere mankomunitatean sartzea erabaki baitu. Maiatzaren 29an izango da Uemaren batzarra, eta orduan gauzatuko da izendapena. Euskara zinegotzia da Xabat Laborde EH Bildukoa (Villabona-Amasa, 1984), eta, haren ustez, herria berreuskalduntzen jarraitzeko politika “eraginkorragoak” egiten lagunduko die Uemako kide izateak.
Asteartean egindako osoko bilkuran onartu zenuten Ueman sartzeko eskaera egitea. Nondik nora etorri da erabaki hori?
Herri euskaldunagoei bideratutako politikak eta planak martxan jartzeko helburua dugu, eta iruditzen zitzaigun tokatzen zaigula Uemako kide izatea. Kide izateko, Uemak jartzen duen baldintza da herritarren %70etik gora euskaldunak izatea, eta hori ere betetzen dugu. Berez, iazko azaroan ginen sartzekoak, baina hilabete batzuk atzeratzea erabaki genuen, COVID-19agatik beste lehentasun batzuk zeudelako orduan, eta gai honi duen garrantzia eman nahi geniolako.
EAJko bost zinegotziak abstenitu egin ziren astearteko bozketan, eta PSE-EEkoak aurka bozkatu zuen. Zer iruditu zaizue?
Saiatu gara kontsentsua lortzen. Benetan adostasun zabala behar lukeen urratsa da, eta tristea da, baina ezin izan dugu lortu. Egoera ez da guk nahiko genukeena. Aurreko agintaldian ere [EAJk izan zuen alkatetza], oposiziotik, eskatu genuen Ueman sartzea, baina ez zegoen haren lehentasunen artean. 2015eko udal hauteskundeetan jada aipatu genuen gure helburua hori zela, eta 2019ko hauteskunde programan ere jaso genuen puntu hori.
30 urte bete ditu Uemak, eta duela 30 urte onartu zuen Villabona-Amasako Udalak euskararen erabilera normalizatzeko lehen ordenantza. Orain, Ueman sartuta, “politika ausartagoak” egiteko aukera izango duzuela aipatu izan duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
Galtzaundi eskualdeko euskara elkarteak ere 30 urte betetzen ditu, eta, urteurren horiek kontuan hartuta, data biribila iruditzen zitzaigun Ueman sartzeko. Orain arte, Uematik kanpo, hizkuntza politika bat garatu dugu, baina eraginkorragoak izan nahi dugu. Esate baterako, askotan elebitasun orekatu baten bila joateko joera egon ohi da administrazio publikoetan, eta beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako jardunei buelta batzuk ematea. Uemako kide izateak lagun gaitzake herrian jarduten duten beste administrazioei ere euskarazko arreta berma dezatela exijitzen.
Udalak euskalduntzeko nahiz udalerriak euskalduntzeko zerbitzuak ematen ditu Uemak. Zer helburu dituzue batean eta bestean?
Udala eta haren jarduna euskalduntzeko arloan nahiko aurreratuta gaudela esango nuke. Orain langile guztiak euskaldunak dira, euskarazko arreta bermatuta dago, eta barne funtzionamenduan euskaraz egiten dira aktak eta abarrak. Garrantzi handiagoa ematen diogu herria berreuskalduntzen jarraitzeko daukagun lanari. Ezagutza maila nahiko handia dugu, baina erronkarik handiena, dudarik gabe, erabileran daukagu.
Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako kale neurketaren arabera, Villabona-Amasako euskararen kaleko erabilera %36 ingurukoa da. Ezagutzaren eta erabileraren artean badago aldea.
Azken neurketan jaitsiera bat ikusi zen kale erabileran, eta ez gaude pozik datu horrekin. Hamarkadetan erabilera eta ezagutza biak joan dira gora, baina azken neurketan joera aldaketa bat ikusi zen. Horri heldu behar diogu, goranzko joerara itzultzeko.
Neurketaren arabera, haurrak eta gazteak dira herrian euskara gehien erabiltzen dutenak. Harritu zaituzte horrek?
Euskararen ezagutza %100ekoa da haurren eta gazteen artean, hezkuntza sistemak hori bermatzen digu. Alabaina, nahiz eta guztiak euskaldunak izan, gazteek gaztelaniaz aritzeko joera dutela ikusten dugu; batez ere, erdigunean eta kuadrilletan. Azken batean, argi geratzen da ezagutzak bakarrik ez duela bermatzen erabilera, badaudela beste faktore batzuk, sozialak gehienbat, gaztelania erabiltzea eragiten dutenak. Gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina gazteen artean ere beherakada nabarmena izan da, eta horrek kezkatzen gaitu. Hezkuntza zentroekin, guraso elkarteekin eta abarrekin lanean jarraitu behar dugu euskararen erabilera berreskuratzeko.
Euskaran ados izeneko mahaia duzue herrian. Zein da haren funtzioa?
Mahai parte hartzaile bat da, eta udalaren euskara politika mahai horretan definitzen saiatzen gara. Gure nahia da mahai horri erabakitzeko ahalmena ematea, ez izatea kontsultarako bakarrik. Herriko hainbat taldek, Galtzaundikoek, hezkuntzako ordezkariek eta abarrek parte hartzen dute mahaian. Gaur egun, euskara sustatzeko ekintza plana definitzen ari da.
Leave a Reply