Harekin zenbait minutu egon ondoren, garbi dago nondik datorkion Armando Rocari (Balaguer, Katalunia, 1934) hain hanka azkarrak izatea. Bere bizitasuna hain da handia, edozein gairi buruz pasioz hitz egiten du. Garbi du zein den bere adinera halako sasoiarekin iristeko sekretua: “Bizitza bizitzea”.
Familiak ez ezik, bi zeregin nagusik bideratu dituzte eta bideratzen dituzte haren pausoak: arkitekturak eta atletismoak. Ahaztu gabe bere aberriari dion begirunea. “Etxean seme-alabei katalanez egiten diet, nire emazteak euskaraz, eta emazteak eta biok gaztelaniaz hitz egiten dugu”. Euskara ulertzen badu ere, ez du hitz egiten, eta, gaztelaniaz ari denean, katalanaren doinua sumatzen zaio.
Atletismoa izan du bizitzako ogibideetako bat. Ez alferrik, txikitatik ikusi zen bizkorra zela. “Nire jaioterriak plaza handi bat du, eta han ibiltzen ginen jolasten. Harrapaketetan ni harrapatzen ninduten azkena”. Bartzelonara ikastera joan eta gutxira, 100 metroko lasterketa batean parte hartu zuen. Hasiberrientzat zen; erraz irabazi zuen, eta marka ezarri. Horrek atletismoaren ateak ireki zizkion.
Ez zen bide erraza izan, espetxean izan baitzen Roca. “1956an, Errusiako tankeak Budapesten sartu ziren, eta unibertsitate giroan protestak izan ziren segurtasun indarren aurka. Horietako batean harrapatu ninduten, eta kartzelara eraman”. Atletismoak atera zuen espetxetik: “Nire entrenatzaileak Espainiako kiroletako agintari bati, Jose Antonio Elolari, esan zion 100 metroetako Espainiako marka nuela nire hanketan”. Eta halaxe gertatu zen. Bi urte geroago, 1958an, Lisboan egindako proba batean parte hartu zuen Rocak. 10,7 segundo egin, eta Espainiako marka berria ezarri zuen. Lasterketa amaitutakoan, gogoan du Elolak, kiroletako buruzagiak, harmailetatik jaitsi eta nola esan zion bere entrenatzaileak esandakoa bete egin zela.
Hortik aurrera, Madrilera joan zen beka batekin, eta Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari ziren kirolariekin bizitzen hasi zen. “Dena ordaintzen zidaten, unibertsitate ikasketak ere bai. Nire familiari esan nionean ez zutela dirurik bidali behar, horrela behintzat aurretik kendutakoa zerbait itzuliko zela esan zuen nire izeba-amonak”. Familiakoak ostalaritzatik bizi ziren, eta ohikoa zen gobernukoek dirutza kentzea isunak jarriz. 1959an, Rocak bere denbora onena hamarreko bat jaitsi zuen —garai hartan ez ziren ehunenekoak zenbatzen—, 10,6 eginez, eta Albarranek zuen Espainiako marka berdindu zuen.
Aukera izan zuen Erromako Olinpiar Jokoetara joateko ere, baina ez zuen lortu, “azkarrarena” egiteagatik. “Ikasle egoitzan hiru oilar geunden batera logelan. Soldaduska ez egiteko, luzapena eskatu behar izaten genuen, baina urte horretan pentsatu genuen ez zela beharrezkoa izango, Olinpiar Jokoetarako hasierako hautaketan aukeratu gintuzten eta. Bada, armadakoak etorri ziren, eta hirurok instrukzioa egitera eraman gintuzten. Han sasoia galdu genuen”.
Madrildik Tolosara
Atletismoak ekarri zuen Roca Tolosara. Espainiako selekzioarekin Berazubiko estadioan egiten zituzten prestaketa saioak, bi edo hiru astez. Egun horietan Cielo Grande izeneko hotelean egoten ziren atletak, eta han ezagutu zuen Rocak bere emaztea, jabeen alaba baitzen. 1963an, Arkitektura ikasketak amaituta, Tolosara itzuli, eta ezkondu egin zen.
Euskal kulturak eta izaerak interesa piztu zioten Rocari, eta Oteiza, Txillida eta Basterretxearen eragina jaso zuen. Horrekin lotuta, biziki gogoan du Tolosan ikastola bat egiteko proiektua, azkenean gauzatu ez zena: “Eskatu nion Basterretxeari zirkulu bat hartzeko eta hori husteko. Ikastola egin behar zeneko planoa eman nion, hartu zuen zirkulua eta pusketatan zatitu zuen. Ez zen ezer ikusten, baina elkar ulertzen genuen, eta hark egindakoan oinarrituz garatu nuen proiektua”.
Arkitekto gisa hainbat lan egin ditu: etxebizitzak, eskolak, lantegiak… Ezagunenetakoa Tolosan dauden Sputnik etxebizitza dorreak dira. Le Corbusier Marseillako Gela Unitatearen ideian oinarritu zen horiek egiteko. “Kezka sortzen zidan etxebizitza eraikinetan jendeak elkar ez ezagutzeak. Horregatik, duplexak egin nituen, altuera berean lau batera; etxebizitzetara joateko korridore bera dute, eta hori guztiena den terraza batean amaitzen da. Horrela, bizilagunek terrazan elkar topo egiten dute”. 1970ean egin ziren, eta garai horretako eraikin altuenetakoak ziren Gipuzkoan.
Atletismoaren arra ez zen desagertu, eta Roca beteranoen txapelketetan parte hartzen hasi zen. 1984an iritsi ziren lehen lorpenak: Europako Txapelketan bigarrena izan zen 100 metrotan eta hirugarrena 200 metrotan. Hurrengo urtean, Munduko Txapelketan bigarrena izan zen 100 metrotan. Ordudanik, hainbat podiumetan egon da Europako Txapelketetan, eta tartean garaipenak eskuratu ditu. Askotan irabazi ditu Espainiako Txapelketak ere. 2000n, 66 urterekin, bere adin tarteko munduko marka ezarri zuen 100 metrotan: 12,65 segundo. Tolosako kirolari onenaren saria ere jaso du.
Rocak ez daki geldirik egoten. Orain urtebete erretiratu zen, baina tarteka alabari laguntzen dio —arkitektoa da hura ere—. Eta buruan baditu ideiak, Txillidaren urteurrenerako eta Donostia 2016 egitasmorako. Atletismoan, aurten munduko hirugarrena izan da bere mailan 60 metrotan, eta, hemendik gutxira, 100 metrotan 14 segundotatik jaitsi nahi du, munduko marka lortzeko. Oso garbi du: “Bizitza ilusioz bizitzen baduzu, kuriositatea baduzu eta irekia bazara, bizitza bizitzea zoragarria da”.