Jon Miranda
Zizurkilgo kirolaren historia aztertzeko eta herriko gizon- emakumeen kirol jarduera eta lorpenak aztertzeko beka deialdia egin zuen Zizurkilgo Udalak 2019ko irailean. Irati Egibar Izetari (Zizurkil, 1999) eman zion epaimahaiak azterlana egiteko aukera, eta aurkeztu berri du azken urtebetean egindako ikerketaren emaitza.
Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari da Egibar, eta betidanik izan du interesa kirolean. “Hasieratik argi nuen kolektiboa izan behar zuela lan honek, eta herritarren ekarpenekin osatu behar nuela ikerketa”. Ezertan hasi aurretik, webgune bat sortu zuen, zizurkildarrek gaiaren inguruan esateko zutena jasotzeko (https://zizurkilgokirolariak. blogspot.com). “Jendeak parte hartzeko gogoa erakutsi du, eta konturatu naiz sekula eteten ez den katea dela hau. Urtebeteko azterlanaren ostean, honaino iritsi naiz ni, baina uste dut aurrerantzean denon artean osatu beharko genukeela lan hau”.
Kirolak Zizurkilen urteetan izan duen bilakaera aztertzeko deia egin zuen udalak, eta Egibarrek Teodoro Mujika herritarrarengana jo zuen garai bateko kirolarien bilketa lana egiteko: “Aspaldiko kontu ugari dakizki Teodorok, eta oso gizon jantzia da. Haren ahotik jakin nuen garai batean ia etxe guztietan zeudela bolatokiak, edota borroka greko-erromatarrak egiten zituztela plazan. Sekula ez nuen pentsatuko halakorik”.
Azterlanaren beste atal batean, kirola eta tradizioa bildu nahi izan ditu ikertzaileak. Herri kirolak pisu nabarmena izan du Zizurkilen, eta “mota askotako apustuak” egin izan dira. Gisa horretakoak “jokotzat” ditu Egibarrek, jolasetik eta kiroletik bereizita: “Niretzat, araurik eta lehiarik gabe aisialdian egiten den hori da jolasa, eta, beste herri guztietan bezala, Zizurkilen ere presente dago”. Egibarrek onartu du ikerketa lanari ekin zionean uste zuela modu informalean egiten diren herri kirolak edo apustu giroko jokoak izango zirela nagusi bere jaioterrian. “Baina ikerketa egin ahala konturatu naiz lehia helburu duten kirol ofizial arautuek ere presentzia nabarmena dutela gure herrian”.
Antolatutako elkarte dezente dokumentatu du Egibarrek: Danena txirrindularitza, atletismo eta futbol taldeak; Ziotza pilota elkartea; Peuskate eskalada taldea eta Danok-Danena halterofilia taldea. “Horiez gain, badira mendi lasterketetan edo herri kiroletan aritzen diren herritarrak ere. Aniztasun handia dago kiroletan”. Herrian dauden kirol azpiegiturak ere jaso ditu Egibarrek, eta mapa batean kokatu.
Genero ikuspegia
Urtebeteko ikerketaren ondoren, 120 bat orriko lana osatu du ikertzaileak, eta 2.000 euroko saria jaso du. Zizurkilgo hogei kirolari baino gehiago elkarrizketatu ditu; emakumeak, horietako asko: “Interes berezia nuen gai horretan”. Besteak beste, Aitziber Ibarbia (mendiko lasterketak), Lurdes Gorostegi (halterofilia), Alatzne Etxaburua (sega), Anne Maiza, Itsaso Erasun edota Janire San Sebastianekin (pilota) elkartu da. “Kirolari gisa amatasuna nola bizi izan duten kontatu didate batzuek; beste batzuk kirolaren eta gorputzaren arteko harremanaz aritu zaizkit hizketan; eta badira euren kirol ibilbidea eten behar izan dutenak ere, jarraitzeko biderik izan ez dutelako”.
Kirolari familiak ere aztertu ditu Egibarrek azterlanaren beste atal batean: “Erasundarrak edo garindarrak, adibidez. Kasu horietan, familiako kide bat baino gehiago aritzen da kirolean. Ez dakit geneak ote diren edo gurasoek seme-alabei ematen dieten heziketa den, baina azpimarratzeko moduko kasuak iruditu zaizkit”. Egibarrek, oro har, herri kirolarekin lotu du Zizurkil, eta badaki herritarren kirol jarduerak eta lorpenek jarraipena izango dutela. Horregatik, neurri batean, etorkizunerako “abiapuntutzat” du bere ikerketa lana.
Leave a Reply