Juan Luis Zabala
Realzalea izanik, ospatuko huen Realaren kopako garaipena, ezta? —galdetu zidan—. Familia giroan, lagunartean edo etxeko balkoira irtenda besterik ez bada ere…
—Ez ba. Ez naun oso ospakizunzalea eta are gutxiago futbolarekin. Ez naun batere holigana. Realzaletasuna ezkutuan eramaten dinat.
—Lotsaz?
—Ez zeukanat lotsarik Realzalea naizela aitortzeko, baina ez zaidan gustatzen horren alardea edo aldarrikapena egitea, meritu bat izatetik urrun, akats bat iruditzen zaidalako.
—Aitortzeko? Akats bat? Harro asko zeudek ba asko eta asko beren Realzaletasunaz! Zergatik iruditzen zaik akatsa?
—Neurri batetik gorako Realzaletasuna, eta nirea halakoxea dun, neure borondate arrazionalaren kontra bada ere, neurriz kanpokoa, Realzaletasun sutsu eta itsuegia, are gehiago horri Athleticfobia izeneko gaitz probintziakeria gehitzen zaionean, ez dun batere arrazoizkoa, eta bizi garen mundu honetan, hainbeste arazo ditugunean, pertsonalak zein kolektiboak, lotsagarria ere iruditzen zaidan, bidegabekeria, errespetu falta… Premia larriak dituen gizarte batean hainbesteko dirutza mugitzen duen klub edo erakunde bat txalotzea, gaur egungo futbolaren testuinguru ustelduan gainera…
—Arrazoiaren gainetik zegok, ordea, Realzaletasunaren sentimendua.
—Bai, txikitatik jasotako sentimendu tribal hori, gero inguruak eta hedabideek indartua… Kopa honen atarikoak zentzugabekeriaren mutur arriskutsuetaraino iritsi ditun kasu askotan. Eta horrekin sakonean, neure barruan, bat egiten dudala sentitzeak lotsarazi egiten nain.
—Baina bat egiten duk. Heure barruan. Heuk esan duk oraintxe.
—Erdi ezkutuan. Realzalea naizela esanez baina aldarrikatu gabe, suhartasun itsurik gabe. Esan ere ez ninan egiten garai batean, baina gero pentsatu ninan esateak sendatzen lagunduko zidala.
—Sendatzen?
—Nire Realzaletasuna neurri zentzuzko batera murrizten.
—Ez hago burutik sano.
—Horixe esaten ari naun.
—Ba nik, psikologoa banintz, Realak partida daukanean Realaren elastikoa jantzita kaleratzea gomendatuko nikek. Gomendatu ez, errezetatu. Eta partidak, orain estadioan ezin denez, zaleen artean ikustea tabernetan, epailea madarikatzen Realaren aurkako erabakiak hartzen dituenean.
—Holigan bat izatea?
—Holigana bahaiz dagoeneko. Egin behar duana duk holigan hori askatu, atera dadila hire barru uzkurtu horretatik eta egin dezala oihu lau haizeetara.
—Imanol Alguacilek bezala?
—Horixe bera. Egin oihu nirekin —oihuka—: Erreala ale…! Irabazi arte…!
—Erotu egin al haiz?! Ixo, mesedez!
—Bestela ez haiz sendatuko, motel!
—Holigan oihulari bat izateari sendatzea deitzen dion? Holigan oihulariak izurritea ditun, pikorta bat gizartearen ipurdian.
—Disimuluak gaixotu eta gaiztotu baino ez dik egiten holiganismoa.
—Akaso arrazoi daukan…
—Probatu, probatu…
—Probatu… zer?
—Imanolek bezala oihukatzea.
—Orain? Hemen?
—Bai ba. Aurrera!
—Ados —zalantzakor—. Erreala ale… Irabazi arte…!
—Fuerteago, motel! Askatu hadi, eta askatu barruko holigana!
—Erreala ale…! Irabazi arte…! Beti egongo gara zurekin…! —lehen baino indar pixka bat gehiagoz.
—Fuerteago…!
—Erreala ale…! Irabazi arte…! Beti egongo gara zurekin…! —fuerteago, gero eta fuerteago—: Erreala ale…! Irabazi arte…! Beti egongo gara zurekin…! Erreala ale…! Irabazi arte…! Beti egongo gara zurekin…!
Leave a Reply