Aizpea Amas Agirre
Asterix eta Obelixen Galia balitz bezala, musaren inperioaren aurrean eusten dio oraindik ere truk jokoak Oiartzualdean eta Bidasoan. Oiartzun da trukaren erreinua, baina Irunen, Lezon, Hondarribian eta Errenterian ere badira zaleak.
Ez dago oso argi non sortutako jokoa den truka. Tito Labordeta Lezoko Tiñelu elkarteko kidearen ustez, garai batean, baserri giroan, ohitura handia zegoen kartetan aritzeko: punttuan, musean… eta, zenbait tokitan, baita trukean ere. “Badirudi usadio hori belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan dela, gaur egunera arte”.
Haren seme Urtzi ere ibili da trukari buruz informazioa bilatzen. Behin, sarean nabigatzen ari zela, 1897ko adibide bat topatu zuen: Jean Baptiste Elizanbururen Lau andren besta olerkian; protagonistak trukean ari dira, eta askok entzuna izango duten Herriko festak kantuan biltzen dira estrofa horiek. Beraz, duela ehun urte baino gehiago ere bazen truka.
Txapelketek bultzada eman diote trukari, eta horri buruz zer edo zer badaki Labordeta aitak, 25 urte egin baititu asteburuero txapelketak antolatzen Tiñelu elkartean: “Duela berrogei urte inguru hasi ginen, Lezoko gazteen artean trukean jokatzeko ohiturarik ez zegoela eta”. Belaunaldi askotako jendea biltzen zen elkartean, eta helduak gazteei irakasten hasi ziren. Gerora etorri ziren txapelketak, bata bestearen erreskadan, hutsik egin gabe.
Azken urteetan, ordea, transmisioa eten egin da berriro Lezon, eta hasierako egoerara itzuli dira: gazteek ez dute trukean jokatzen. Horren jakitun, Urtzi semeak hartu du lekukoa orain. Duela bost urte truk ikastaro bat antolatu zuten, eta espero zuten arrakastarik izan ez zuela-eta, Zeorri! herri aldizkarian trukari buruzko artikulu bat argitaratu berri dute, karta jokoa zer den eta nola jokatzen den azalduz. Bideo tutorial bat ere argitaratu dute Youtuben. “Orain, COVID-19arekin, ezin da egin gauza askorik, baina aurrera begira polita litzateke gazteak berriro trukean jokatzen ikustea”, esan du semeak.
Irunen ere lepo beretik dute burua. Salva Aginagalde Irungo truk jokalariak azaldu duenez, zaharrenek eusten diote tradizioari, baina gazteek, ez: 30-40 urtetik behera transmisioa moztu egiten da. Aginagaldek iritzi dio gazteen ohitura aldaketengatik gertatzen dela hori, “bideo jokoetan-eta aritzen direlako”. Hori bai, 30-40 urtetik gorakoen artean “afizio handia” dago. Izurritearen aurretik, asteburuero antolatzen zituzten txapelketak Arbes eta Anaka auzoetan, eta herriko zenbait tabernatan. Hondarribian, jada, lehiaketarik ez da antolatzen, eta Irunera joaten dira jokalariak.
Dena den, nonbait izatekotan, trukak Oiartzunen izan dezake etorkizuna: zahar-gazte, ez du adinik. “Beste toki batzuetan musean bezala, Oiartzunen trukean aritzen dira”, esan du Asier Retegi Euskal Herriko Truk Txapelketaren antolatzaileak. Izan ere, herriko lehiarekin nahikoa ez, eta Euskal Herriko Txapelketa antolatzera iritsi ziren Oiartzunen; hiru aldiz, gainera: 2015ean, 2016an eta 2019an. Helduagoak familian bezala, gazteak euren artean jokatuz zaletu direla azaldu du Otegik. Haren kasuan, 15-16 urterekin kuadrillari irakasten hasi ziren, eta, praktika hartu zutenean, txapelketetara jauzi egin zuten. Pandemiaren aurretik auzo guztietan izaten ziren partidak asteburuero, baita herriko jai eta ospakizunetan ere. “Orain geldirik daude txapelketak, baina berriro itzuliko dira, ziur”.
Emakumeak, tokia eginez
Txapelketak bertan behera geratu arren, familian jokatzen jarraitzen du Irati Gaztelumendi Azkue lezoarrak, handik baitatorkio afizioa. Denboran atzera eginda, birraitona ere aritzen omen zen trukean, XIX. mende amaieran. Ahizparekin batera hainbat txapelketatan parte hartu izan du Gaztelumendik, baita bat irabazi ere: 2016an. Izan ere, horretan badu antzekotasuna musarekin: batik bat, gizonak aritzen dira jokoan. “Hasieran, lotsa nuen txapelketetan parte hartzeko, baina, behin jauzia egitean, eroso aritu izan naiz”. Trukean jokatzera “gero eta neska gehiago” animatzen ari direla esan du lezoarrak.
Leave a Reply