Hamabost urte dira aurten Alaitz eta Maider musika taldeak lehen diskoa atera zuenetik. Euskal Herri osoan oihartzun handia lortu zuen haien musikak. Trikitia eta pop-rocka uztartuta, belaunaldi baten ikurretakoak izan ziren 1990eko eta 2000ko hamarkaden aldaketan, eta hainbat plaza, erromeria eta herri girotu zituen Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegi oiartzuarren musikak. Gaur egun, beste esparru batzuetan jarraitzen dute trikitilari haiek. Lazkaon bizi da, esate baterako, Alaitz Telletxea (Oiartzun, 1976).
Musikari garaietako oroitzapenak hitz goxoekin jaulki ditu Telletxeak. “Alaitz eta Maider taldean genbiltzanean ez nuen sentitzen lanera joaten nintzenik. Niretzat plazera zen jotzera joatea, eta beti horrela sentitu izan nintzen. Horrek ez du esan nahi beti ondo pasatu nuenik, denok izaten ditugu tristealdiak eta horrelako garaiak; baina, aldi berean, terapia bat ere bazen, deskonektatu egiten nuen. Ez dut lan moduan bizi izan”, gogoratu du.
Goiztiar hasi ziren Telletxea eta Zabalegi trikitilari bikote moduan, 14 urterekin, 1989ko txapelketa batean. Lehenbiziko maketa bi urte geroago atera zuten, eta bigarrena, 1995ean. Handik gutxira, Euskal Herri osoan ezagun egingo zituen diskoa atera, eta bizimodua aldatu zitzaien. Denera, hiru disko argitaratu zituzten: Alaitz eta Maider (1997), Inshala (1999) eta Auskalo (2002). Agurreko kontzertua 2004ko abenduaren 18an jo zuten, Oiartzun jaioterriko Elorsoro kiroldegian.
“Txiki-txikitatik nahi nuen trikitilari izan. Lehengusuak soinu txikia jotzen zuen; nire bi ahizpek, handia. Nik garbi neukan soinu txikia nahi nuela. 9 urterekin oparitu zidaten gurasoek. Bestela, familia giroan ere bazen musika zaletasuna: ama eta izebak irrintzika, osaba kriskitinekin, beste osaba bat panderoarekin, ahizpak soinuarekin, lehengusua trikitiarekin… Bazkarietan musika festa izaten genuen”, esan du Telletxeak. Zabalegirekin batera, hain zuzen, afarietan hasi zen jotzen, aurrena.
Txapelketa gustatu ez
Duela hogeitaka urte ohikoa zen bezala, txapelketak izan zituzten aurrenekoetariko plazak. “Lehena, haur kantu txapelketa batean parte hartu genuen, Maiderrek eta biok eta beste zazpi neskak. Soinu-panderoekin, Zaldibarren [Bizkaia] aritu ginen lehiaketa batean, baina konturatu ginen ez zela gurea. Hango seriotasuna, jendea eserita…”. Finalaurrekora iritsi ziren txapelketa hartan; baina lehena eta azkena izan zen. “Afarietan eta festetan ibiliko ginela esan, eta ez genuen berriz parte hartu”.
Txikitandiko lagunak dira Telletxea eta Zabalegi. “Herriko lagunak gara, eskolan gela berean ibiliak, eta kuadrillakoak. Elkar oso ondo ezagutzen dugu, eta asko maite dugu elkar. Askotan, keinu batekin jada badakigu bakoitzak zer sentitzen duen, zer esaten duen…”, dio Telletxeak. “Gero, zortea eduki dugu, etxean izugarrizko konfiantza eduki dutelako gurekin. Orain pentsatzen jarrita, 16 urterekin nola ibiltzen ginen batetik bestera… Ez genuen gidabaimenik. Iparraldetik-eta gure bila etortzen ziren; Ezpeletara, Sarara-eta eramaten gintuzten, eta han lo egiten genuen. Gurasoek ardura gugan jarri zuten, eta asko eskertzen diet jarrera”.
Musikari dagokionez, eztanda 1997an gertatu zen, 21 urte doi zituztela. “Izugarrizko sorpresa izan zen guretzat. Ordurako taldetxo bat bagenuen, eta jotzen ibiltzen ginen. Erromeria gehiagotan-eta pixka bat gehiago jo nahi genuen. Bat-batean, kontzertu piloarekin topo egin genuen”. Triki-pop estiloa onen-onenean zegoen Euskal Herrian. Zortedun jotzen du bere burua, han egokitzeagatik: “Guk momentu ona harrapatu genuen; ikaragarrizko harrobia zegoen. Gogoratzen naiz egin izan genituela sei orduko erromeriak: Maixak eta Ixiarrek bi ordu, Gozategik bi eta guk beste bi. Hori, egun, pentsaezina da. Sei ordu dantzan erromerian. Hori handia da!”.
Joseba Tapia izan zuten lehen diskoa ateratzeko bultzatzaile. “Konposaketaren munduan bultzatu ninduen. Kantuak sortzen hasi nintzen, eta hark lagunduta joan ginen maketa egitera. Bigarren maketa ez genuen kaleratu; Josebak entzun zuen, eta esan zigun diskoa izan zitekeela hura”. 25.000 ale saldu ziren.
Handik aurrera, zazpi-zortzi urtez, geratu gabe ibili ziren. “Gu ondoena herri txikietan sentitu izan gara. Agertoki handietan, Kilometroetan-eta, jende askorekin ere ondo. Baina, gero, toki txikietan, Abaltzisketa batean adibidez, etxean bezala, eroso eta goxo sentitu gara”. Musikari moduan, halako ibilbidea egiteko modua izatea “oparia” dela aitortu du. “Zuk egiten duzun hori jendeak entzutea, gustatzea eta kontzertuak eman ahal izatea, opari onena hori da. Diskoak grabatzea ere bai, baina egun edozeinek graba dezake. Jendeari iristea, kantuak abesten ikustea eta zuzeneko emanaldiak egitea bezalako oparirik ez da. Horrelakoetan sentitzen zara musikaria”.
Alaitz eta Maider utziz geroztik, beste talde batzuetan ibili zen Telletxea, baita musika eskoletan irakasle ere. Haur Hezkuntza ere ikasi zuen, eta, orain, “lan esperoan” dago. “Irakasletzan edo musika eskoletan ordezkapenetarako deitzen didate tarteka. Gainontzean, urte eta erdiko seme bat daukat, eta harekin gozatzen ari naiz”. Musikaren eta konposizioaren haria “deskonektatuago” du azken bi urteotan. “Hasiz gero, gauza askori egingo nioke abestiren bat: hezkuntzan eta osasungintzan egiten ari diren murrizketei, Arnaldo Otegiren inguruko erabakiei… Gaiak badaude, bai”.
Oiartzun sorlekua ez dauka ahaztuta. “Faltan sumatzen dut. Ahal dudanean joaten naiz. Lazkao asko gustatzen zait bizitzeko, baina akats bakarra dauka: Oiartzundik urrutiegi dagoela [barreak]. Bakoitzarentzat bere herria ezin da utzi”.