Txernobylgo haurrak. Harreraren norabide bikoitza

Maite Alustiza

Basoa dute ezker-eskuin. Errepide zuzen bat, eta herrixka ugari bidean. Kievetik ehun bat kilometrora dago Txernobyl ingurua, hiriburutik iparralderantz, eta han, Orane herrixka. Etxetxo indibidualak ditu, askok baratze txiki bat dute, eta hondarrezko kaleak. Txernobyl elkartearen bitartez, hainbat familiak ingurua ezagutzeko aukera izan dute, udan harreran hartzen dituzten haurren eta haien familien eskutik. Arantxa Etxeberria donostiarra da horietako bat, eta esperientzia oso on batekin itzuli da etxera: “Dena eman nahi izan digute, dena erakutsi”. Asteazkenean egin zuten bueltako bidaia; triste, baina hilabete gutxi barru berriro elkartuko direla pentsatuz.

12 urte ditu Snizhanak, eta 13 haren anaia Sheniak. Aurten ere, Etxeberriaren eta Juanjo Olaizola kidearen etxera etorriko dira udan. Seme-alabarik ez dute, eta “laguntzeko gogoz”, duela zazpi urte harrera programan parte hartu zuten: Snizhana hartu zuten lehenik, eta urtebete geroago Shenia. Etxeberriarentzat, lehen aldia izan da anai-arreben bizitokian. “Herri txiki bat da, ez dauka gauza askorik, baina beraientzako, beren herria da politena”. Haien etxean egin dute lo, eta 24 orduz egon dira elkarrekin.

Amarekin bizi dira bi anai-arrebak. Aita militarra da, eta Oranetik hamar bat kilometrora dagoen laku batean dago, kostazain lanetan. “Urtebeterako joan zen, eta oraindik ez da bueltatu”. Oiloak dituzte etxean, eta baratzean, patata, aza, tomatea…. “Gehienbat patata egiten dute; hori da haien oinarria”. Etxetik kanpo ere amak lan egiten du, baina irabazten duena gasa, argia eta ura ordaintzen gastatzen duela dio: “Hilean 1.000 hrivnia irabazten du —33 bat euro—”.

Eskola

Txikia izan arren, eskola bat dute Oranen. Etxeberriak dioenez, ordea, maiz geratzen dira haurrak joan gabe: “Batzuetan berogailurik ez dela-eta ez dira joaten, edo aurten txerri gripearekin… Neskaren gelan, adibidez, bost dira, eta mutikoarenean, sei; hiru gaixo jarriz gero, ez dira eskolara joaten”. Etxeberriak azaldu duenez, mutil gehientsuenek militar izan nahi dute: “Ez dute ikasi behar eta soldata bat dute”.

Gazteek lokal moduko batean pasatzen dute denbora. Ez dira herritik asko ateratzen: “Kievera oso gutxitan joaten dira, hiru urtean behin agian, hona etortzeko pasaportea ateratzera baino ez”. Lineako autobusean, pare bat orduko bidaia dute. “Errepideak ere ez dira onak; oso zainduak ere ez daude”. Alkohola eta tabakoa eskura dute herrian. “Hona datozenean ahalegintzen gara erakusten hemen nola bizi garen; esaten diegu ez edateko… baina gero, erabakia beraiena da. Han ere bizi egin behar da”.

Haurrak “deseatzen” daude Donostiara iristeko. Dena dute gustuko: “Hondartza, igerilekua, janaria… autoan ibiltzea bera ere”. Aldaketa handia da, bai umeentzat eta bai harrera familiarentzat. “Guretzako ere sekulako aldaketa da. Bete egiten gaitu. Guk ahal dugun guztia laguntzen diegu, eta esker onekoak dira”. Etxeberriak dioenez, gastua ere bada, familiak ordaindu behar baitu dena. Baina, aldi berean, poza handia da: “Ikusten duzu umeak osasun aldetik nola etortzen diren eta nola doazen bueltan, eta aldea sekulakoa da. Gehienbat janariaren kontuarekin; han janaria koipe askorekin prestatzen dute, eta ez dute aukera handirik”.

Etxeberriak bere buruari galdetu izan dio ea haurrak hartzeak zerbaitetarako balio ote duen: “Han hamar hilabete pasatzen dituzte, hemen bi…”. Hala ere, ziur da esfortzuak merezi duela, eta Oranen egon ondoren, are argiago du: “Zer suertea dugun jaio garen lekuan jaiota”.

Elkarteak, hogei urte

Txernobyl elkarteak hogei urte beteko ditu aurten, eta, era berean, apirilaren 26an 30 urte bete dira Txernobylgo hondamenditik. Marian Izagirre elkarteko presidenteak azaldu duenez, Bizkaitik etorri zen elkartea sortzearen ideia: “1995ean, norbanako batek bere borondate onez Ukrainako talde bat ekarri zuen Bizkaira, kutsatutako gunetik ateratzeko. Ume horiek baliabide ekonomiko askokoak ziren. Horren ondoren, emakume talde batek erabaki zuen erakundea sortzea, eta beste modu batera hastea: haurrak ekarri, baina baliabide gutxikoak”.

Izagirreren arabera, elkartea asko aldatu da urteotan, “gizartea bera bezala”. Dioenez, hasieran elkartearen programa homogeneoa zen urtero, eta “salto bat” egitea erabaki zuten: “Ikusi genuen Ukrainan ume asko zeudela, modu irekiago batean lan egin behar zela, gizarteari begira, geure burua ezagutzera eman eta ahalik eta ume gehien ekarri. Oso salto garrantzitsua izan zen”. Iaz, esaterako, Gipuzkoara 117 haur iritsi ziren elkartearen bidez.

Oinarrian gauza bakarra behar dute Txernobyl inguruan bizi diren haurrek: “Kutsatutako gunetik ateratzea”. Izagirrerentzat, gainerako guztiak gehigarriak dira. “Hemen bi hilabete pasatzea da haurrarentzat balioko duena, etorkizunean osasuntsu garatzeko”. Irailetik ekainera bitarte harrera familien bila aritzen da elkartea. chernobil@asociacionchernobil.info helbidea jarri du Izagirrek informazioa jaso nahi duen guztiaren esku.

Leave a Reply

Your email address will not be published.