Maite Alustiza
Martxan da giza eskubideen trena, baina bagoi gehiago behar ditu. Sare mugimenduak eman dio hasiera bideari, eta, aurrera egiteko, beharrezkoa du ingurukoen bultzada: “Helburua da guztion inurrien lanarekin ahalik eta sektore eta pertsona gehien mobilizatzea, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde”. Mendiko kirolariek dagoeneko bat egin dute Sareren trenarekin, eta, orain, euren bagoia bete nahi dute. Horretarako, Lau Tontorretara egitasmoa prestatu dute iganderako: mendiko botak eta motxila hartzera animatu dituzte herritarrak, Hego Euskal Herriko lau mendi tontor aldi berean igotzeko. Gipuzkoaren kasuan, Txindokira igoko dira, Larraitzetik.
Iker Eizagirre Mendira egitasmoko kideak azaldu duenez, gustura hartu zuten Sarek egindako proposamena, eta argi du badaudela, ohiko bideez gain, aldarrikapenak egiteko beste modu batzuk. “Beti gauza berak daude: manifestazioak, elkarretaratzeak… Mendizaleok ere presoen giza eskubideak aldarrika ditzakegu, eta haien egoera salatu. Mendietara ere, haien ahotsa eraman nahi dugu”.
Hiru dira tontorretara eramango dituzten aldarriak: sakabanaketa bukatzea, larri gaixorik dauden presoen kaleratzea eta salbuespen legedia bukatzea. Sakabanaketa “mendekuan oinarritutako neurri politiko bat” dela dio mugimenduak, eta, horregatik, amai dadin eskatuko dute igandean. Larri gaixo dauden Euskal Herriko hamahiru presoetatik lau dira gipuzkoarrak: Aitzol Gogorza, Garikoitz Arruarte, Ibon Fernandez Iradi eta Jagoba Codo.
Pixkanaka bagoiak atxikimenduz bete eta aldarriak Europara eraman nahi ditu Sarek. Eta horretan dabil. Eizagirrek dioenez, Lau Tontorretara atxikimendu ugari jasotzen ari da, bai mendi elkarteen aldetik, bai norbanakoen partetik; besteak beste, Pou anaiek, Juanito Oiartzabalek eta Alex Txikonek eman diote babesa egitasmoari. Tontorrak igo ondoren, talde argazkia aterako dute, eta, behera jaistean, jan-edanak izango dituzte.
Gipuzkoan, batik bat Oiartzualdean eta Hernanin aritu dira antolaketa lanetan, baina harremanetan dabiltza beste eskualdeetako mendi elkarte eta kideekin ere: “Besteek ere honetan parte hartzeak esan nahi du zerbait; ez da gure burutazio soil bat”.
Kirola eta aldarrikapena
Oiartzualdean gorpuztu zen, hain justu, Mendira ekinbidea, duela bi urte inguru. Asmoa: mendiko kirolez gozatu eta aldarrikapena uztartzea. Mendian “etxean sentitzen diren” hainbat lagun elkartu ziren orduan, eta, hasiera hartan, eskalada txapelketak antolatu zituzten, baita zenbait mendi irteera ere. “Oso ondo atera zen, eta gehiago egiteko gogoz geratu ginen”. Ekinbidea aurkeztu zutenean, konpromiso bat agertu zuten: nahiz eta etxetik urrun egon, nonbait galduriko pareta edo gailurretan, ez zituztela presoak ahaztuko, ezta haien eskubideak aldarrikatzeko gogoa ere.
Orain, Sareren trenak eman dien bultzada aprobetxatu nahi dute; ez dute berriro geldirik geratu nahi. “Bakoitzak bere herrian ere zerbait antolatu nahi badu, Mendira-ren laguntza eta babesa izango du. Gu ere ari gara aurrerago beste zerbait egitea pentsatzen”.
Leave a Reply