Sahara. Testigantzak. Iristeko desiatzen

E. Goenaga Lizaso

Mariaje eta Onditz ama-alabak dira, eta zazpi urtetan hartu dituzte ume sahararrak etxean. Familia bereko hiru anaia egon dira haiekin udan. “Orain desiatzen gaude uda iritsi eta berriro Yusuf gurekin izateko”. Tolosaldeko hainbat familiak Oporrak Bakean egitasmoari begira egindako bideo batean partaide dira Mariaje eta Onditz. Helburua, jendea animatzea ume sahararrak etxean har ditzaten.

Izanek eta Jonek lau urtetan izan dute Sidahmed etxean. Lau urte horietan Tolosako bikoteak alaba bat izan du, Hari, eta iaz lauko familia gisa igaro zuten uda. Izanek eta Jonek jende gaztea, familia gazteak animatu nahi dituzte udan haur sahararrak hartzera. “Oso esperientzia polita da”, dio Izanek, eta bikotekide biek udan lan egitea ez du oztopo gisa ikusten: “Biok lan egin arren, elkarteak laguntza handia eman digu, eta baita lagunek eta familiek ere”. “Ez da beldurrik izan behar; elkartearen laguntzarekin oso ondo molda daiteke”, gehitu du Jonek.

Sidahmed kanpamentuetan ezagutu zuten Izanek eta Jonek. Familia ezagutu zuten, hamar egunez haiekin bizi izan ziren, eta han bertan erabaki zuten hurrengo udan Sidahmed Tolosara ekartzea. Familiako beste kide bat da Sidahmed udak irauten duen bitartean. “Oporretara harekin joan gara beti”, dio Jonek, argazkiak erakusten dituen bitartean.

Olgak eta Ibanek ere esperientzia antzekoa bizi izan dute Tolosara ekarritako ume sahararrekin. Zazpi urte daramatzate Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzen. “Jendeak beti galdetzen du nolako esperientzia izan den; bada, hain ona izan da, lehenengo ume bat ekarri genuen, eta gero haren anaia. Esperientzia, oro har, oso-oso ona da. Badaude momentu gogorrak, baina beste momentuak hain onak dira, txarrak ahaztu egiten dituzu”.

“Dena oso erraz ikasten duten umeak” direla nabarmendu du Olgak, eta ez zaiola beldurrik izan behar haiekin elkar ulertu ezinari. “Erdara, euskara… dena berehala ikasten dute”. Umeek ingurune berrira moldatzeko duten gaitasuna ere aipatu du. “Gure kasuan, ia-ia tolosarrak dira; edozein tokitara bakarrik joan daitezke, primeran moldatzen dira”. Tolosan ez ezik, kanpoan ere izan dira ume sahararrekin, oporretan. “Haiek ezin dira Espainiatik atera, baina badago aukera haiekin bidaiatzeko. Eta sekulako gozamena da. Izan ere, dena da berria haientzat, eta pila bat gozatzen dute, pila bat ikasten dute… Eta zuk ere bai haiekin”.

Bikote gaztea osatzen dute Olgak eta Ibanek, eta udan lan egin behar izaten dute; baina Olgak ez du ikusten horrek ume saharar bat hartzea eragozten duenik. “Lan orduetan beti dago moduren bat; ludoteka dago, beste familiak ere hor daude laguntzeko, eta begiraleak ere 24 orduz daude prest laguntzeko…”.

Ume saharar bat ekartzea pentsatzen ari denari, aholku bat ematen dio Olgak. “Zergatik ekarri pentsatu beharrean, pentsatu zergatik ez. Umeak dira, behar handia daukate; eta guretzat bi hilabete bakarrik dira, baina haientzat bi hilabete baino askoz ere gehiago dira, euren bizitzan aldaketa handia izan liteke”.

Villabonako Mari Puyk Sahara aldean egiten duen beroa eta aurtengo uholdeak nabarmendu ditu, familia berriak egitasmoan parte hartzera animatzeko. Erretiratua da, eta zortzi urtetan ekarri ditu ume sahararrak Villabonara. “Aurten ez dut umerik ekarriko; jada asko kostatzen zait haien martxari jarraitzea. Hala ere, laguntzen jarraituko dut, ez ditut bakarrik utziko. Ea jende gehiago animatzen den”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.