Aldundiak 4,5 milioi euro jarriko ditu landa garatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko Departamentuak 2012-2013. urteetarako 4,5 milioi euro pasatxo bideratuko ditu landa garapenerako. Aste honetan onartu dituzte laguntza horiei buruzko bi dekretuak.

Horietatik erdia pasatxo, 2,3 milioi euro, ustiategien artean banatuko dituzte, “nekazaritza iraunkorragoa sustatzeko, hain intentsiboa ez den abeltzaintza laguntzeko eta lurreko baratzezaintza garatzeko”. Besteak beste, makineria eta ekipo berriak erosteko eta fruta arbolak landatzeko erabiliko dira laguntza horiek. Hiru atal berri ere txertatu dituzte dekretuan: ustiategiko lurren etengabeko hobekuntzak; lursailak erostea eta finkak aldatzea; eta bestelako inbertsioak, ekoizte prozesuko beharrei aurre egiteko energia berriztagarriak jartzea, eta produktuak eraldatu, prestatu eta ontziratzeko laguntzak, kasurako.

Inbertsioen esparrurako diru laguntzen banaketa sisteman, aldaketa nabarmena izango da aurtengo deialdian. Izan ere, aldundiak jakitera eman duenez, ez da “lehiakorra” izango, “baizik eta baldintzak betetzen dituzten guztiengana iritsiko da”. Aurreikusitako dirua laguntza guztiak hornitzeko adina ez balitz, banaketa proportzionala ezarriko luke aldundiak.

Diputazioak azaldu duenez, sektorean diru laguntzak “ahalik gehien eta zabaltzea” du xede, eta, horregatik, inbertsioaren gutxieneko diru kopurua 6.000 eurotik 3.000 eurora ere jaitsi du. Eskatzaileek, berriz, gehienez 100.000 euroko diru laguntza jaso ahal izango dute. Gainera, laguntza jasotzen duena behartuta egongo da, laguntza jasotzen duenetik kontatzen hasita, gutxienez hamar urtean nekazaritzan jardutera.

Eskaerak egiteko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hasiko da; uztailaren 20a izango da azken eguna.

2,3 milioi euro horiez gain, nekazari gazteei laguntza bereziak emango dizkie aldundiak. Zehazki, 523.000 euro nekazari gazteentzat izango dira.

Eskualdeetako programetara

Eskualdeetako landa garapenerako programek 1,7 milioi euroren laguntzak jaso dituzte 2012-2013an: laguntza horien bidez, 179 proiektu babestea dago aurreikusita. Kasu horretan, Landa Garapeneko Elkarteek jasoko dituzte Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko departamenduaren laguntzak, eskualdez eskualdeko proiektuetan inberti ditzaten. Zehazki, sei elkarte daude Gipuzkoan: Behemendi, Debagaraia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome. Horietan tokiko udalak zein nekazari elkarteak daude ordezkatuta.