Eider Goenaga Lizaso
Lizarrako kanpinean (Nafarroa) ezagututako neskato saharar batek ireki zizkigun guri Saharako ateak, 2003an”. Eli Eizagirre (Tolosa, 1984) Oporrak Bakean egitasmoaren Gipuzkoako koordinatzailea da, eta Mariam etxean hartu zutenetik dabil udan etortzen diren Mendebaldeko Saharako umeei laguntzen eta harrera egiten, era batera edo bestera. Gurasoen etxean hartu zuten Mariam lau urtez jarraian, eta haren ondoren beste Mariam bat egon zen haiekin, beste lau udatan. Bi mutiko ere izan dituzte etxean. “Azken hiru urteetan ez dugu inor hartu”, azaldu du Eizagirrek. Orain, Gipuzkoako koordinatzaile gisa, Amasako aterpetxean aritzen da ume sahararrekin lanean, eta han ematen du uda.
Oporrak Bakean egitasmoko arduradunak eta partaideak harrera familiak topatzeko kanpaina betean dabiltza. Atzo amaitu zen izena emateko epea. “Baina, egoera ikusita, gehiago luzatuko dugu izen emateko epe hori”. Izan ere, iazko esperientzia errepikatuko duten 78 familiez gain, beste 30 harrera familia behar dituzte, eta atzo arte hamabostek besterik ez zuten izena eman.
Azken urteetan harrera familien kopuruak nabarmen egin du behera. “Espainiako Estatura lehen 8.000 ume etortzen ziren; orain, aldiz, 3.000 inguru. Krisiak eragina izan du”. Hala, Oporrak Bakean programako Gipuzkoako arduradunen erronka haurren kopurua ez jaistea izaten da. “Gure gutxieneko helburua aurreko urteko kopurura iristea izaten da. Iaz, 156 ume etorri ziren Gipuzkoara; ea aurten lortzen dugun kopuru horretara iristea”.
Gipuzkoara etorriko den haur kopurua umeak hartzeko prest dauden familia kopuruaren araberakoa da. “Hainbeste familia, hainbeste ume. Horregatik da garrantzitsua ahalik eta jende gehienak izena ematea”. Harrera familiez gain, Gipuzkoan haur sahararrentzako aterpetxe bat ere antolatzen da udan. Amasan, apaiz etxean, hamabost umek igarotzen dute uda, orain dela zazpi urtetik.
Guztiek atera behar dute
Harrera familiak murriztearekin batera, Fronte Polisarioak murriztu egin behar izan du kanpamentuetatik ateratzen diren haurren adin tartea. 10 eta 12 urte arteko umeak dira, eta horrek gehienez hiru urtetan ateratzea ahalbidetzen die umeei. “Lehen, 7 eta 12 urte arteko umeak etortzen ziren, eta guk nahiko genuke berriro ere programa adin tarte horretara zabaltzea”.
Baina Fronte Polisarioak erabaki du haur guztiek dutela kanpamentuetatik noizbait ateratzeko eskubidea, eta adin tartea murriztuz lortu du hori. “Oporrak Bakean programa oso zabala da, mundu guztian zabalduta dago, Espainiako Estatu osoan, Frantzian, Italian, AEBetan… Fronte Polisarioaren politika da, 2005ean jaiotako ume guztiak kanpamentuetatik ateratzeko aukera izaten ez duten arte, 2006an jaiotakoak ez direla aterako”. Horren ondorioz, ume batzuek lehen aldiz 11 urterekin izango dute kanpamentuetatik ateratzeko aukera, eta soilik bi urtez izango dute eskubide hori, “legeek ez baitute ahalbidetzen 12 urtetik gorakoak ateratzea”. Tarte hori zabaltzeko aukera bakarra harrera familia gehiago izatea da.
Haur sahararrak bi hilabetez Euskal Herrira etortzearen helburua umeak Aljeriako basamortuko baldintza gogorretatik ateratzea da, hemen beharrezko osasun azterketa guztiak egitea eta, elikadura orekatu baten bidez, Saharako haur guztiek izan ohi duten anemia gainditu eta negua igarotzeko indarra ematea. “Guretzat bi hilabete bakarrik dira, baina haientzat oso garrantzitsua da; soilik hemen eskaintzen diegun elikadurari esker, osasun aldetik asko hobetzen dute”.
Eizagirreren arabera, Saharako ume gehienek ez dute gaixotasun larririk izaten, baina bai zaindu beharreko hainbat arazo. “Batetik, anemia dago, baina, bestetik, basamortuko harearen ondorioz begi eta belarrietako infekzioak izaten dituzte. Botika batekin sendatzen diren gaitz arinak dira, baina han ez dute botikarik. Ume askok, adibidez, lehen aldiz egiten dute begietako azterketa, eta betaurrekoekin itzultzen dira etxera. Oso gauza sinplea da, baina han ez dute halakorik”.
Osakidetzarekin duten akordioaren bitartez, umeei osasun txartela ateratzen zaie, eta harrera familiak egin behar duen lehen gauzetako bat haurra pediatrarengana eramatea da. “Pediatrak erabakiko du umeak zein tratamendu behar dituen, espezialistarengana joan behar duen…”. Haurren hortzak zaintzeko PADI programaren barruan ere sartzen dira haur sahararrak, eta ahoko azterketa ere egin behar zaie.
Bat gehiago familian
“Behin ume batek medikutara egin beharreko bisita guztiak egiten dituenean, ume horrek beste edozein umek bezala bizimodu normala egiten du. Familiako umeak ludotekara joaten badira, haiek ere bai; familiak oporretara joan nahi badu, umea haiekin joango da, betiere Espainiako Estatuaren muga barruan”. Izan ere, Aljeriako Gobernuak emandako pasaportearekin etortzen dira umeak Gipuzkoara, baina bisa Espainiako Gobernuak ematen die.
Ume sahararren harrera familiez hitz egitean, Eizagirrek mota guztietako familiak sartzen direla nabarmendu du. “Harrera familia esaten dugu, baina familia izan daiteke kide bakarrekoa, bikote bat seme-alabarik gabe, seme-alaba txikiekin edo helduekin, erretiratuak ere izan daitezke… Hor ez dago mugarik”. Eskualde bakoitzeko arduraduna arduratzen da programan izena eman duten familiak elkarrizketatzeaz. “Arduradun horiek urte batzuetako esperientzia izaten dute, eta badakite zein den gutxi gorabehera programara egokitzen den profila. Haien arabera onartzen da, edo ez, familia bat”. Gutxitan, baina gertatu gertatzen dela dio Eizagirrek. “Izan ere, haur horien ongizatea gure ardura da, haien gurasoek gure esku utzi dituzte ume horiek, eta esku onenetan utzi behar ditugu; guk bermatu behar dugu harrera egiten duten horiek pertsona arduratsuak direla, ekonomikoki baliabideak dituztela, osasun aldetik ondo daudela…”.
Umeen ongizateaz, hala ere, egonaldi guztian arduratzen da elkartea. Horretarako, eskualde bakoitzeko arduradunak, itzultzaileak eta begiraleak izaten dituzte: bai familiei eta umeei egonaldia errazteko, eta baita haien artean egon litezkeen arazo edo liskarrak konponbidean jartzeko ere. “Bi hilabete oso azkar pasatzen dira gauzak ondo doazenean, baina oso luzeak ere gerta litezke. Horregatik, jarraipena oso gertukoa eta egunerokoa izaten da”. Hala, elkartearen ordezkari horiek egunero egoten dira familiarekin eta haurrarekin, eta haien egitekoa da arazoak detektatzea, elkarteari jakinaraztea eta konponbidean jartzea.
Azken urtea
Oporrak Bakean egitasmoa indartzeko ekinean ari dira egunotan, jo eta su harrera familia gehiago biltzeko ahaleginean, baina Eizagirrek “azken urtea” izateko desioa agertu du. 40 urtetik gora daramate sahararrek deserrian, Aljeriako basamortuko kanpalekuetan, eta orain dela 30 urte etorri ziren lehen aldiz Saharako umeak Euskal Herrira. “Donostiara, Bilbora eta Gasteizera etorri ziren lehenak, 1986an”. Ordutik, Oporrak Bakean egitasmoa indarra hartzen eta egituratzen joan da. 2009 arte Fronte Polisarioaren Ordezkaritzak kudeatzen zuen dena; “baina beste hainbat lan zituztenez, gure gain utzi zuten programaren kudeaketa”. Egitasmoa Polisarioarekin elkarlanean kudeatzen dute hemengo elkarteek. “Nik jendea animatu nahi dut, aurtengoa azken uda izan daitekeelako; hori horrela izatea litzateke gure helburua, ume hauek kanpamentuak betirako utzi eta Mendebaldeko Saharara itzultzea, euren herrira bueltatzea, eta handik irteteko beharrik gehiago ez izatea”.
Leave a Reply