Erronka berrien bilgune

Gazteentzako pentsatutako politikek gazteen beharrak asetzen ez dituztenean, gazteak eurak izaten dira iniziatiba hartu eta euren arazoei irtenbideak bilatzen dizkietenak. Gipuzkoako herri askotan, bide luzea dute egina gazte asanbladek; herri mugimenduko eragile garrantzitsua izan dira sarritan. Gehienetan autogestioaren bidea hartuta, eta batzuetan udal instituzioen eskutik, gazteei bereziki eragiten dieten gaiak landu izan dituzte: aisialdi eredu propioak, harremanak, etxebizitza, ikasketak…

Garai bateko gazteak, ordea, ez dira jada horren gazteak, eta belaunaldi berriak ez dira lehengo berak. Joera berriak dakartzate; esate baterako, lokaletan biltzeko ohitura. 1980ko hamarkadako gazte taldeen ereduari kostatzen ari zaio garai berrietara moldatzea, eta, horregatik, forma berriak bilatzen ari dira hainbat herritan.

Zizurkil

Distantziak laburtzen

Zizurkilen sortu berri dute Txepetxa Gazte Asanblada. “Zizurkilek badu berezitasun bat”, azaldu du Aratz Alkorta Txepetxako kideak: “Zizurkil goia eta behea nahiko aparte daude, eta gazteen arteko harreman falta nabarmena zen”. Iragan irailean, herri kiroletako apustu bat anto- latu zuten, bi auzoetako gazteak elkartze aldera, eta hortik sor- tu zen gazte taldea sortzeko asmoa.

Apurka-apurka ari dira herrian euren presentzia sumarazten: abenduan, euskal selekzioaren futbol partida ikustera joateko autobusa antolatu zuten, eta Gabonetan, presoen aldeko kantu saiorako bertso batzuk prestatu zituzten. Martxoan, Gazte Eguna antolatu zuten, eta, orain, udara begira ari dira: “Bazkari bat egin nahi dugu, eta beste ekintza batzuetan parte hartu; festetan, barra jartzen, eta halakoetan”.

Helburua harremana sortzea da, eta “herriko giroa sustatzea”, Alkortaren hitzetan: “Ikusten genuen gazteen aldetik zein mugimendu gutxi zegoen herrian, eta horri buelta ematen hasi ginen lau katu. Orain, dezente gehiago gara”. Gaur egun taldeak 40 kide inguru dituela azaldu du. Zizurkilen ez dago gaztetxerik, eta, horregatik, udalak hainbat eragileri utzitako lokal batean elkartzen dira.

Zarautz

Gaztetxetik independente

ZAGAk, Zarauzko Gazte Asanbladak, pisu handia izan du urte luzez herri horretan, batez ere herriak gaztetxerik izan ez duenean: herriko plaza eta hainbat frontoi bilakatu ditu gazteentzako topagune. 2005ean Putzuzulo gaztetxea okupatu izanak, ordea, kaleko dinamikak indarra galtzea ekarri zuen apurka: berez bi bilgune izateko jaio ziren arren, gaztetxea kudeatzeaz arduratzen den Xakela asanbladara isuri ziren gazte mugimenduko indar gehienak.

Hori ikusita, ZAGAri berriz ekitea erabaki dute herriko gazte batzuek. Eithne Arruabarrena da horietako bat: “Gure ustez, gazte asanbladak gehiago kalean egin behar luke lana, eta ez gaztetxea erdigune gisa hartuta, kaleko jendeak ikusteko zer egiten dugun; eta ez gaztetxean sartu eta besteak ahaztu”.

Martxoaren 31n irten ziren lehenengoz kalera, Dinamitatuai Egunean. “Hor gazte gehiago elkartu ginen, hainbat taldetatik etorritakoak, eta norbanakoak ere bai”, azaldu du Arruabarrenak. “Ordutik, batzarrak egiten aritu gara”. Larunbat goizetan elkartzen dira, Putzuzulo gaztetxean.

Ekainaren 16an egingo dute hurrengo festa: Zagarrak Berri eguna. Hala ere, herriko gazteei eragiten dieten beste hainbat gai lantzen jarraitzeko asmoa dute. Bereziki etxebizitzaren arazoa eta lana topatzekoa aipatu ditu Arruabarrenak: “Beti egin izan da Giri Eguna, turistifikazioaren aurka. Azkenean, Zarautz hain herri turistikoa izanda, jende asko etortzen da; dena garestiagoa da. Eta gazteok lortu izan ditugun lanak, betiko udako lan horiek, oso gaizki ordainduta daude”.

Oiartzun

Gazteak badatoz

Udalarekin harreman ona du Oiartzungo Gazte Asanbladak; sei urte daramatza hark utzitako lokal batean biltzen eta hura kudeatzen. Goihaitz Perez taldeko kideak azaldu duenez, batez ere gaztetxearen antolaketaz arduratzen da herri horretako gazte taldea: “Aisialdi eredu propioa garatzen gabiltza. Azkenean, herriari bizitasuna ematen diogu, ekintzak antolatuta: kontzertuak, bazkariak…”.

Urtea hasi denetik, “jende gaztetxoa” dabil batez ere gazte taldean, eta haien adineko gehiago gerturatzeko lanetan ari dira. Horretarako abiatu dute Gaztiak bagatoz ekimena: “Ikusten genuen bakoitza bere lokalean sartuta zegoela eta ez zeukala beste gazteekin harremanik; horregatik, otsailean lokalez lokal pasatzen hasi ginen, gazteekin hitz egiten eta galdetzen ea beharra ikusten al zuten herrian gazteria aktibatzeko”.

Oraingoz, bakoitzak zein asmo dituen zehazten ari dira, eta horren arabera aritzen dira: “Sagardo Eguneko kontzertuak; Ikasle Eguna ere antolatu dugu ekainerako; Xanistebanak… Espontaneoki ari gara”.

Ohiko batzarrak astean behin egiten dituzte: ostiraletan, 18:30ean. “Ekintza jakinetan bilera irekira deitzen dugu, eta jende gehiago azaltzen da, baina ostiraletan hamabost eta hogei pertsona artean izaten gara” .

Azpeitia

Lokaletatik kalera

Azpeitiko Gazte Asanblada 1990eko hamarkadaren erdialdera sortu zela azaldu du Ainara Pie de Hierro taldekideak; hark 2002tik dihardu bertan. “Tirabira askoren ondoren”, udalak lokal bat utzi zien 2005ean, gaztetxe gisa erabil zezaten. Hala ere, ekintzak kanpoan ere egiten saiatzen dira: “Gaztetxeak kalean egon behar du, gazteak erakartzeko modu bat delako, eta herriari erakusteko hor gaudela eta zertan ari garen”.

Helburuak ez dira askorik aldatu urte horietan: “Gazteen problemak lantzen dituen eremu bat da: etxebizitzaren inguruan lanketak egin ditugu; orain, zaborrarekin ere ari gara; lan baldintzak…”. Aisialdi ereduari ere garrantzi handia ematen diotela azaldu du Pie de Hierrok: “Azpeitian, garai batean, hutsune nabarmenak zeuden gazteen aisialdira begira, eta gu hori zabaltzen saiatu ginen: ikastaroak, guretzako kontzertuak, kaleko beste ekintzak…”.

Oro har, indartsu dago herri horretako gazte taldea: denera 50 gazte inguruk parte hartzen dute erregularki. Taldea bost azpitaldetan banatuta dago: horiek komunikazioaz, azpiegituraz, gazteen arazoez, aisialdiaz eta diru kontuez arduratzen dira.

Amara Berri (Donostia)

Auzoa ez da bakarrik lotarako

Donostiako Amara Berri auzoan sortu berri dute gazte asanblada; urtarriletik ari dira bertako gazteak biltzen, eta oraingoz badute nahikoa lan elkar ezagutzen, Leire Barrena taldekideak azaldu duenez: “Urtarrilean elkartu ginen gazte batzuk, eta auzoaz hizketan ari ginela, konturatu ginen jendea ez genuela bertatik ezagutzen”. Barrenaren arabera, gazteentzako eskaintzarik ez dago ia auzo horretan, eta, horren ondorioz, bizitza soziala beste lekuetan egiteko joera dute bertakoek: “Azkenean, ikusten genuen lo besterik ez genuela egiten auzoan”.

Apirilean, Gazte Eguna antolatu zuten lehenengoz. Bertakoentzat “oso berezia” izan zen, Barrenaren ustez: “Bazkaria, tailerrak… Behar genituen aisialdi ekintzak eginez elkartu ginen, eta oso ondo pasatu genuen. Oso positiboa izan zen, baita auzoarentzat ere; behintzat auzoan bizi garela erakutsi genuen”.

Baliabide gutxi eta ideia asko ditu taldeak. Oraingoz, auzoko elkarte batean biltzen dira, eta eguraldi onarekin parkean elkartzen hasteko asmoa dute. Amara Berri, ordea, “auzo zaila” dela uste du Barrenak: “Guk euskara asko bultzatzen dugu, eta erdaldun asko dago. Hemen bizitzarik ez dagoenean, jendea kanpora joaten da; horregatik da garrantzitsua hemen elkartzea. Horrek auzoari izugarrizko indarra ematen dio: jendeak ikusi egiten du gazteok bagabiltzala eta, gainera, bizitza egiten dugula hemen”.

Asteasu

Behin tokia edukita, ekintzak

Asteasuko Gazte Asanbladak urte dezente zeramatzan desagertuta, harik eta iazko abenduan gazte kuadrilla batek asmoa berriz abiatzea erabaki zuen arte. 45 pertsona inguruk osatzen dute orain Matxintxulo Gazte Asanblada; horietako bat da Haritz Mujika. Berez, soilik elkartzeko leku bat nahi zuten, Mujikaren hitzetan: “Gaztetxe edo lokal bat eskatu genuen, eta udalak eskatu zigun horren truke ekintzak antolatzeko. Orduan, geure burua behartuta ikusi genuen batzorde bat sortzera, gauza horiek antolatzeko”. Zer egingo duten eta zein maiztasunekin, ordea, euren esku dago: oraingoz, gaztetxearen irekiera festa eta frontenis txapelketa antolatu dituzte.

Asanblada elkarte gisa dago erregistratuta, eta idazkari bat dauka. Izendapen hori, ordea, “sinbolikoa” da, Mujikaren arabera. “Gero, barruan, ez da inor nagusi. Bileretan denok berdin hitz egiten dugu, eta gure iritziek karga bera dute. Agian zaharrenek pisu handiagoa dute, baina bestela ez daukagu inolako arazorik”.

Asteasu herri txikia izanagatik, gazteen artean harremana falta zela iruditzen zaio Mujikari: “Batzuk euren lokalean biltzen ziren, eta besteak ez; adin desberdinekoen artean ez zegoen lotura handirik. Orain, behintzat, tratua handitzen doa”. Oraingoz, taldea “aurrera ateratzea” da helburua, eta indartzen joatea: “Gazte festa batzuk antolatzea ondo legoke, baina horiek hitz handiak dira”.

Legazpi

Gazte berri bila

23 urte ditu Legazpiko Gazte Asanbladak; tarte horretan gorabehera dezente izan ditu, baina gaur egun “minimoen azpitik” dago, Oier Sagastume taldekidearen hitzetan. “Lehen mugimendua bazegoen”, azaldu du, “baina gaztetxeak hamar urte bete ditu jada, eta mugimendua pixkanaka jaisten joan da. Orain, trantsizio etapa batean gaude; batzuk irteten ari gara, eta ea jende gazteagoa erakartzen dugun”.

Erosotasunari egotzi dio errua Sagastumek: “Gu baino gazteagoa den jendeak ez du gaztetxea borrokatu, jada eginda eman zaio. Eta, oro har, herri mailan militantzia oso baxu dago”.

Oñati

Ibilbide luzea, bukatuta

Aurtengo Aste Santuan, Oñatiko Gazte Asanbladak funtzio hori betetzeari utziko ziola adierazi zuen prentsaurrean. 2004an sortu zenetik lau egoitza izan dituela azaldu zuten bertan taldeko lau kidek; azken hiru urteak San Martin auzoko gaztetxe okupatuan egin dituzte. “Orain konturatzen gara agian San Martingo etxeak, kokapenari eta tamainari zegokionez, ez zituela gaztetxe baten baldintzak betetzen”, adierazi zuten prentsaurrekoan. Izan ere, etxea txikia da, eta herritik urrun dago.

“Parte hartzeari dagokionez, azken urteotan ikusi dugu nola joan den murrizten eta murrizten, azkenean lau katu geratu garen arte”, adierazi dute. Horregatik, aurrerantzean San Martingo Etxe Okupatuko Asanblada gisa jardungo dute, Oñatiko Gazte Asanbladak bete behar lituzkeen funtzioak ezin dituztela bete pentsatuta: “Asanbladak plurala eta parte hartzailea izan behar du gazteen ordezkatzailea izateko. Oñatiko gazteen esku dago kinka. Zuek, zuek zarete etorkizuna”.