Zumarraga, Urretxu eta Legazpi lotzen dituen ingurabide berria gaur inauguratuko dute. Guztira, 2,1 kilometroko luzera du errepideak; horietatik 910 metro Argisaoko tunelaren barruan daude, eta 266 metro, Urolako zubibidean. GI-632 errepide berriaren zatia inauguratuko dute gaur. Bide horren Urretxu-Antzuola tarteko lanak hasita daude, eta datorren urtean ekingo diete Antzuola eta Bergara tarteko lanei; 2015erako guztia amaituta egotea espero dute.
Errepidea gaur inauguratuko badute ere, bihar arte ez da zabalduko ibilgailuentzat. Gaur, 13:00etatik 20:00ak bitartean, txirrindulari eta oinezkoentzat egongo da irekita. Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hartuko du parte inaugurazio ekitaldian.