Juan Luis Zabala
Donostiatik Bilbora autoz bakarrik joatea egokitzen zaidanean Lizardi eta Lauaxeta eraman ohi ditiat nirekin, berriketan entretenitzeko —esan zidan.
—Lizardi eta Lauaxeta? Auto barruan lekua edukita, zergatik ez dion Orixeri ere deitzen? Eta Aitzoli? Boskote ederra osatuko zenukete.
—Pandemia garai honetan ezin dituk lau lagun baino gehiago sartu auto batean.
—Egon hadi isilik! Horregatik ezin dun izan. Birusak erakartzeko ahalmena aspaldi galdu zitenan hire lagun horiek. Harrak bazkatzekoa ere bai.
—Beste arrazoi bat ere bazeukaat: Orixe eta Aitzolekin auto barruko solasa aspergarriagoa izango lukeela iruditzen zaidak. Bata apaiza zuan, oso apaiza gainera, eta bestea, berriz, sotanarik ez jantzi arren, sotanadun asko baino apaizagoa…
—Gaiztoa haiz ba!
—Bai zera! Ez zieat meriturik eta esker onik ukatzen izan zirenagatik eta egin zutenarengatik. Baina nahiago izaten diat bidaia Lizardi eta Lauaxetarekin bakarrik egin, bestelako interferentziarik gabe. Nahikoa interferentzia izan zitean biek bizi zirela. Gazte hiltzeaz gainera.
—Ados. Eta zertaz hitz egiten duzue?
—Honetaz eta hartaz. Bidean, hizpide asko ematen zizkigutek autobidearen bi aldeetako parajeek, eta ikaragarri gustatzen zaidak bi olerkariak ume txikien moduan flipatzen ikustea, bazterrei begira eta nire azalpenei adi. Futbolaz ere aritzen gaituk Eibarko futbol estadioaren ondotik pasatzean. Nor bere taldearen zale sutsuak dituk biak, Realarena Lizardi, Athleticena Lauaxeta.
—Dibertigarria izan behar din.
—Baina izaten dituk une ilunak ere. Azkenaldian, adibidez, Bilbotik Donostiarakoan isilik eta doluz iragan ohi gaituk hirurok aurrez aurre ageri zaigun Zaldibarko zabortegiaren parean, doluz han hildako bi langileengatik, Alberto Sololuze eta JoaquĂn Beltran, baina ez haiengatik bakarrik. Zaldibarko zabortegian gertatutakoan gure garaiko gaitz nagusien ondorioak, islak eta aztarnak zaudek, bizi garen garaiaren metafora biribila duk, gure bizitzen narratiba gupidagabearen mise en abime zehatza.
—Bernardo Atxagak esana eta idatzia din, Kilker bat autopistan liburuan, santutegi laiko bat eraiki beharko litzatekeela Zaldibarko zabortegian, Arantzazu laiko moduko bat edo.
—Baina Atxagak ere ondotxo zekik tamalez ez diola inork kasurik egingo. Nola eraikiko dute ba agintariek beren doilorkeria argi eta ozen salatuko duen zerbait?
—Hurrengo bidaiarako baduzue berri on bat behintzat, Iurretatik pasatzean izango duzue zer ospatua: Joseba Sarrionandia jaioterrira itzuli dun!
—Bai horixe! Asko estimatzen ditek Lizardik eta Lauaxetak Sarrionandia eta haren obra. Eta haren itzulera ere metafora handi bat duk, kasu honetan positiboagoa den zerbaitena. Nahiz eta protagonistak itzulera horri garrantzia kentzen saiatu, jendaurreko agerpenei uko eginez eta bera munduko pertsonarik normalena dela esanez.
—Hau inbidia! Hurrengoan abisatu, mesedez, eta hirekin joango naun.
—Gurekin.
—Barkatu… Zuekin.
—Sentitzen diat, baina ez duk erraza. Baimen berezia behar diat Bilbora joateko, lan kontuengatik bidaiatu behar dudala justifikatuz, eta hik ere bai.
—Egia! Hau dun hau amorrazioa! Birus madarikatua!
—Ez hadi kexatu! Hik ere badaukak Lizardi eta Lauaxetarekin mintzatzea etxe ondoko paseoetan. Biziki gomendatzen diat, gainera. Terapeutikoa duk.
Leave a Reply