Miren Garate
Hasita daude ganadua mendira botatzen Gipuzkoako hainbat txokotan. Urte askoan, maiatzaren 1ean egin izan da Aralarko larreen irekiera ofiziala ere, Larraitzen (Abaltzisketa), festa giroan. Enirio-Aralar mankomunitateak emandako datuen arabera, 17.048 ardi, 938 behi eta 717 behor dira igotzekoak aurten, baina ez da ospakizun ekitaldirik egingo, pandemiagatik. Bestela ere, giroa ez dago festarako, Aralarko Baserritarren Elkarteak eta EHNE eta Enba sindikatuek mankomunitatearekin dituzten harremanak etetea erabaki baitute, azken erakunde horrek baserritarrei “bizkar” ematen diela iritzita. Martxoaren amaieran eman zuten erabakiaren berri, eta Aralar erabiltzen duten 134 abeltzainetatik 109ren adostasunarekin hartua izan dela esan dute.
Egoerak”atsekabea” eragiten diola adierazi du Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta mankomunitateko presidenteak, baina, tokiko erakunde bat direnez, arauak bete egin behar dituztela nabarmendu du. Hain zuzen ere, ordenantza bat dago oraingo gatazkaren muinean. Haren arabera, ustiategia mankomunitatea osatzen duten hamabost udalerrietatik kanpo dutenek ezin dute ganadu larririk igo Aralarrera, baina bai ardiak —Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Ataun, Amezketa, Baliarrain, Beasain, Gaintza, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Ordizia, Orendain eta Zaldibia dira herriak—.
Ordenantza hori aurreko legegintzaldian onartu zuten, eta 2017an argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Azken urteotan ez da zorrotz bete ustiategiaren kokalekuari dagokion baldintza, eta badaude urte askoan ganadua eraman duten mankomunitatez kanpoko baserritarrak. Urte hasieran, ordea, 11 baserritarrek gutun bat jaso zuten, esanez ezingo zutela eskatutako ganadu kopururik eraman aurten mendira.
“11 bakarrik”
Orain arte ustiategiaren baldintza zergatik ez den aplikatu izan azaltzeko, Ezenarrok esan du 2019ko udal hauteskundeen ostean iazkoa zutela lehen urtea agintari berriek, eta, pandemia tarteko, ez zutela ordenantza aztertu eskaerak jaso zituztenean, inertziaz eman zituztela baimenak. Haren hitzetan, gainera, abeltzainek beraiek eskatu zuten ustiategia mankomunitate barruan izateko baldintza, lehen aski baitzen erroldarekin.”Aipagarria iruditzen zaigu orain ordenantza aplikatzearen kontra agertu diren sindikatu eta elkarteek ez zutela inolako alegaziorik jarri onarpen prozesuan”.
Mankomunitateko lehendakariaren arabera, jasotako 134 eskaeretatik “11 bakarrik” izan dira baldintzak betetzen ez zituztenak. “Murrizketa txiki bat egon da, baina ez murrizketa irizpideak erabili direlako, ordenantza bete delako baizik”. Ustiategiaren kokapenarena zen batzuek betetzen ez zutena, eta beste batzuek baimendutakoa baino ganadu gehiagorentzat egin zuten eskaera —kasu horietan, soberan jotakoei ukatu zaie baimena—. Ordenantza betetzeak alde horretatik ere “mesede” egingo duela uste du, diru laguntzak buru kopuruaren arabera ematen dituztelako, eta, gehienezko mugak beteta, artalde txikiei gehiago tokatuko zaielako. Mankomunitatearen datuen arabera, iaz baino 580 ardi gehiago, lau behi gehiago eta 131 behor gutxiago igoko dira aurten Aralarrera. “Baina behorrei dagokienez ere, 2019an baino hiru gutxiago eta 2018an baino 49 gehiago dira, ez dago halako alderik”.
Ordenantzak jende gutxiri eragiten dion argudioak ez diela balio esan du Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko lehendakariak, 11 horiek ere izan behar luketelako Aralarrera joateko aukera. “Bere garaian erabaki zen, gainkargarik ezean, ganadu larria ere eraman ahal izango zela”. Ordenantzak mankomunitateak egindako irakurketa egiteko aukera ematen duela aitortu arren, orain arte bezala jarraitzea ere ez dela “prebarikazioa” nabarmendu du, beren ustez gainkargarik ez dagoelako. Adibide bat eman du: “Gainkargak gosea esan nahi du, eta etxe kalte ariko ginateke orduan. Baina ikusi besterik ez dago nola jaisten diren gure ganaduak urrian. Ordenantzak eta abar aipatuko dituzte, baina erabaki politiko bat izan da”.
Nazabalen esanetan, “talde batzuk” saiakera berezi bat ari dira egiten kosta ahala kosta Aralarren ganaduen gainkarga bat dagoela defendatzeko, eta “zirrikitu guztiei” heltzen diete uste horretan sakontzeko; tesi horren aurkakoa erakusten duten azterketa eta iritziei, berriz, entzungor egiten dietela esan du. “Zoritxarrez, boladan jartzen ari da natur kontserbazioaren izenean abeltzaintzari egurra emateko joera, eta oso erreta gaude diskurtso horrekin”. Gipuzkoako EHNEko lehendakariak joera horrekin lerratzea egotzi dio EH Bilduri.
Bat dator Xabier Iraola Enbako koordinatzailea ere. Egoera gutunek leherrarazi dutela dio, baina uste du “gaiztotze prozesu luze bat” egon dela aurretik. Mankomunitateko udal gehienetan EH Bildu dago alkatetzan. 2019ko udal hauteskundeen ondoren, baserritarren planteamenduaren aurkako jarrera ikusten hasi zirela dio, “bai interlokuzio aldetik, bai diskurtso aldetik”.
Haren arabera, batzarraz gain, lantalde bat dago Enirio-Aralarren, abeltzainen, artzainen, behorzaleen, diputazioaren eta mankomunitatearen ordezkariek osatua. “Gauza praktikoak lantzen ditugu: aska bat konpondu behar dela, txabola batean ez dakit zer egin behar dela… Interlokuzio hori zabaldu egin behar zela esan ziguten, natur taldeak, mendizaleak eta abar ere kontuan hartzeko”. Aldi berean, dokumentuetan ere “baserritarren aurkako jarrera” joan dela nagusitzen uste du, eta esan du mendian ganaduen gainkarga bat dagoela, horrek higaduran eragina duela, basoen hedadura zabaldu eta larreena murriztu behar dela eta abar errepikatzen zaiela behin eta berriz. Mankomunitateko EH Bilduko udalen jarrera ikusita, Gipuzkoako exekutibarekin ere zenbait bilera egin dituztela kontatu du, “nahiz eta aurrerapauso handirik ez ekarri bide horrek ere”.
Azterketa falta
Gainkarga horri buruz galdetuta, Ezenarrok esan du ezin dela jakin badagoen edo ez, gaur-gaurkoz ez dagoelako horri lotutako azterketarik. “Ez dakigu non dagoen muga. Gainkargaren analisia lan zientifiko-tekniko bat den heinean, denon artean adostu behar da zeintzuk diren horretan aritu beharko luketen adituak”. Orain indarrean dagoen ordenantza aldatzeko aukerari buruz, berriz, “hasieratik” egin dutela proposamen hori dio, “hobetu beharreko puntuak” ikusten dizkiotelako. “Baina, bitartean, gaur egungo ordenantza bete behar dugu”.
Bestelako ikuspegia daukate EHNEk eta Enbak. Haien arabera, mankomunitateak esan zien larretokien eta txabolen ordenantza berritzea nahi zuela aurten, eta konforme zeudela esan zuten sindikatuek ere. Ekarpenak egitekotan geratu ziren arren, handik bizpahiru egunera ganaduzaleak gutun horiek jasotzen hasi zirela diote, sindikatuek ezer jakin gabe. “Horiek berritzeko lanketa bat egin behar badugu elkarrekin, ez du inolako zentzurik bezperan horrelako ostikada bat emateak. Ez dezatela esan elkarlanean ari garenik, beren kasa ari direlako erabakiak hartzen”, adierazi du Iraolak. Zentzu handiagoa ikusten diote, lanketa egin bitartean, orain arte bezala jarraitzeari.
Bi sindikatuetako ordezkariek nabarmendu dute ez dutela sentitzen baserritarrek egiten duten lanaren inolako aitortzarik. “Daukagun sentsazioa da ordenantzak, legezko markoa, obligazioak, elkarlana eta beste hainbat ponpoxokeria aipatzen dituztela, baina atzetik beste motibazio bat dagoela. Abeltzaintza etsaitzat jotzeko diskurtsoa elikatzen dute batzuek, eta obeditu egiten dute besteek”, dio Nazabalek.
Iraolarentzat ere gaur egun jendeak hainbeste “miresten” duen Aralar eta goiko larreak, batez ere, “abeltzainei eta ganaduzaleei esker” daude dauden bezala. Alabaina, esan du natur kontserbaziorako taldeetan nahiz EH Bilduren ardurapeko udaletan mendiari bere kasa garatzen utzi behar zaiola uste duen jendea dagoela. “Norbaitek erabaki du orain dela ez dakit zenbat gizateriatako zuhaiztiak berreskuratu behar direla, eta horretarako etsaia ganadua dela”. Ez da iritzi berekoa haren sindikatua, eta basoari bere kasa garatzen utzi zaien eremu askotan larretokiak zikintzen joan direla esan du.
Horri lotuta, lan egin ahal izateko “gutxieneko baldintza batzuk” ere behar dituztela esan du Enbako ordezkariak. 41 txabola daude Aralarren, eta horietako batzuk, oraindik, XIX. mendean bezala daudela uste du. “Eboluzionatzen joan behar dugu, garaiak aldatu egiten direlako. Eta horrek ez du esan nahi gehiegizko garapena edo urbanizazioa bultzatu nahi dugunik”.
EHNEk eta Enbak talde ekologisten eta naturazaleen alde aritzea leporatzen dieten arren, Ezenarrok ez du uste halakorik egiten dutenik. “Talde horiek, berriz, abeltzainen alde egitea leporatu izan digute. Gu ez gaude ez batzuen alde, ez besteen alde, tokiko erakunde bat garen aldetik, gauzak ahalik eta txukunen eta justuen egiteko konpromisoa daukagu”.
Leave a Reply