Moda sektorearen esnaldia

Parisko moda erreferentzia garrantzitsua da diseinatzaile askorentzat. Orain, paristar bati esker susper daiteke modaren sektorea Gipuzkoan: Parisko diseinatzaile batek bazterrak astindu zituen, modarekin lotura zuen egitasmo bat egiteko maiatzean Donostian; tartean, moda desfile bat. Azken unean atzera egin zuen diseinatzaile hark, baina sektoreak, nola hala, ideiarekin aurrera jarraitu zuen: Gure Moda Gaur lehiaketa egin zuten; eta lehen harria izan zen hura. Izan ere, sakabanatuta zeuden talentua, indarra eta gogoa elkartu egin ziren egitasmo haren inguruan. Aurrera jarraitzeko gogoz dira orain, eta 2016an Donostiak bere Fashion Week-a izatea dute denek buruan.

Gure Moda Gaur lehiaketak moda egitasmo hartako zati bat izan behar zuen, baina, azkenean, lehiaketa bera bihurtu zen ekitaldi bakarra. AEG moda eskolak prestatu zuen lehiaketa, maila erdi-profesionaleko moda diseinatzaileentzat. AEGko komunikazio saileko Mikel Arbiza izan da lehiaketaren koordinatzailea, eta gertutik jarraitu du. Donostian moda kalera ateratzen jarraitu nahi dute, eta sektoreko enpresa batzuk elkarlanean hasi dira. Egitasmoa ahalik eta gehien zabaltzea garrantzitsua da Arbizarentzat: “Ez dugu nahi proiektu itxi bat izaterik. Enpresak, kolektiboak, artistak… elkartu, eta denen artean zerbait egitea nahi dugu, nork bere tokia aurkitzea proiektuan”. Aurten, AEG ikastetxea, logistika enpresa bat eta modelo agentzia bat izan dira bultzatzaileak. Dagoeneko hasi dira hizketan erakunde publikoekin, baita Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkartearekin ere. Hurrengo urtean jarraipena eman nahi diote aurten hasitako bideari, baina jomuga 2016a izango da; izan ere, Donostia Europako Kultur Hiriburu izango da urte horretan. Hala, “helburua da 2016an modak bere erakusleihoa izatea”. Eta bide onetik doaz, Arbizaren ustez: “Hau hasiera besterik ez da izan. Nahi genuen jendeak ikustea zer dagoen, eta geuk ere ikusi dugu jende asko dagoela gauzak egiteko gogo handiarekin”. Bolo-bolo dabil 2016an Donostiak moda aste bat izango duela, eta, hori ikusita, AEGko kideak hankak lurrean izan nahi ditu: “Nire iritziz, modaren astea egitea ez da aukera bakarra, eta agian ez da izango formaturik egokiena; agian, horren ordez lehiaketa bat eta jardunaldi batzuk egin beharko dira. Azken batean, guk beti formatu klasikoetan pentsatzen dugu, eta 2016a aproposa izan daiteke formatu esperimentalagoetarako”. Hala ere, onartu behar izan du moda aste batez hitz egiten ari direla sektorean: “Donostia Fashion Week kontzeptua mahai gainean dago. Ea lor daitekeen”. Kontuak kontu, Arbizak argi utzi du moda proiektua “sendotuta” eraman nahi dutela urte horretara.

Kanpora begirako lanaz gain, barrurakoa ere ari da egiten sektorea. Hor daude Adegirekin egiten ari diren bilerak, baita Euskal Herriko beste lurraldeekin josten ari diren harremanak ere. Besteak beste, azpimarratu du Gipuzkoa eta Bizkaia “elkarrekin” lanean ari direla moda kluster bat sortzeko.

Emaitzak ikusi ahal izateko sektorea landu egin behar dela uste du Arbizak, eta zenbakiak ere eman ditu: “Datuak eguneratu egin beharko genituzke, baina, orain dela bizpahiru urte egindako ikerketa baten arabera, moda diseinua Gipuzkoako BPGaren %0,6 da. Komertzioarekin batuta, % 6,6. Hortaz, ikusten dugu modak eta ehungintzak baduela indarra, eta hori landu egin behar dela. Sukaldariek, adibidez, landu egin dute; arrantzaleak ere horretan ari dira, eta guk ere horixe egin behar dugu emaitzak lortzeko”.

Hiru diseinatzaile, nahi bat

Sektorea ematen hasi den pausoekin gustura baino gusturago daude Gipuzkoako Hitza-k elkartu dituen hiru diseinatzaile hasiberri: Elena Silvestre (Donostia, 1974), Alicia Martinez (Donostia, 1983) eta Eneko Aranbarri (Azkoitia, 1988). Ibilbide desberdinak dituzte, baina sektorean “lehen urratsak” egiten ari dira hirurak, eta orain arte apenas izan duten aukerarik beren lanak jendaurrean erakusteko.

Gure Moda Gaur lehiaketan parte hartu dute Aranbarrik eta Martinezek. Bietako inork lehiaketa irabazi ez arren, beren diseinuak jendaurrean erakusteko aukera izan dute, eta azpimarratu dute hori aukera ona dela diseinatzaileen izena eta lana ezagutarazteko. Silvestrek ez du parte hartu lehiaketan, baina urteko beste ekitaldirako prestatzeko asmoa du: Kutxa Kultur Modarako, hain zuzen ere. Bigarrenez antolatuko dute aurten, eta, Silvestrek ez ezik, Martinezek ere arropa bilduma bat prestatuko du harako: “Donostian egiten diren moda egitasmo guztiak aprobetxatu behar ditugu”.

Gainera, Silvestrek uste du bi ekitaldi horiek elkarren osagarri direla: “Bi plataforma desberdin dira urteko bi sasoi desberdinetan, eta biak urteroko egitasmo bihurtu nahi dituzte. Guri oso ondo datorkigu: gure lana ikusteko eta gu ezagutzeko modu bat da. Gainera, desfileak showroom erakusmahai bat baldin badu — han gure produktuak saltzeko gune bat, alegia—, horrek aukerak zabalduko dizkigu”. Honako hau ere espero du Silvestrek: “Orain sortutako egitasmo hauekin, instituzio publikoen aldetik ere laguntza etortzea”. Hirurek instituzioen eta enpresen “esku hartzea” eskatzen dute. “Inberti dezatela duten potentzialean, hemen potentzial oso ona dutelako eta alferrik galtzen ari delako. Kontratatuz inberti dezatela, desfileak antolatuz, showroom-ak jarriz… Pixka bat erein dezatela”. Aranbarrik adierazi du aurrera egin nahi dutela: “Dena ez atzera ez aurrera gelditzen ari da. Hemen, atzean gelditzen ari gara, eta guk ere nahi dugu aurrera egin”.

2016ari ilusioz begiratzen diote hirurek. Eskaerak badituzte: mila; baina baita lana egiteko gogoa eta asmoa ere. Ez dira besoak gurutzatuta geldituko, aukeren zain. Ematen dietena aprobetxatu bai, baina haiek sortu ere, sortzen dituzte aukera horiek. Udazkenerako arropa bilduma prestatzen aritzeaz gain, Internet bidez ari dira nor bere markako arropa saltzen. Silvestrek, apustu egin, eta tailerra jarri du etxean, moda diseinua ogibide bihurtzeko. Aranbarri ere ari da batean eta bestean urratsak egiten, eta antzerki lan baterako bi jantzi prestatzen dihardu, enkarguz. Martinez ere ez da atzean gelditzen: herritar batek erosi egin dio Gipuzkoako Hitza-ko elkarrizketara ekarri duen jantzietako bat. Donostiako taberna batean astekarirako argazki saioa hasi orduko gerturatu zaio neska gazte bat, jantziarekin liluratuta.