Erik Gartzia Egaña
Interneten etorrerarekin, lan egiteko tresna berritzailea izan zen posta elektronikoa. Baina modu egokian idazten al dira euskarazko mezu elektronikoak? Eta konbentzionalagoak diren telefono deiak ongi erantzuten al dituzte herritarrek? Ildo horretan, indartu daitezkeen faktoreak ikusi ditu Ahizek, AEKren hizkuntza aholkularitza zerbitzuak. Oiartzunen, Lanin egitasmoaren bitartez, mezu elektronikoak eta telefono deiak euskaraz erantzuten trebatzeko urruneko ikastaro labur bana antolatu dute maiatzaren 10etik 21era.
Araitz Muguruza Ahize-AEK-ko kideak azaldu duenez, aurrekariak dituzte Oiartzungo trebatze saioek. Urola Kostako Udal Elkartearen bitartez, orain dela bi urte eman zituzten lehen saioak; Araban, berriz, Lanabes proiektuaren bidez eman zituzten saioak. Oiartzunen Lanin egitasmoarekin gauzatzea erabaki zuten, enpresetara euskara eramateko helburuarekin.
Trebatze saioak eskaintzeko balizko arrazoiak zerrendatu ditu Muguruzak: “Adin batetik beherako askok D ereduan egin dituzte ikasketak, baina beste askok, ez. Lanean hasten garenean, gure hizkuntza hautua beti ez da bermatuta egoten, ez da beti aukera egoten lantokian euskaraz aritzeko”. Horrez gain, gaitasun falta baino gehiago, “ohitura falta” sumatzen du Muguruzak. Horrek, era berean, “segurtasun gabezia” bat sortzen du mezua idatzi edo telefonoa hartu behar duen langilearengan.
Laninekin egin dituzten bisitetan nabaritu dute hutsune hori: “Langileek esan izan digute inertziaz gaztelaniaz egiten dutela, eta mezu elektroniko bati euskaraz txukun erantzuteko segurtasun falta nabari dutela: lokailu egokiak nola erabili, agurrak nola egin…”. Saio horiek ez direla “trinkoak” izango ziurtatu du Muguruzak, “gauza zehatzetara” joko dutela. Telefonoa hartzen laguntzeko ikastaroa oinarrizko euskara maila dutenei zuzenduta dago. “Oinarrizko ezagutza badaukate horiek, baina pixka bat askatzea falta zaie. Pixka bat espezializatu egingo dugu saioa. Telefono dei bat hartzean erabili beharreko formula, hiztegiak… zehaztuko ditugu, baita urduritasun momentuei aurre egiteko mekanismoak eman ere”.
Antzeko zerbait egingo dute mezu elektronikoak ardatz izango dituen saioan ere. “Egiturari begiratuko diogu, formalari eta ez formalari, zalantzak nola argitu ere ikusiko dugu… Baliabideak emango dizkiegu segurtasuna lor dezaten”. Euskaraz diskurtso bat lantzeko gai direnentzat izango da.
“Eragiteko beharra”
Muguruzak azaldu duenez, arlo sozioekonomikoan “eragiteko beharra” ikusi zutelako sortu zuten Lanin, duela bost urte. “Oso herri euskalduna” da Oiartzun, eta bide hori urratzeko “aurreratuago” dago. “Enpresa batzuek oso argi dute euskaraz lan egin nahi dutela; beste askok, ez. Guk beti esaten diegu ez diegula lanik emango, kendu egingo diegula”.
Ahize-AEK-ko kideak enpresa guztiak animatu ditu Laninen parte har dezaten. Lantoki batzuek ingurumenarekiko duten “gizarte erantzukizunarekin” alderatu du euskararekin har dezaketen jarrera. Horrez gain, enpresek eurek langileen nahiak eta beharrak ase behar dituztela erantsi du, baita kontsumitzaileen eskubideak errespetatu ere, nahiz eta onartu duen Laninek, gehienbat, tailer txikiekin lan egiten duela. “Batzuentzat nahikoa da errotulazioa euskaraz jartzea”.
Euskararen jakintza aldetik, “datu onak” daudela azpimarratu du Muguruzak, eta “erabileran” dagoela koska. “Erabilera unibertsala izatea nahi badugu, ezin dugu euskara aisian zokoratu. Hezkuntzan bezala, lantokian ere izan behar du egokia”. Gogorarazi du euskaltegiak beti egongo direla prest langileak jasotzeko, eta udalak ematen dituen laguntzak nabarmendu ditu.
Leave a Reply