Kulturartekotasunari bidea aurkitu nahian

Kulturartekotasunari bidea aurkitu nahian

Beñat Alberdi

Kultur aniztasuna gero eta ohikoagoa eta pluralagoa den hezkuntza sistemaren nondik norakoak azaldu ditu Amelia Barquin MU Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Arrasaten eskaini berri duen hitzaldian: Immigrazioa, eskola eta bizikidetza. 2002tik ari da gai horren inguruan lanean, eta, ondo egin diren gauzak azpimarratu arren, MUko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak hainbat erronka ere nabarmendu ditu etorkizunerako, “segregazioa gainditzea”, kasurako.

Filologia erromanikoa ikasitakoa da Barquin, eta hizkuntza irakasle bukatu du unibertsitatean. Interes pertsonalak gerturatu zuen bizikidetzaren gaia aztertzera; interes pertsonalak, eta 2002an jada igartzen hasi zen behar batek: “Irakasleek deitzen ziguten atzerrian jaioa zen eta euskaraz eta gazteleraz ez zekien ikasle batekin zer egin galdetzeko”, azaldu du Barquinek. Unibertsitateko ikasleak edo etorkizuneko irakasleak kultur aniztasuna landuko zuten eskoletarako trebatu behar zituztela erabaki zuten, eta horrela sortu zuten Elea taldea; Arrakala izena dauka gaur egun. Bertako koordinatzailea da Barquin.

Urteak pasatu dira hura gai horren inguruan lanean hasi zenetik. Irakasleak esan duenez, gaur egungoarekin alderatuta, garai hartan ez zen hainbestekoa kultur aniztasuna. Hala ere, zehaztu du eskolak ez zeudela prestatuta eta inork ez zuela iragarri zer pasatuko zen. Denborak eta esperientziak ikuspegia aldatu dute, ordea. “Gaur egun ohituago gaude jada”, adierazi du. “Orain ez da sortzen hasieran zegoen larritasunik eta estresik”. Igarotako urteak aintzat hartuta, “irakasle askoren inplikazio pertsonala eta profesionala” nabarmendu ditu adituak.

Dena dela, hezkuntza sistema, oraindik ere, ez du ikusten egoerari egoki erantzuteko moduan. Ziurtatu du duela hamabost urte identifikatu zutela etorkinen seme-alaben segregazioaren arazoa, eta azken bost urteetan berriz lantzen ari direla gai hori.

Erantzun kolektiboa

“Gizarte moduan ari gara erantzuten egoerari, baina guri buruzko irudia ematen du segregazioak, eta ez ona, bereziki”, esan du MUko irakasleak. Funtsean, bi eskola elkarren ondoan badaude eta batean jatorri anitzeko ikasle asko badaude eta bestean ez, “gauzak ondo egiten ari ez diren seinale” dela argitu du Barquinek, “ikastetxe batzuek uko egin diotelako fenomeno horri eta erantzuna emateari”.

Duela gutxi argitaratu dute Diversidad y libertad: Reducir la segregación escolar respetando la capacidad de elección del centro dokumentua (Aniztasuna eta askatasuna: eskola segregazioa gutxitzea eskolaren erabakitze ahalmena errespetatuta); besteak beste, Save The Children gobernuz kanpoko erakundea aritu da lanketan. Txosten horren arabera, Espainiako Estatuan EAE da ikasleak jatorriaren arabera gehien banatzen dituen erkidegoa. Egoera sozioekonomikoa aintzat hartuta, berriz, bigarrena. “Etikoki, behintzat, diskriminatzailea da etorkinen eta txiroen haurrak eskola bakarrean metatzea”.

Izan ere, “bizi kalitatean” eragiteaz gain, “harremanak sortzeko aukeretan” eragin dezake etxe bakoitzeko diru kopuruak. Eta eskolaz kanpoko aisialdiak ere badauka zeresanik horretan. Eskolarekin lotutako ekintzak izaten dira gazteen aisialdiaren oinarri; hots, klase partikularrak, musika, euskal dantzak, kirol jarduerak… Horiek guztiek zer dute komunean? “Ordaindu egin behar direla. Zaila izango dute harremanak sortzea diru faltagatik bertan egon ezin badira”.

Irakaslearen arabera, batetik, eskola bereizkeria bukatzea da helburuetako bat, eta, bestetik, diru faltak espazioak ez bereiztea. Barquinek ez du ahaztu, gainera, kultur aniztasuna gertutik bizi duten zentroak eskatzen ari direna: “Baliabide gehiago. Irakasleen aldetik, gehienbat, eta ez kopuruari dagokionez bakarrik, irakaslerik onenak zentro horietan jarrita ere bai”.

Baina nola bidera daiteke hori? “Hezkuntza politika berri bat” behar dela uste du Barquinek. Haren hitzetan, onartu izan dira segregazioa bizi duten ikastetxeen egoera hobetzeko neurriak, baina ez segregazioa errotik moztekoak. “Batzuetan, garrantzi handia ematen zaio kulturaren osagaiari, eta, askotan, arlo ekonomikoan egoten da gakoa”.

“Gizarte askotarikoa” eraiki ahal izateko eskolak daukan garrantzia nabarmendu du MUko irakasleak: “Ume batzuek elkar topo egingo zuten eskolan, edo ez zuten topo egingo. Familia batzuek topo egingo zuten eskolan, edo ez zuten topo egingo. Baina eskola pribilegio handiko esparrua da aniztasunerako”. Hala ere, bide horretan “estrategiak” garatu behar direla uste du Barquinek, “jatorriaren araberako taldeak soilik ez sortzeko”.

Kultur aniztasuneko gizartea ere irudikatu du irakasleak: “Besteen ekintzekiko errespetuz eta begirunez, eta norbere kulturatik aparte, praktika eta balio berberak dauzkan gizataldea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.