Anorexia eta bulimia ditu hizpide, baina emakumea du buruan Garbiñe Agirrek (Tolosa, 1953); alabaz mintzo da, emazteaz, neska-lagunaz… Ez alferrik, anorexia, bulimia eta elikadura nahasteei loturiko gaixotasunak dituztenen %90 emakumezkoak dira. Acabe anorexiaren eta bulimiaren aurkako elkarteko Gipuzkoako koordinatzailea da Agirre.
Duela hemezortzi urte sortu zen Acabe elkartea. Gaixotasun hauen inguruan pertzepzioa nola aldatu da hemezortzi urteotan?
Duela hemezortzi urte gaixotasun honi buruz gutxiago genekien. Jendea, askotan, elikadura nahasteen sintomak ez ziren beste batzuekin etortzen zen. Gaur egun, ordea, nahikoa barneratuta dago: orain, gurasoak datozenean neska gazteekin-eta gutxitan nahasten dira. Egoera bera da, ordea: batez ere ezintasuna, zailtasuna, zer egin ez jakitea… Baina gaixotasunaz duten ideia ez da erreala, kaleko topikoena baizik.
Eta gaixotasunek izan dute bilakaerarik?
Duela urte batzuk anorexia kasuak gehiago ziren orain baino. Orain bulimia gehiago ikusten da, eta zehaztu gabeko nahasteak: tripakadak, botaka egitea eta halakoak. Baina gaixoen proportzioak bere hartan segitzen du: %90 emakumezkoak eta %10 gizonezkoak. Iaz, esaterako, 79 pertsona artatu genituen, eta horietako bi baino ez ziren gizonezkoak. Gizarteari dagokionez ere, gero eta presio, estres eta zailtasun gehiago daude, baita ekonomikoak ere. Garaiotan ahulagoa da jendea. Hor badago balio galera bat.
Elikadurarekin loturiko nahasteen inguruan nolako irudia ematen da?
Neskatila askok, 11-12 urterekin, konplexuak dituzte, segurtasun falta, eta industriak eta hedabideek zerikusi handia duten horretan: segurtasunik gabeko neska gazteak sortzen dituzte, behar den guztia saldu ahal izateko. “Zu izan zoritxarrekoa, guk ilusioa salduko dizugu eta”. Hori da helarazten den mezua. Orain, gainera, udaberrian, betiko kontuekin hasten gara.
Neskak eta gazteak. Oraindik ere binomio hori badago.
Bai, eta ez dauka azalpen argirik. Ikertzen ari direnek eta profesionalek uste dute, burmuinari dagokionez badagoela zerbait horretara bultzatzen dituena. Jatorria ere ez dago zehaztuta, ezin da jakin erabat nola tratatu… Badirudi aldez aurretiko joera batzuk badaudela, baina ez dago ikerketa sendorik ere eginda.
Zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue Acabe elkartean?
Bi alderdi tratatu behar dira: sanitarioa eta soziala. Alde sanitarioa ezinbestekoa da. Arazo asko eragiten dituen gaixotasuna da, gaixotasun mentala delako, iraupen handikoa eta tratamendu luzekoa. Eta anorexiaren kasuan, zailtasun handi bat du; ez dutela gaixotasunaren kontzientziarik, oro har. Ez dute laguntzen, eta erresistentzia handia jartzen dute. Bulimia eta gainerako nahasteak, gaixotasun modura baino gehiago, jokabide txar baten modura ikusten da: ezkutatu beharko balitz bezala, norberak irtenbidea bilatu beharko balio bezala. Denbora asko pasatzen da laguntza eskatu aurretik, eta ondoren ere, irtenbidea ez da berehalakoa: buelta eman behar zaio gauza askori. Normalean, janariarekin eta irudiarekin dagoen arazo bat balitz bezala ikusten da, baina hori sintoma bat baino ez da. Atzean, zailtasunak dituzten pertsonak daude, zailtasun horiek nola bideratu asmatzen ez dutenak, eta, ondorioz, irudia eta janaria kontrolatzen dituzte, besteari ezin diotelako aurre egin.
Gaixotasuna gainditu ostean, gizarteratzea nolakoa izaten da?
Jende multzo bat gaixo kronikoa izango da: %30 inguru. Gaixotasun hau batzuetan beste psikopatologia batzuei lotuta egoten da. Horrek eboluzioa are konplexuagoa izatea dakar, eta errekuperazioa ere bai. Baina elikadurari loturiko nahasteei buelta ematea lortzen duten pertsona horiek oso indartuta ateratzen dira, maila guztietan. Errekuperatzen den jendeak gero izugarrizko balioak ditu, sentsibilitatea, eta abar. Honi aurre egiten dionak beste edozeri aurre egin diezaioke.
Zer-nolako harremana daukazue osasun publikoarekin?
Osakidetzari eskatzen dioguna ia hasierako gauza berberak dira. Profesional falta dago eta gaixoek arreta handiagoa behar dute; baliabideak falta dira. Ospitaleratzeko unitate espezializaturik ez dago. Eta ez dago bestelako baliabiderik; eguneko ospitaleak, esaterako. Batzuetan, pertsona bat hiru hilabetez egoten da ospitalean, baina porrot egiten du gero, ospitaletik kanpoko jarraipena eskasa delako.
Familiak, inguruak zer-nola lagundu diezaioke gaixoari?
Familia oso garrantzitsua da. Pertsona hori oso gaizki ari da pasatzen, eta eduki behar du eroso eta seguru sentituko den inguru bat. Horrek ez du esan nahi nahi duena egiten utzi behar diotenik, edo estutu behar dutenik; egon daitezela hor. Gaixoak ahalegina egingo du kalean, baina etxean egoera gogorrak jasan beharko dituzte. Gaixoak ez dezala etxean fronte bat izan, baizik eta alderantzizkoa.
Dietak. Irtenbidea edo arazoaren sorburua dira?
Kontu handia eduki behar da dietekin, batez ere nerabe eta gazteetan. Dieta da lehen pizgarria elikadurarekin loturiko nahasteetan. Jendea ez da osasunagatik hasten dietak egiten, irudiagatik baizik: neure burua ez dudalako onartzen, neure burua ez zaidalako gustatzen. Epe motzerako emaitzak lortzen dituzte, eta osasunak ez ditu kezkatzen. Arrisku jokabide horietan, dieta profesional batek jarri arren, inork ez dizu bermatzen ez dela obsesionatuko. Arazoa obsesioa da, arazoa gero gizentzeari izango dion beldur handia da.