“Iraina da Kontxa arrauneko Olinpiar Jokoak direla esatea”

Casitas lakua ez du inoiz ere ahaztuko Luis Mari Lasurtegik (Pasai Donibane, 1956). AEB Amerikako Estatu Batuetako Kalifornia estatuko Santa Barbara hirian dago, eta han egin zituzten arrauneko aulki mugikorreko lehiak 1984ko Olinpiar Jokoetan, Los Angelesen. Lemazainik gabeko proban, zilarrezko domina irabazi zuen Lasurtegik, Fernando Climent Sevillako (Andaluzia, Espainia) arraunlariarekin batera. Luis Mari Lasurtegi eta Fernando Climent. Lasurtegi-Climent. Betiko geldituko den bikotea sortu zen han. Espainiak bost domina lortu zituen 1984an, baina arraunekoa lehena izan zen, eta, horregatik, hedabideetan oihartzun handia izan zuen arraunlarien lanak.

Baina bien arteko harremana ez zen han bukatu. 1988ko Seulgo Olinpiar Jokoetan ere, elkarrekin arraun egin zuten —emaitza nahi baino apalagoa izan zen—, eta, biek arraun profesionala utzi badute ere, euren arteko harremanak jarraitu du; izan ere, egun, Espainiako Arraun Federazioko presidentea da Climent, eta lehen presidenteordea sanjuandarra. Luzernako (Suitza) Munduko Kopako estropadetarako maleta egiten ari zela hitz egin du Lasurtegik Gipuzkoako Hitza-rekin. Londresko Olinpiar Jokoetan sartzea jokatuko da han, eta Lasurtegi Espainiako Federazioaren ordezkari gisa izango da Suitza aldean. Beraz, ez du hautsi arraunarekin zuen harremana. Climent haren izatezko bikote da ia oraindik ere. Euskal Herria, Madril eta nazioarteko proben artean banatzen du denbora Euskal Herriak izan duen arraunlaririk handienetakoak.

1984ko Olinpiar Jokoetan lortu zuten ospea, baina sanjuandarra egona zen aurretik ere Olinpiar Jokoetan: Moskun, 1980an. Hango oroitzapen oso onak ditu, lehen Olinpiar Jokoak izan zituelako, eta zenbait arazo politiko izan zirelako tartean, hainbat herrialderen boikota tarteko —Los Angelesen ere, herrialde batzuek uko egin zioten parte hartzeari—. “Ez ginen Espainia gisa joan Moskura, Espainiako Olinpiar Batzordearen izenean baizik. Espainiako banderarik gabe joan ginen; hortaz, zuriz eta urdinez jantzi gintuzten, Reala bezala! Ilusio handia egin zidan Los Angelesen zilarrezkoa irabazteak, baina 24 urterekin Moskun izatea ere oso gogoan daukat; laugarren izan ginen, gainera: brontzezko dominatik oso-oso hurbil. Laukoan, lemazainarekin, parte hartu nuen”.

Bigarren Olinpiar Jokoak izanik, kirolari moduan askoz helduagoak zirela aitortu du: “Beste era batera gozatu genuen dena, eta, domina irabazteaz gain, Los Angelesen gustura izan ginen; esaterako, Espainiako saskibaloi selekzioak zilarrezko domina irabazi zuen, eta AEBen kontra jokatu zuten finalean izan nintzen ni”. Atlantikoa zeharkatu, eta harrera beroak egin zizkieten bi arraunlariei: “Pasai Donibanen, Sevillan, Bartzelonan… Ahaztu ezinezko uneak izan ziren horiek, zalantzarik gabe”.

1988koak izan ziren Lasurtegiren azken Olinpiar Jokoak. Ordutik aurrera, erabaki zuen arraunaren aldeko bulego lanean aritzea, Espainiako federazioan. Federazio horretan kirolari onak trebatzeko lanean gogor dabiltzala dio, baina nabarmendu du euren domina izan dela Espainiako arraun selekzioak Olinpiar Jokoetan lortu duen bakarra: “Londresen, oso zaila izango da zerbait lortzea. Luzera begirako lana egiten ari gara, eta, beharbada, zerbait lortu ahal izango da Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan —2016an izango dira— “.

Arraunaz

Aulki mugikorrean bakarrik ez. Tosta finkoan ere ibilitakoa da Lasurtegi, eta, esaterako, 1986ko Kontxako Bandera irabazi zuen Pasai Donibane Koxtape taldearekin. “Beti berandu iristen nintzen traineruetara; izan ere, aulki mugikorreko lehiaketak ere udan izaten ziren, eta trainerura irail aldean iristen nintzen. Egokitzeko denbora bat behar izaten nuen, baina, hala ere, ohiko traineruak ez nituen albo batera utzi”. Edozein moduz, egungo arraunaren gaineko iritzi kritikoa du Lasurtegik. Euskal Herriko arraunlariek maila ona dutela uste du, baina nabarmendu du lan gehiago egin beharko luketela Olinpiar Jokoetara joateko, adibidez: “Egun, San Miguel Ligan, Espainiako selekzioarekin egon diren 10-14 arraunlari egongo dira, eta horietatik guztietatik bat ere ez da izan, adibidez, Munduko Txapelketa bateko finalean tosta mugikorrean. Ez dut nahi jendeak gaizki hartzea, baina azaldu nahi dudana zera da, Euskal Herrian maila ona egonda ere lan izugarria egin behar dela goi mailako arraunlari izateko eta dominak lortzeko. Askok esaten dute Kontxa arraunaren Olinpiar Jokoak direla. Hori, niretzat, iraina da. Olinpiar Jokoak lau urtean behin egiten dira; han izateko, lan handi-handia egiten dute arraunlariek, eta maiz kanpoan gelditzen dira. Ez dut esan nahi Kontxan egotea erraza denik, baina ez du zerikusirik bestelako goi mailako arraun probekin”.

Gogoeta ere egin du: “Nire garaian, Espainiako aulki mugikorreko selekzioko partaideen erdiak-edo Euskal Herrikoak ginen. Orain ez dago ia inor. Kantauri itsasoan egiten diren estropadetara telebista, babesleak eta dirua iritsi dira. Arraunlari asko daude, baina hemengo mailarako. Euskal Herriko arraunlariek duten maila nazioartean ere azaldu beharko lukete. Tosta mugikorreko arrauna albo batera uzten ari gara”.

San Juango arraunaren esparruan azken urteetan izan diren aldaketekin baikor da arraunlari izandakoa: “Pozik nago, pozteko modukoa delako denek elkarrekin talde bat babestea, eta emaitza onak lortzen ari dira”.