Leire Narbaiza
Udaberri bitxia da 2021ekoa. Apirilean, maiatzeko eguraldia; eta maiatzean, apirilekoa. Euri gutxi, oro har, eta egun eguzkitsu asko. Klima aldaketaren zantzuak, duda barik. Gorabehera handiak tenperaturan, eta ezin asmatu zer jantzi. Beroa bat-batean, eta denboraldi guztian erabilitako arropa soberan. Horregatik, zer edo zer arinagoaren bila ibili gara armairuan, eta gainezka egon arren, ez dugu ezer aurkitu. Hiru bizitzatan janzteko beste jantzi baditugu ere, ez dugu asmatzen eta dendara zerbaiten bila joateko desioa pizten zaigu. Arazoa. Lehenengo Munduko arazoa.
Hainbeste janzki izango genituela inoiz ez genuen pentsatu. 14 urterekin batxilerra (BBB-BUP) egiteko eskolaz aldatu ginenean, praka pare bat eta jertseren bat erosi zizkiguten gutako batzuoi, ordura arte uniformean ibili ginenez, praka bakero pare bat, eskolako jertse urdin iluna eta alkandora zuria eta asteburuetako arropa besterik ez genuelako. Klaseko aberatsenak ere ez zeukan askoz arropa gehiago! Eta ekonomikoki ez geunden txarto. Ez naiz gerra osteko umea, ez. Horrela zen, eta kito. Austeritatea genuen arau, eta arropa merkerik ez zegoen. Horra hor gakoetako bi.
Beraz, gazte denboran aisialdia betetzeko ez ginen erosketak egitera joaten arratsalde pasa, orain jende askok egiten duen moduan. Urtean bitan egiten genuen, egitekotan, denboraldirako hornitzeko. Nahikoa. Beharrezkoa baino ez, eta gurean, ahal izanez gero, merkealdian.
Orain pare bat urte, merkealdi baten lagundu nion gertuko bati Eibarko El Corte Inglesera kamiseta baten bila. Sasoi aldaketa zen, eta arropa pila bat zegoen sobera. Milaka jantzi zebiltzan erretiratzen, beste horrenbeste jartzeko. Eta horrela El Corte Ingles guztietan, eta munduko jantzi-denda erraldoi guztietan. Milioika arropa alferrik, sasoiz pasatuta. Zer egiten ote dute sobera geratu zaizkien oihal tona horiekin? Egun horretan ikusi nuen telazko itsasoak kortozirkuitua eragin zidan buruan.
Aurreko zapatuan, Euskadi Irratiko Amarauna saioan Danel Agirre zutabekide ohiari entzun nion Alemanian Amazonek aitortu duela itzultzen diren produktuen %5ek erraustegian amaitzen dutela, erre egiten direla, merkeago irteten zaielako, biltegietako espazioa oso neurtuta dagoelako, eta kostu ekonomiko (ez bestelakoa) handia duelako. Ehunka mila tona urtean! Bere burua defendatu du Amazonek, esanda beste enpresa batzuek ere egiten dutela, eta ahalegintzen ari direla gero eta genero gutxiago deuseztatzen. Entzun nuenean, burua lehertu zitzaidan! Merkeago? Norendako?
Orain galdetzen diot neure buruari ea El Corte Ingleseko telazko itsasoa ere erraustu egingo duten. Ea Amazonek Oiartzunen jarri nahi duen banaketa zentroko pakete itzuliak errefus bihurtuko diren, eta Zubietako erraustegian erreko dituzten. Beharbada, hori behar zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak suzko munstroa elikatzeko.
Ez dakit, dena hain apokaliptikoa iruditzen zait, hain zoroa eta burugabea! Jendea ia esklabo izan produktu bat egiteko, milaka kilometro egin produktuak, eta suntsitu! Burutik eginda dago kapitalismoa, eta kontsumoaren kiribil infinituan sartuta gaude gu. Izan ere, armairuak gainezka izanda, dendetako erakusleihoetan imajinatzen gabiltza zer erosiko dugun, klima aldaketa eragiten, klima aldaketak eragindako eguraldi zoro honi aurre egin nahian. Uf!
Leave a Reply