“Guztiok ditugu ahalmen guztiak; beste kontu bat da garatzea ala ez”

Begoña Gonzalez (Bilbo, 1961) ari da ematen Eibarko Andretxearen Jabetze eskolan Kotxeko mekanika eta etxeko konponketa tailer praktikoa. Emakumeentzako ikastaroa baliagarritzat jotzen du irakasleak, norberaren gaitasunak aurkitzeko bidean oso lagungarria izan daitekeelako. Aurreiritzien alorrean, berriz, norberak bere akatsetan “estropezu” egingo duela uste du.

Zer ikasiko dute tailerrera joaten ari diren emakumeek?

Bada, horixe bera, etxeko konponketa lantxoak egiten: elektrizitate kontu txikiak, lanparak konpontzea, esaterako. Iturgintza pixka bat ere bai; jarioa duten kanilak konpontzea, trabatutako isurbideak garbitzea… Etxean egunero gertatzen diren gauzak. Funtzionatzeari uzten dioten tresnak konpontzea.

Zergatik da garrantzitsua emakumeentzat gauza horiek jakitea?

Arrazoi askorengatik da garrantzitsua. Batez ere, pertsona guztiok ditugulako ahalmen guztiak, beste kontu bat da horiek garatzea edo ez. Eta… noski, pertsonen artean emakumeak gaude. Badirudi gu garbiketaren txiparekin jaiotzen garela, eta gizonezkoek brikolajearena dutela. Ez da horrela, bizitzako beste gauzak bezala, horiek ere ikasten dira; egitearen poderioz ikasten dira gauzak. Garrantzitsua da emakumeek bere burua edozein gauza egiteko gai ikustea. Gainera, lantxo hauek egiten ikasita, badaude maila pertsonalean hazten diren emakumeak; osoago sentitzen direnak. Gaur egun jabekuntza deitzen zaio horri. Esate baterako, argindarrari beldurra galtzean, batzuetan, beste gauzei ekiteko gai garela ikusten dugu.

Nola iritsi zara ikastaro hauek ematera?

Zortzi bat urte daramatzat horrelako ikastaroak ematen. Ekonomia maila apaleko auzo batean bizi naiz, eta nire maila ere horrelakoa da. Duela urte dezente, auzo elkarteak eta horrelako beste talde batzuek jendeak ofizio bat ikasteko ikastaroak antolatu zituzten. Haietan, urtebete pasatxo eman behar zenuen; bi hilabeteko teoria, eta gero urtebete praktikak egiten. Benetako praktikak; peoi kontratua geneukan. Urtebete ematen genuen etxeetako obretan; hain zuzen ere, bitartekorik ez zuen auzoko jendearentzat egiten genituen aldundiak diruz lagundutako lan horiek. Ikastaroetan, emakumeentzat gordetako bi plaza zeuden, eta ni beti izan naiz oso emakume brikolajezalea. Ikastaro hartan, denetarik ikasi nuen profesionalki. Horren ondoren, eginbeharren truke ikastaro batzuk emateko deitu zidaten. Orain, ikastaroren bat irteten zaidan bakoitzean emateko saioa egiten dut, asko gustatzen zait eta.

Urteotan aldaketarik nabaritu al duzu?

Ez gehiegi. Normalean pertsona helduak izaten dira ikasleak, berrogei urtetik gorakoak. Maiz, ardura eta gogo hori duten pertsonak dira; beste batzuetan, berriz, ekonomiak pisu handia dauka, eta beren kasa moldatzen dakiten pertsonak izan nahi dute ikasleek. Bestalde, badira denbora asko dutenak ere. Alargun dezente ere etorri ohi da horrelakoetara, lehen beraien senarrek egiten zituzten gauza horiek ikasteko gogoa dutenak.

Gizonezkoak ere izan dituzu ikasle. Zer moduz hartu zaituzte?

Denetarik dago. Baina, gertatu ohi da batzuetan nahasita datozela, baita emakumeak ere. Eraikitzen ari diren etxerako argindar instalazioa egiten ikasiko dutela uste dute. Hauek ez dira ikastaro profesionalak, hauek etxean gauzak egiteko kapaz izaten ikasteko ikastaroak dira. Ezin zara profesional bihurtu lau saiootan! Bestalde, desafioa beti dago hor, gizonezko batzuk hitz handiak erabiltzen hasten dira, dela diferentziala dela besteren bat, nola erantzuten dudan ikusteko. Horri zera esaten diot. “Nik orduka kobratzen dut, eta, ikastaroan ematen den maila baino gehiago ikasi nahi baduzu, emango dizkizut eskola partikularrak”. Baina, tira, kanila konpontzen ikastera datozenak ere badaude.

Ikastaroetan ez ezik, obretan ere ibilia zara. Aurreiritzi asko aurkitu al duzu?

Bai, baina horiekin tratatzen ikasten duzu. Obretan, gizonezkoek esan izan didatenean “zuk ezin duzu zaku hori altxatu”; bada, “ezetz” erantzun, eta beraiek altxatzeko esaten nien. Aurrez aurreko liskarretan ez sartzen saiatu naiz. Niretzat hori hobea da, beraiek direlako beraien akatsetan estropezu egiten dutenak, zakua eraman behar izan dutenak. Nik neuk ikusiko nuke nola mugitu zakua, baina dena delakoak ezin dudala badio…

Ikastaro hauek baliagarri ikusten dituzu?

Ikusten dudanagatik, baietz esan behar dut. Bere burua tontotzat zeukaten emakumeak etorri zaizkit, gauza ez direla izango esaka. Ikastaroa bukatu, eta zer egiteko kapaz diren ikusten dutenean, lanpara bat konpondu-edo, harro irteten dira. Esaterako, 60 urtetik gorako emakume batek kontatu zidan senarrak eta semeak esaten ziotela ezin izango zuela kanila konpondu. Nik, berriz, esan nion lasai saiatzeko, dagoeneko hondatuta zegoela, eta konpondu besterik ezin izango zuela egin. Semea eta senarra etxean ez zeudela, konpondu egin zuen kanila. Horren ondoren, zera esan zien: “Konpontzen badakidala ikus dezazuen. Hemendik aurrera, afaria nik egiten badut, zuek kanila konpondu, ea orain niri tokatuko zaidan dena egitea”. Kontuz ibili behar dugu horrekin, ze, bestela, emakumeak dena egitera etorriko dira.

Zure ustez, tankera honetako nahiko ikastaro antolatzen dira?

Uste dut udal askoren emakume atalak ez duela behar beste diru, edo ez dela diru hori ondo banatzen. Makrame edo lorezaintza ikastaro gehiago antolatzen baitira, gisa honetakoak baino, eta, nik ikusten dudanagatik, kontua ez da bakarrik entxufeak aldatzen ikastea. Horrelako ikastaroek bestelako zerbait ematen baitiote emakumeari; konplexuen aurkari onak dira, eta autoestimua igotzen laguntzen dute. Emakumeak oso pozik irteten dira, eta ez dakit zergatik ez diren halakoak maizago egiten. Gainera, ikastaro hauek oso biziak dira, eguneroko bizitzan baliagarriak direlako.