Mikel Ugarte omenduko dute Banakon

Izaera taldeko musikari izandako Mikel Ugarte (Hondarribia, 1980 – Bera, 2011) omentzeko gaur eta bihar kontzertuak izango dira Hondarribiko Banako aretoan, Mikel Live! goiburuarekin. Gaur, Zea Mays, Anje Duhalde eta Beti Mugan ariko dira; bihar, berriz, Lif, Lisabö eta Eraso!. Bai gaur eta bai bihar, 22:00etan hasiko dira kontzertuak. Sei talde horiek eta DJ pare batek joko dute Ugarteren omenaldian, baina askoz gehiago izan zitezkeen, dozenaka bandaren soinu teknikaria izan baitzen Ugarte. Talde berrien grabaketak ere egiten zituen, eta duela urte pare bat MIK estudioa sortu zuen Beran (Nafarroa). Han entseatzen zuen Izaera hardcore hirukotearekin.

Joan den urteko abenduaren 19an hil zen Ugarte, auto istripuz, 31 urterekin. Berako estudiotik Hondarribiko Psilocybenea estudioetara joan behar izan zuen, baina ez zen Berara itzuli. Albistea jakin bezain pronto euskal musika munduan zabaldu zen samina. Senitartekoek, Izaera taldekoek eta Hondarribiko lagunek Ugarteren heriotzarengatik animoa agertzen zuten dozenaka mezu jaso zituzten: posta bidez, telefonoz, blogetan…

Ez zen musikarietan ezagunena, baina teknikari bezala langile “fina” zela diote. “Bere lanarekin inoiz ez zegoen soinu arazorik”, dio Olearso elkarteko kide batek. Dioenez talde askok deitzen zuten berari buruz galdezka, kontzertuetan Ugarterekin kontatu nahi zutela esateko. Hain justu, Olearsokoak aritu dira Mikel Live! prestatzen. Bazekiten ingurukoek omenaldian egon nahiko zutela eta horregatik promoziorik ez egitea erabaki zuten, “kalean inor ez uzteko”. Baina ez dute lortuko; egon nahiko luketen guztiak ez dira Banakon kabituko. Lerro hauek idazterakoan oso sarrera gutxi geratzen ziren saltzeko, eta batek baino gehiagok irakurri beharko du sarrerarik ez dioen kartela, bai gaur, eta baita bihar ere.

Parte hartu nahi izan duten guztiek ere ez dute jaialdian joko. “Su ta gar edo Ze esatek! bezalako taldeek kanpoan geratu behar izan dute”, onartu dute Olearson.

Gauza bat jakina da, taula gainean eta bozgorailuen aurrean jarriko direnak, guztiak, Mikel Ugarteren lagunak izango direla. Kuadrillakoak, Psilocybenekoak, zein Berako estudiotik pasatutakoak.