Ihintza Elustondo
Dagoeneko ezer gutxirako balio dute itsulapiko zaharretan gordetako pezetek, bata bestearen gainean pilatutako txanpon zaharrek. Badira urte batzuk euroa indarrean sartu zela, eta ordutik egon da aukera pezeta horiek euro bilakatzeko. Dena dela, amaitzear da txanpon horiek euroengatik aldatzeko epea: hain zuzen ere, ekainaren 30a izango da horretarako azken eguna. Horren aurrean, ideia bat izan dute Zarautzen errotuta dagoen Hotz Zarautz elkarteko kideek: pezetak biltzen ari dira, txanpon horiek elkartasun olatu bilakatzeko.
Iheslariei eta beharra dutenei laguntzeko lan egiten dute elkarte horretako kideek, eta, helburu horri tiraka, askotariko egitasmoak sustatu ohi dituzte. Bide horretan, beste urrats bat izango da pezeta zaharrei etekina ateratzea. “Jendeak etxean alferrik dituen pezetak biltzen ari gara, ondoren horiek euro bilakatu eta errefuxiatuei laguntzera bideratzeko”, azaldu du Marije Izeta Hotz Zarautzeko kideak.
Iazko Gabonetan jarri zuten proiektuaren lehen ernamuina. Eguberrietan bigarren eskuko denda zabaldu ohi dute Hotz Zarautz elkarteko kideek, baina iaz ezin izan zuten nahi bezala egituratu saltoki hori: “Izurria dela eta, ezin izan genituen salgai jarri bigarren eskuko arropak, haiek saldu aurretik beharrezkoa zelako denak tindategitik pasatzea”. Egoera horren aurrean, Donostiako denda batek utzitako berokiak saldu zituzten, baina beste zerbait egitea ere bururatu zitzaien: “Elkarteko kide bati bururatu zitzaion dendan kutxatxo bat jartzea pezetak dohaintzan emateko”.
Gabonetako denda hark itxi zituen ateak, baina egitasmo hari jarraipena ematea erabaki zuen elkarteak. “Nire lagun batek denda bat dauka Zarautzen, eta galdetu nion ea bere dendan bil genitzakeen pezetak. Berehala eman zidan baiezkoa”, esan du Izetak. Egun, Hotz Zarautzen egitasmoarekin bat egin nahi dutenek Zabalegi dendara eraman ditzakete txanponak; Kale Nagusiko 18. zenbakian dago saltokia.
Pezeta-euro trukea, Bilbon
Izetak adierazi duenez, “nahiko erantzun ona” izaten ari da egitasmoa; oraingoz, 152.000 pezeta bildu dituzte; gutxi gorabehera, 914 euro. Haren arabera, kopuru hori aipatzean ematen du “diru asko” dela, baina kopuru hori eurotara aldatzean, “hainbeste ere ez da”. Horregatik, herritarrak animatu ditu txanponak dohaintzan ematera, ahalik eta diru gehien eskuratzeko: “Ekainaren 30etik aurrera, ez dute ezertarako balioko pezetek. Gainera, horiek eurotara aldatzeko Bilbora joan beharra dago, ordua hartuta. Beraz, uste dut aukera polita dela etxean sobran ditugun pezetak kentzeko, eta, bide batez, errefuxiatuei laguntzeko”.
Hotz Zarautzeko kideak ekainaren 28an joango dira Bilbora pezetak eurotara aldatzera; dagoeneko hartu dute ordua. Horregatik, ekainaren 24a izango da txanponak dohaintzan emateko azken eguna. Zarauzko jendea ez ezik, inguruko herrietako bizilagunak ere animatu ditu Izetak egitasmoarekin bat egitera: “Lehen itxita zeuden mugak, baina orain Gipuzkoa osotik etortzen da jendea Zarautzera egunpasa, hondartzara edo dendak ikustera. Haiek guztiak animatuko nituzke etxeko txanpon zaharrak bildu eta poltsatxoa Zabalegi dendara ekartzera. Asko eskertuko genioke hala egiten duenari”.
Badakite bildutako dirua iheslariei laguntzeko baliatuko dutela, baina oraindik zehazteko dute zer proiektutara bideratuko duten. “Itsas Salbamendu Humanitarioari edo Zaporeak erakundeari emango diogu bildutako dirua, egiten ari diren lanarekin jarraitzeko bultzada bat izan dezaten. Elkarte horietako ordezkariek badakite zer eremutan dagoen beharra, eta haiei emango diegu dirua, beharra dutenei lagun diezaieten”. Horrez gain, Izetak adierazi du “inguruotan” norbaitek behar handia duela jakiten badute hari laguntzeko ere baliatuko dutela dirua.
Hainbat boluntariok osatzen du Hotz Zarautz elkartea, eta kide horiek “beti buruari bueltaka” ibiltzen dira, Izetaren arabera: “Beti ari gara errefuxiatuei nola lagundu pentsatzen. Errefuxiatuez hitz egiten hasi zirenean, jendeari asko eragin zion gaiak, baina orain ahaztu egin dira asko eta asko. Dena den, beti egon dira errefuxiatuak, eta beti egon dira egoera txarrean, gainera”.
Iheslariei laguntzeko bide horretan, pezeten egitasmoa “beste proiektu bat” besterik ez da; hala adierazi du Izetak: “Errefuxiatuekin ere egon ohi gara batzuetan. Familia batzuk Siriatik etorri dira Zarautzera; saharar bat ere etorri da herrira…”. Hotz Zarautz elkarteko kideak azaldu du horiek Euskal Herrira iristen direnean ez dutela ezer ezagutzen. “Eta herria erakutsi ohi diegu guk: dendak, osasun zentroa, banketxea… Beharra dutenei era askotako laguntza ematen saiatzen gara”.
Leave a Reply