Herri kultura

Herri kultura zer den ideia askotarikoak ditugu buruan; batzuetan interesen arabera ere osatzen da definizio hori. Eta definizioaz aparte, errealitateak ere erakusten dizkigu herri kulturaren egoera askotarikoak, munduan zehar: batzuetan komertzializatuta eta estandarizatuta egoten da, bakarrik turistentzat balitz bezala; beste batzuetan, ideia politiko edo erlijiosoak bideratzeko erabiltzen da; edo iraganaren irudi idealizatua margotzeko bestela.

Guk hemen, asmo antropologikorik edo filosofikorik gabe, hauxe hartuko dugu oinarritzat: herri kultura dela, herritar arruntak zuzenean —ikusle eta egile— parte hartzen duen kultura eta lurralde jakin baten ezaugarriei lotuta dagoena.

Estaturik gabeko herrietan eta kulturetan dugu herri kulturaren eta herritarraren inplikazioaren behar berezia, zeren neurri handi batean bertan adierazten eta gauzatzen baitira herriaren izaera eta nortasuna. Baita Euskal Herrian ere. Azken bi mendeetan, euskaldunentzat herri kultura, Euskal Kultura herrikoia, herria irudikatzeko eta eraikitzeko leku garrantzitsua izan da. Kultura nagusien eta hizkuntza dominanteen aurrean ezaugarri propioak gordetzeko eta sortzeko, leku propioak osatzeko, bai eta kontsumoko kulturak irentsiak ez izateko ere.

Euskal Kultura herrikoiak zirkulu komertzial eta dominantetik kanpo hainbat urte iraun badu eta aurrera egitea lortu badu, herritarren inplikazioari esker izan da. Euskal kantak, dantzak, ahozko kultura, herri kirola, jantziak, musika tresnak, festetako edo inauterietako ohiturak… horiek guztiek ez zuten hainbeste urte iraungo, herritar arrunten parte hartze, imajinazio eta gozamenik gabe.

Hala ere, gaur egun herri kultura deitzen duguna, gizakiaren berezko edo antzinako behar batetik dator: elkarri eta elkarrekin zerbait komunikatzeko beharra. Dantzak, kantak, antzezpenak, ipuinak edo errituak gizakiak bere egoera adierazteko tresnak dira, modu indibidual edo kolektibo batean, hartu eta emanez, komunikazio tresna aberatsak erabiliz: ahotsa, erritmoa, kolorea, zarata, doinua, mugimendua, antzezpenak…

Elementu horiek, Euskal Herrian beste leku askotan baino gehiago iraun dute, herritarrek, belaunaldiz belaunaldi, herri kulturari eutsi eta bertan inplikatu direlako.

Hala ere, iraute horretan eustea ez da elementu bakarra: bizirik irauteko, bikotekide bat behar du ezinbestean: bilakaera. Herri kulturak, benetan herrikoia izateko, bizirik behar du. Gizakiak bere eskuetan, gorputzean edo ahotsean sentitu behar du komunikazio tresna hau, patroi kolektibo batean bakoitzak bere berezitasuna sartu ahal izateko. Herri kulturak antzinako elementuak jasotzen ditu, baita mendeetan ezagutu dituen transformazioak ere. Horrela, belaunaldi bakoitzak bere ekarpen propioak egiten ditu, ezaugarri batzuk desagertzen dira, berri batzuk sartu, eta beste batzuek iraun egiten dute. Transformazio prozesu horrek egiten du herri kultura herrikoa izatea.

Mendebaldeko hainbat lekutara begira iruditzen zait leku gutxitan dela herri kultura Euskal Herrian bezain bizia eta herritarrena; aldi berean, tradiziozko eta modernitatezko elementuz beteta dagoena. Dantzan, festetan, bertsolaritzan, kantugintzan, musikan eta arlo gehiagotan sartzen du belaunaldi bakoitzak bere ekarpen propioa, edukian eta forman; askotan, gainera, belaunaldi askoren elkarlanean. Herri kultura bizirik dago Euskal Herrian, horretaz kontziente izatea falta da batzuetan.