Urak bidea hartzen badu…

Urak bidea hartzen badu…

Beñat Alberdi

Naturari ezin omen zaizkio mugak jarri, eta horren erakusgarri da joan den ostegunean Eskoriatzan jazotakoa. Izan ere, gainezka egin zuen Almen-Arizmendi ikastolako kiroldegiaren atzean dagoen errekak. Bistakoa izan zen ondorioa: urak, ohiko bidea egin ezinda, ahal zuen moduan egin zuen aurrera, eta erabat hartu zituen kiroldegia bera eta futbol zelaia; muino batean dago ikastola, eta azpialdean dagoen industrialdera ere iritsi zen ura.

“Ura behar bezala bideratzeko kutxatilak gainezka egiten hasi ziren; hori izan zen lehen abisua”, azaldu du Unai Busturiak, Arizmendi-Almen ikastolako zuzendariak. 16:30 bueltan ziren, eta, “zorionez”, ikasleak 14:00etan etxera itzuliak ziren. “Garbitzaileek esan ziguten ur asko zetorrela kiroldegiaren atzetik”.

UHOLDEAK

Egoera zein zen ikusita, arazoaren muinera joatea erabaki zuten ikastolako zuzendariak eta mantentze lanetan aritzen den langileak, soinean zeuzkaten arropekin; zuzendariak azaldu du justu autoan zeuzkala aurreko auzolan batean erabilitako prakak, eta horiek jantzi ahal izan zituela. Uraren aurkako norabidean joateak ez zien askorako balio izan, ordea, korronteak zeukan indarrarekin oztopoa ezin izan baitzuten kendu.

Busturiak berak aitortu du “bitxikeria” dela kanalak gainezka egin izana, metro eta erdi inguru besterik ez delako zabalean. Emaria eduki badauka, abiadura handikoa gainera, baina ur kantitatea ez da alderik alde iristen. Itxura guztien arabera, aurreko asteko zaparradek eraginda zuhaitz adarrak eta antzekoak pilatu ziren kanalean, eta enbor batek eragin zuen triskantzarik handiena.

UHOLDEAK

Emaria gelditu ezinda, larrialdietara deitu zuten segidan, eta azkar bertaratu ziren ertzainak, suhiltzaileak eta Eskoriatzako Udaleko sorospen langileak. “Korronteak zeukan indarrarekin”, atzera egitea erabaki zuten suhiltzaileek azkenean. “Egoera horretan ezinezkoa zelako oztopoak kentzea”.

Kiroldegiaren atzean dago kanala, hamar bat metrora, eta bere bidean jarraitu zuen urak. Urak, pilatu eta igo ahala, leihoetatik aurkitu zuen barrurako lehen sarrera, eta futbol zelairako bidean dagoen atean bigarrena. Ordurako, urak hartua zeukan kiroldegia.

Ikastola barrua, lehor

Kiroldegiaren aurrean dago futbol zelaia; zelai erdia pasatu eta ezkerretara, berriz, ikastolaren eraikin nagusia. Han zeuden langileek lanean jardun zuten ura barrura sar ez zedin: erratzekin, eskuilekin, lanbasekin… Eraikina urez ez betetzea lortu zuten. “Zentimetro gutxi batzuengatik lortu genuela uste dut”, esan du zuzendariak. “Urak apur bat gora egin izan balu…”.

Ikasle gehienak etxean zeuden ordurako, baina ez denak. Izan ere, eskolaz kanpoko aisialdian zeuden batzuk. Futbol zelaia pasatuta, errepidean behera zihoan ur emaria. Autoz igotzea nekeza zen; oinezkoen bidea ez zuen urak hartu, ordea. Errepidearen ondoan dago espaloia, eta handik igo ziren gurasoak haurren bila.

Gerta zitekeenaz jabetuta, neurri batean “zortea” izan dutela nabarmendu du Busturiak: “Eskerrak oporren aurretik eta arratsaldean gertatu den. Imajinatu zer izango zen zazpiehun ikaslerekin…”.

Joan den ostiralean ziren ikasturtea amaitzekoak, baina ezin izan zuten egin halakorik, uholdeen eraginez. Halere, astelehenean amaitu ahal izan zuten ikasturtea, aste honetan; iaz ezin izan zuten amaitu, COVID-19aren eraginez, eta ez zuten huts egin nahi bigarren urtez jarraian.

Jazotakoa jazo arren, ondorioak ez dira hain larriak izan Aranzadi-Almen ikastolan. Kiroldegia eta futbol zelaia lokatzak hartuta daude oraindik, bai; inguruak ibaiertza dirudi, adarren pilaketekin, bai. Baina egoera ez da larriagotu. Ikastolako arduradunek aseguru etxera joko dute garbiketak egiteko makinak ordaintzeko, eta lan nagusiak burutakoan ikusiko dute zer daukaten egiteko. Beraz, litekeena da auzolana deitzea lanak bukatzeko. Zuzendariaren hitzetan, “esker oneko” daude komunitatetik jaso duten babesarekin. “Gurasoek eta beste ikastoletako langileek laguntza eskaini digute hasieratik”, zehaztu du Busturiak. “Eskertzekoa da behin eta berriz erakutsi duten borondatea”.

Torrebaso industrialdea

Urak beherako bidea hartzen du beti, eta horren ondorioak pairatu zituzten Torrebaso industrialdean; hango garajeetako asko ere hartu zituen urak. Josu Lazkano aretxabaletarrak joan den astean ikusitakoaren argazkia atera zuen, Goiena egunkarian. Danatek enpresako kidea da Lazkano; soinu, argiztapen eta ikus-entzunezko zerbitzuak eskaintzen ditu enpresa horrek, eta urak hartu zuen garajeetako batean dauka biltegia aretxabaletarrak. “Kalte handiak eragin dizkigu urak”, aitortu zuen. Hamabost zentimetro ur zeukaten barruan.

Suhiltzaileak hara ere joan ziren ura ateratzera, eta jabeek ere jardun zuten lan horretan. Haien lanari eta udaleko langileenari esker, dagoeneko garbituta dago poligonoaren inguru guztia. Kalte materialak neurtzen eta aseguruekin negoziatzen ari dira orain.

Joan den ostegunean, ordu gutxian, metro koadroko 30 litro inguru pilatu zen inguru horretan. Gipuzkoan, Hondarribiko aireportuan neurtu zuten euri litro gehien ostegunean: berrogei. Dena den, arazo bakarra ez zuen ur emariak sortu. Aretxabaletako Eroski ere itxi egin behar izan zuten, euriteen eraginez sabaitik ura erortzen hasi zelako. Denda hustu behar izan zuten, baina pare bat orduan garbitu zuten dena, langileen esku hartzeari esker.

Leave a Reply

Your email address will not be published.