Julen Otaegi Leonet
56 urte igaro dira Errezilen azkenekoz garia erein zutenetik. Garai hartan, ez zen sororik gabeko baserririk Hernio inguru hartan. Apurka-apurka, baina, soroak larre bihurtu ziren; Lizarreta Errota baserrian erein zuten azkenekoz garia. Bost hamarkadatako etenaldia izan da, eta, orain, zaharrak berri: antzinako ohiturak bueltan dira berriz ere.
Eneka Lazkano eta Xabier Odriozola okinak, Errezilgo Solaka baserrikoak, buru-belarri ari dira galdutako gari motak ereiteko lanetan. Hazitik Ogira izena dauka Gipuzkoako hainbat okin elkartu diren egitasmoak. Lazkanok azaldu duenez, galdu egin dira hazi horiek, eta galdu jakinduria ere. “Azken finean, gariaren tradizio guztia galdu da, eta horri eutsi nahi genion guk. Hemengo gari zaharra berreskura ote genezakeen jakin nahi genuen guk”.
Errezilgo Solakakoak ez ezik, Iruretxikiko eta Sosolako okinak —Eibarko baserri bat da azken hori ere batu dira Hazitik Ogira proiektura. Leartiker berrikuntza gunearen eta Neiker zentroaren laguntza ere badute, haziak eskuratzeko eta uzta ikertzeko.
Madrilgo hazi biltegi batetik ekarri dituzte Gipuzkoako zazpi gari mota, jada galduak zeudenak. Bakoitzetik zakutxo bana ekarri dute, besterik ez. Solaka baserrian, Lazkanori eta Odriozolari lau gari mota egokitu zaizkie: Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Gipuzkoa 3 eta Motxo. Eskukada bana aldatu dute, beste gari mota moderno batekin batera —erreferentzia gisa balio du azken horrek, ondo hazten den bermea izanik, gari zaharrarekin alderatzeko—.
Berdina egin dute Sosola baserrian ere; gainontzeko hiru gari moten eskukada bana landatu dute. Neiker zentroak, berriz, zazpi gari moten kilo bana landatu du Arabako soro batzuetan. Gari mota bakoitza lur eta klima bakoitzera nola egokitzen den aztertzea da sakabanaketaren helburua.
Gutxi falta zaie lehenbiziko emaitzak jasotzeko. Okinek abuztuan ekingo diote uztari, beren soroetan. Lazkanoren ustez, “espero bezala” hazi da garia Solakan: “Itxura ona du aleak, handia etorri da. Bigun dago oraindik, baina lehortuko da abuztura bitartean”. Ziklo luzeko gari motak izanda ere, berandu iritsi zitzaizkien haziak. Ondorioz, urri-azaro aldean beharrean, otsailean erein zituzten.
Euriteekin, arazoak
Zailtasunak ere badauzkate. Zereal mota zaharrak oso altuak dira —metro eta erdiko garaiera hartzen dute, eta metro erdira iristen dira modernoak—. Beraz, azken aldiko euriteekin eta txingorrarekin, garia asko etzan dela azaldu du Lazkanok: “Argi ikusten da azken hauek erori egin direla eta erreferentziazko beste batzuk tente daudela”. Sosolan ere erori egin da garia. Erauntsiez gain, garia etzan izanaren arrazoia baserrien altuera izan daitekeela uste dute bertako okinek.
Hatzak gurutzatzea falta zaie orain, datozen egunetan zaparradarik ez izateko. “Egun bero-beroak behar ditu honek. Beroa eta lehorra. Ez du behar batere hezetasunik. Ea zer eguraldi egiten duen”, zehaztu du Lazkanok.
Aurtengoa ez da Solakan garia erein duten lehen aldia. Duela sei urte, Bretainiatik ekarritako nahasketa erein zuten baserriaren azpialdean, 3.000 metro koadro guztira. “Handik ekarri genuen garia, antzekoak baitira hango eta hemengo klimak. Ez proiektu eta ez ezer, ausartu egin ginen. Lehenengo urtean izugarrizko garia hazi zitzaigun”, gogoratu du Lazkanok. Hurrengo urteetan, Urrestillan (Azpeitia) landatu ohi izan dute garia, eta gorabeherak izan dituzte emaitzetan, “batzuetan hobeto, besteetan okerrago”.
Okina izateaz gain, nekazari bihurtu izana ere bada ogiari beste begi batzuekin begiratzeko arrazoia. Gariak nola funtzionatzen duen, zergatik gaixotzen den… Lehengaia ezagutzea, azken batean. “Ogia egiteko prozesu horren muturreraino iritsi nahi genuen. Gozamena da egiten duzun horretan sakontzea. Ikasketa bat da”, azaldu du Lazkanok.
Solakako okinak argiak bezala ilunak ere ikusi dizkio nekazaritza lanari. Ulertzen du iraganeko errezildarren erabakia, “oso zaila” baita inguru hartan garia ereiteari eustea, dela klima hezeagatik, dela orografia aldapatsuagatik.
Besteengandik bereiztea
Erraza izan edo zaila izan, ogia egiteari “balorea” ematen dio gariaren jatorria ezagutzeak. Kanpotik dakarten alea ere gertutik ezagutzen dute; nekazariekin harreman estua dute. “Oso garrantzitsua da ogi ekologikoaren prozesu osoa kontrolatzea; lanean ondo ari zarenaren bermea da”, dio Lazkanok.
Irina, ama orantza, ura eta gatza. Ez dauka beste misteriorik. Aurtengo uztak “ogi gutxi batzuk egiteko lain” gari emango du Solakan, hurrengo ereinaldietarako eta laborategirako ere gorde beharko dute eta. Urte luzeetako prozesua izango da soro handia landatu ahal izaterainokoa.
Leave a Reply