Abelgorriak, jabe bila larrean

Abelgorriak, jabe bila larrean

Urko Etxebeste

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hondarribiko Udala elkarlanean ari dira, udalerri horrek Jaizkibel mendian duen eremuan identifikatu gabeko abelgorri talde bat udal baimenik gabe bazkan ari delako. Arazoari irtenbidea emateko asmoz, espedientea zabaldu dute. Auzia zabaltzeko legedia hartu dute eskuan bi erakundeek; hau da, debekatua dago mendian identifikatu eta kontrolatu gabeko aziendarik egotea, Gipuzkoako Mendien 7/2006 Foru Arauaren, Hondarribiko Udalaren ordenantzen —Jaizkibel mendirako artzaintzari buruzkoa— eta Espainiako 1980/1998 Errege Dekretuen arabera. Legedi horietatik kanpo dago abelgorrien talde hori.

Hamabost bat burukoa da Jaizkibelen kontrolik gabe bazkan ari den ganadu taldea, Hondarribiak mendian duen lur eremuan. Udalaren arabera, animalia horiek “basatuta” daude, eta hori “arriskutsua” izan daiteke mendia egoki erabili eta kudeatu ahal izateko. Horien inguruan mendi ibilbideak egiteko ohitura dute herritarrek; hortaz, espedientean agertzen da pertsonen segurtasunerako ere arriskutsuak izan daitezkeela abelgorriak.

Herrialdeko mendietan izaten dira abelgorriak bazkan, baina, aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuko Buruzagitzako arduradun Carlos Boixek esan duenez, identifikatu gabekoak “oso gutxi” dira, eta horiek erregularizatzeko lanean ari dira, gainera: “Kasu bakanetakoa da Hondarribikoa”. Gipuzkoan bazkan aske aritzen diren abelburuetako gehienak betizuak dira; babestuta daude, abeltzaintzaren ondare dira. Baina Hondarribikoak, betizuetan jatorria izan arren, urteen poderioz egindako behi arraza nahasketen emaitza dira, “behi oldarkorrak”, Juan Luis Silanes Kalixa Hondarribiko Udaleko Nekazaritza zinegotziak zehaztu duenez.

Silanesek esan du, osasun ikuspuntutik, abereek ez dutela arriskurik, osasuntsu daudela eta gaixotasunik zabaltzeko arriskurik ez dagoela. Arazoa da, eremu hesitu batean egon arren, batzuetan handik ihes egiten dutela eta “sustoak” eman dizkietela, batik bat, mendizaleei, eremu publikoan baitaude. Ezustekoak bai, baina ez da bestelako ezbeharrik izan.

Iazko maiatzean hasi zituzten abelgorri horien erregularizaziorako ekinbideak, aldundiak egindako txosten baten bidez. Behiek, ordea, 2-3 urte daramate kontrolik gabe, eremu horretan. Bitarte horretan guztian, inork ez ditu erreklamatu, ez dute jaberik, ez dira inorenak. Silanesen ustez, gainera, litekeena da inork ez hartzea bere gain abelgorrien jabetza; batez ere, animalia horiek ondorioak izango dituztelako hainbeste denboran gisa horretan egoteagatik. “Ia ziur ez dela inor ere azalduko horien jabetza erreklamatzera”.

Prozedura

Martxoaren 23an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abelgorrien gaineko espedientea. Horren arabera, behien jabeek hamabost egun dituzte animaliak Jaizkibelgo inguru horretatik kentzeko. Aurretik jabetza egiaztatu beharko lukete. Hortaz, bi asteko epe hori bukatzear da.

Behin hori amaituta, aldundiaren esku geldituko dira animaliak. Orduan, beste bi eguneko epea zabalduko da, azken aldiz, jabeek bere egin dezaten jabetza. Boixek jakinarazi duenez, epe hori amaituta, animaliekin zer egin erabakiko dute. “Horrelakoetan hil egiten dira”. Silanesek esan du behin horiek hilda euren haragia ez dela merkaturatuko: “Elikagaien merkatuan ezin da sartu abelgorri horien haragia, kontrolik gabe izan direlako”.

Baina, hori guztia gerta dadin, lehenik eta behin behiak harrapatu behar dira, eta kamioietan sartu, aldundiaren esku uzteko. Hori egiten saiatuko dira, behiak janari erreklamu bidez mendiaren goialdera eramanaz, kamioiak irits daitezkeen eremu bateraino. Eta aldundiko eta udaleko kideek zeregin horretan huts egingo balute, eta gaiari buruz Hondarribiko Udalak egin duen dekretuan jasota dagoenaren arabera beti, abandonatutako animaliak ehiza piezatzat izendatu, eta udalak aldundiari baimena eskatuko lioke uxaldi bidez abelgorri horiek akabatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.