Ikastola, herriarekin hazten

Ikastola, herriarekin hazten

Eider Goenaga Lizaso

“Gipuzkoako ikastola gehienek 80ko eta 90eko hamarkadetan eman zuten pausoa orain ematen ari gara gu. Ikastola guztiak hasi ziren barrakoietan eta herritarrek edo erakundeek utzitako egoitzetan klaseak ematen, baina nik uste dut gehienek aspaldi egina zutela horietatik ateratzeko urratsa. Irurako ikastolak 2017an bukatuko du bide hori”. Nere Etxezarreta (Andoain, 1970) Irurako Ikastolako lehendakaria da, eta eraikin berria altxatzeko obrei begira egin ditu adierazpenok. Lanak duela pare bat aste hasi zituzten, eta gaur lehen harria jarriko dute, ekitaldi ofizialean.

Eraikin berriak 2 urteko gela, Haur Hezkuntza, jangela eta psikomotrizitate gela hartuko ditu. “Orain horiek ikastolako eraikinetik kanpo daude, Irurako plazan, udalak utzitako eraikinetan barreiatuta. Guretzat pauso handia izango da horiek denak bakarrean biltzea”, gehitu du Larraitz Agirrezabalak (Anoeta, 1978), ikastolako zuzendariak.

Izan ere, hiru eraikinetan banatuta daude orain Irurako Ikastolako umeak: LH osoa eta HH3, ikastolaren eraikinean; 2 urteko gela, HH1 eta psikomotrizitate gela, plazako eraikin batean; eta HH2 eta haur txokoa, plazako beste eraikin batean. Horrez gain, jangela plazako hirugarren eraikinean kokatuta dago. Ondorioz, umeek batetik bestera ibili behar izaten dute —HH3koak psikomotrizitate gelara joateko, ikastola handikoak jangelara joateko, HH1 eta HH2koak ekitaldi bateratuetan parte hartzeko…—, eta tartean errepidea pasatu behar dute birritan.

Eraikitzen

Irurako Ikastolak 2008an egin zuen udalak utzitako lokalak eta herriko plazan jarritako barrakoiak uzteko lehen pausoa. 2008-2009ko ikasturtea eraikin berean egin zuten lehendabizikoz Lehen Hezkuntzako ume guztiek —DBH Anoetako Ikastolan egiten dute Irurako ikasleek, eta Batxilergoa, Tolosan—. Kilometroak antolatu eta ikastolak eraikin propioa izateko lehen urratsa egin zuten, orduan. Eraikitzen izan zen 2008ko Kilometroen leloa, eta Irurako Ikastolak eraikitzen jarraitzen du.

“Orduan ere bagenekien eraikina ez zela nahikoa ikastolaren beharrei erantzuteko”, azaldu du Agirrezabalak. “Hasierako proiektua, berez, bi zikloak, jangela eta abar hartzeko prestatua zegoen, baina, arrazoi ekonomikoak tarteko, zati bati uko egin behar izan zitzaion, momentuz”. Irurako Ikastolak eraikin hura ordaintzeko eskatutako kreditua ordaintzen jarraitzen du 2008tik, baina aurten proiektu hura osatzeko pausoa emateko erabakia hartu du. “Milioi bat euroko kreditua geldituko zaigu, eta karga handia da gurea bezalako ikastola txiki batentzat, baina ezinbestekoa ikusten genuen ikastola osoa leku berean elkartzea”.

Agirrezabalak, hala ere, argi du pauso hori ez zutela emango Irurako Udalak laguntza eskaini ez balie. Haren esanetan, udalaren proposamena izan baitzen bigarren eraikina egiten hastea. “Udalak bilera batera deitu gintuen, 2013an, eta, udalak behar batzuk zituenez, hasierako proiektu hari amaiera ematea proposatu zigun. Erraztasun guztiak eman zizkiguten”. Batetik, lurra, eta, bestetik, iaz hamar urterako hitzarmena sinatu zuen udalak ikastolarekin; horren bidez, urtean 75.000 euro jasoko ditu ikastolak, kreditua ordaintzen joateko. “Esker oneko hitzak baino ez ditugu udalarekiko. Udalaren laguntza handia izan da, eta hori gabe ezingo genuke amets hau gauzatu”, esan du Agirrezabalak, Etxezarretak buruarekin baietz egiten duen bitartean.

Ikasleak, hirukoiztu

Irurako Ikastolaren ibilbidea ezin da ulertu herriak azken urteotan izan duen hazkunde izugarriari erreparatu gabe. “Herria izugarri hazi da, eta egia bada ere ikastolak udalaren eta herriaren laguntza behar duela, egia da, modu berean, udalarentzat eta herriarentzat ikastola ezinbestekoa dela. Herriak ikastola behar du, eta normala da laguntzea”, gehitu du Etxezarretak.

Izan ere, Iruran etxe berri asko egin dira azken 15 urteetan, inguruko herrietatik bikote gazte asko joan da bizitzera, eta horrek herriaren biztanleria bikoiztu baino gehiago egin du: 1996an, 726 biztanle zituen Irurak; aurtengo urtarrilean, 1785. Ikastolako ikasleei dagokienez, kopurua ia hirukoiztu egin da. “Duela 13 urte, 80 ikasle inguru genituen; orain, 231 ikasle eta 144 familia biltzen ditu ikastolak”, eman du datua Agirrezabalak. 2017tik aurrera egoitza bakarra izango dute guztiek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.