Juan Luis Zabala
Orain dela 30 urte —esango diot 2048ko uztailean— Europa osoan zehar ibili nindunan, batetik bestera, mugarik gabe, nahieran. Lekutan geratu dun orduko mugimendu askatasuna!
—Askatasuna?
—Bai, askatasuna. Orain ez daukagun askatasuna. AGK Aginte Global Konputerizatuak bidaiatzeko aukerak murriztu zizkigunetik galdu duguna.
—Baina askatasun hura egiazkoa al zen? Benetan zen askatasuna? Ala turismoa? Ala, gordinago esateko, turismoa ez zegoenez, ezta hurrik eman ere, guztion eskura, pribilegioa? Bidaiatzeko askatasun erabatekoa ez al zen, beraz, askatasunez mozorrotutako pribilegioa?
—Zer esaten ari haiz?
—Askatasuna oso hitz eztabaidagarria duk, batez ere askatasuna denona ez denean eta askatasunaren abiaburua eta oinarria pribilegioa eta beste batzuen gaineko posizioa denean.
—Eztabaidagarria? Kasu batzuetan ez. AGK-k askatasuna murriztu zigun, batetik bestera mugitu eta bidaiatzekoa bezala beste asko ere. Gure askatasunaren murriztaile porrokatua dun AGK, begiratzen zaion lekutik begiratzen zaiola ere.
—Erabateko askatasunik ez zegok, ezin duk planteatu ere egin. Askatasun erabatekoa Frantziako Iraultzaren beste bi printzipioen guztiz aurkakoa bihurtu zitekek, bihurtzen duk askotan: berdintasunarena eta haurridetasunarena. Eta gure mundualdian maiz izan gaituk horren lekuko.
—Beraz, berdinak eta elkarren haurride izan behar dugu, nahi ez badugu ere?
—Neurri batean behintzat bai. Ez guztiz berdinak, jakina, ez guztiz haurride estu eta mami, baina askatasunak besteen gainetik egotera eta sentitzera eraman gaitzakek, hala jokatzera eta besteak azpiratzera, eta baita gizakien arteko oinarrizko haurridetasuna haustera ere. Eta turismoaren zabalkunde planetarioa, beste arrisku batzuk sortzeaz gain, horretara jotzen ari zuan, edo, hobeto eta zehatzago esanda, horretara ailegatuta zegoan, askatasuna izateari utzi eta zapalkuntza bihurtuta, zuzeneko bortxarik gabe kasurik gehienetan, baina sakoneko indarkeria ezkutu gero eta handiagoz: gizakien mailaketa gero eta nabarmenagoa, ezkutuko mirabetasun eta esklabotasun gero eta ugariagoa eta lazgarriagoa, gentrifikazioaren hedadura globala… Batetik bestera mugitzeko askatasun globala, globalizazioa bera bezala, gizakien arteko berdintasunaren eta haurridetasunaren, elkartasunaren, arerio gero eta gogorragoa bihurtzen ari zuan, eta, beste kontu askotan bezala, AGKren premia izan genian planeta katastrofetik libratuko bazen.
—Hiri ondo iruditzen zain, beraz, Euskal Herritik bi urtez behin baino ezin irten ahal izatea, eta orduan ere zortzi egunez soilik?
—Benetako premia dutenentzat baimenak zeudek, lan kontuak direla, osasun edo familia kontuak direla… Baina turismoa, neurri batzuetatik gora, ez duk, batetik, inola ere lehen mailako giza premia bat, eta, bestetik, gizakien arteko desparekotasunak eta zapalkuntzak ezartzen eta handitzen ditik. Neurri batzuk jarri behar zitzaizkioan turismoari, beste kontu askori bezala, kutsadurari, energiaren erabilerari, hazkundeari oro har, eta hori duk AGK-k egin duena. Neurriak estuegiak eta zorrotzegiak ote diren eztabaidatu zezakeagu, baina beharrezkoak zirela begien bistakoa duk.
—Bai, eta gainera eskertu egin beharko zionagu AGKri konforme ez egoteko eta protestatzeko askatasuna ematen digula… Neurri batzuen barruan hori ere, jakina!
—Jakina!
Leave a Reply