Sagardoetxearen geroa, astigartarren esku

Sagardoetxearen geroa, astigartarren esku

Miren Garate

Astigarragako Sagardoetxeak hamabost urte beteko ditu irailean, eta, gogoeta prozesu baten ostean, hurrengo urratserako prest dago: herri galdeketa bat egin nahi dute, haren etorkizunari buruz erabakitzeko. Herriko hainbat eragilek, norbanakok eta udaleko ordezkarik osatutako 25 laguneko taldeak proposamen bat prestatu du, eta herritarrei galdetu nahi die ea ados dauden proposamen horrekin. Xabier Urdangarin Astigarragako alkatearen esanetan, Astigarragarentzat “proiektu estrategikoa” da Sagardoetxea, eta garrantzitsua iruditzen zaio aurrera begirako bidea herritarren babesarekin egitea.

Alkateak azaldu du “toki falta” dela Sagardoetxearen muga nagusietako bat, eta esan du “jauzi kualitatibo” bat ere egin nahi dutela: “Gaur-gaurkoz, Sagardoetxea Astigarragakoa da, baina esango nuke bestelako proiekzioa izan dezakeen proiektu baten nahia ere badagoela. Euskal Herriko Sagardoetxea litzatekeenaren bila-edo jo nahiko genuke”.

SAGARDOETXEA

Orain arteko ibilbidea aztertu ostean, gogoeta taldeak egindako proposamenak hainbat puntu biltzen ditu. Horietako bat da proiektua beste eragile batzuekin landu behar dela; hala nola, sagardogileen sektorearekin, sagarraren sektorearekin eta beste administrazioekin. Kokapenari dagokionez, eraikin berria egitea da haien asmoa, oraingo Sagardoetxearen ondoan. “Sagastia ere hor daukagu, eta iruditzen zaigu sagastia elementu garrantzitsua dela Sagardoetxearentzat”. Baztertu egin dute kultur etxe zaharra erabiltzea, eta eraikin berria egin ondoren ere kultur etxe zaharraren ondoko berdegunea mantentzea nahi dute, herritarrentzat erabilgarri egon dadin. “Beraz, planteatzen dena da egoitza berri hori berdegune horretan lurperatuta egotea”.

Finantzaketa ere aipatzen du proposamenak, eta bertan esaten du udalaren dirua ez ezik beste administrazio batzuena ere beharrezkoa dela: “Udalak orubea jarriko du, baina ezin du bere gain hartu horrelako proiektu baten finantzaketa osoa. Sagardoetxe berriak ezin ditu baldintzatu herriko beste proiektuak”.

Hiru hilabete erantzuteko

Behin ildo horiek finkatuta, hitzen batekin oraindik zalantza duten arren, ondorengoa izango da herri galdeketako galdera: “Hausnarketa taldeak landu duen Sagardoetxearen etorkizuneko proposamenarekin ados al zaude?”, eta bai ala ez erantzun beharko dute parte hartuko duten herritarrek. Alkateak esan du urte bukaera aldera egin nahi dutela galdeketa. Aurrez, uztailaren 23ko osoko bilkurak oniritzia eman beharko dio, eta, urrats hori eginda, Espainiako Gobernuari eskatu beharko diote baimena. Hark hiru hilabeteko epea izango du erantzuteko. Herri galdeketa egiten bada eta herritarrek esaten badute proposamenarekin ados daudela, sagardogileen eta sagarraren sektoreekin eta administrazioekin hitz egitea, proiektua lantzea, egoitza berriaren exekuzio proiektua idaztea eta abar izango dira hurrengo pausoak. Aldiz, herritarrek esaten badute ez daudela ados proposamenarekin, ez dute aurrera egingo.

Sagardoetxeak urteotan egindako lana nabarmendu du alkateak: “Urtean 11.000 bisitari inguru izaten ditugu, eta gisa honetako museo edo interpretazio zentro txiki batentzat oso datu onak dira. Hainbat ekitaldi antolatzen ditu sagarraren ziklo osoari lotuta, eta dokumentazio zentro indartsu bat ere badu”.

Gogoan izan ditu Sagardoetxea sortu aurretik sagardogintzaren kultura bultzatzeko lan egin duten herriko taldeak ere. Era berean, garrantzitsutzat jo du zeregin horretan jarraitzea ere: “Iruditzen zaigu herri gisa badugula erantzukizun eta ardura bat mendez mende gure eskuetara iritsi zen sagardogintzaren kultura hori bultzatzeko eta zabaltzeko”. Dokumentuek erakusten dute bostehun urtetik gora dituztela Astigarragako sagardotegi batzuek. “Eta, ziurrenik, lehenagotik ere egin eta salduko zen sagardoa gure herrian”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.