Osakidetzak eta Arrasateko Udalak ituna egin dute ospitaleko aparkalekuez

Arrasateko Udalak eta Osakidetzak hitzarmen bat sinatu dute asteon, Arrasaten eraiki berri den Debagoieneko Ospitaleko aparkalekuei buruz. Ekainaren 18an zabalduko dute ospitale berria, eta, ordurako, 110 aparkaleku erabiltzaileentzat zein herritarrentzat prest egongo dira —eraikin berriaren azpian egongo dira plaza horietatik 63, eta eraikinaren atzealdean, beste 47ak—. Bigarren fasean, beste 94 aparkaleku ere prestatuko dituzte, ospitale zaharraren eraikinaren orubea baliatuz. Orotara, beraz, 204 aparkaleku egongo dira Debagoieneko ospitalearen inguruetan. Osakidetzako zuzendari nagusi Julian Perez Gilek eta Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek asteazkenean sinatu zuten hitzarmena, ospitale berrian bertan. Ekitaldian izan ziren ospitale berriko ordezkari nagusiak ere.

Horrez gain, bi aldeek konpromisoa hartu dute Fagor Arrasate kooperatibarekin negoziazioak abiatzeko, egun Gamein enpresaren inguruan dauden 100 tokiak ahalik eta denbora gehienez erabili ahal izateko.

Hitzarmena sinatzean, bi aldeek adierazi zuten itunaren bidez “konpondu” egingo dela Arrasateko inguru horretan dagoen aparkaleku gabezia. Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak, gainera, duela lau urte ezarritako epeak bete direla adierazi zuen, eta Arrasate “erreferente” bihurtu dela osasun zerbitzuei dagokienez.