Afizio bakartia eta intimoa da irakurketa. Liburuak bakoitzari bere erara hitz egiten dio, besaulkian edo ohean, eta banaka irekitzen ditu bere barrura sartzeko ateak. Irakurketak ere bilatu du, ordea, taldean lekua hartzeko modua: herri ugaritan daude irakurle klub eta taldeak. Beste edozein afizio bezala, literatura ere kuadrillan gozatzekoa izan daitekeela erakusten dute.
Getarian ikasturte honetan sortu dute irakurle taldea; Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea herri horretan bizi da, eta bera aritzen da dinamizatzaile lanetan. Zumaiako taldea ere eramaten du; bietan, hilean behin biltzen dira liburu bati buruz hitz egiteko. Alberdik berak liburu ugari proposatzen ditu, eta taldeak batzuk aukeratzen ditu: “Aniztasuna zaintzen saiatzen naiz: ipuina, nobela, poesia eta itzulpena. Bozketa egiten dugu, eta bakoitzetik bat aukeratzen dugu”.
Batzuetan, bi taldeetan liburu berberak aukeratzen dituzte: “Horrela, norbaitek ezin badu bere herriko egunean, bestera joan daiteke”.
Saio bakoitzaren aurretik, liburuarekin zerikusia duen materiala bildu eta eztabaida daitezkeen gaien zerrenda prestatzen du Alberdik. Gero, “galdera orokor” moduan proposatzen dizkio gai horiek taldeari; aurretik bakoitzak aipatzen du zerk eman dion arreta, “ez gelditzeko ezer aipatu gabe”.
“Ez dut polizia lanik egiten”, azaldu du Alberdik, dinamizatzeaz mintzo dela. Bere saioetan, ezer ez da derrigorrezkoa: ez da ezinbestekoa liburua irakurrita edo bukatuta edukitzea, ezta zerbait esatea ere: “Askok entzun bakarrik egiten dute, edo oso gutxi esaten dute; agian, norbaitek pertsonaia bat bakarrik aipatuko du. Azkenean, zaila da: zure intimitatearen parte bat kontatzen duzu”.
Arrasateko irakurle taldea izango da Gipuzkoako zaharrenetarikoa: hamar urtetik gora dituela dio gaur egungo dinamizatzaile Mikel Aierbek. Taldea “nahiko finkoa, baina irekia” da; hilero, arratsalde batez elkartzen da Kulturate aretoan.
Liburuak Aierbek berak aukeratzen ditu normalean: “Orekatzen saiatzen naiz; berritasunak bai, baina baita garai batean idatzitakoak ere, merkatuaren martxa gupidagabe honetan atzean geratutakoak”. Saioa ere prestatuta eramaten du: “Egilearen beste obrak irakurtzen saiatzen naiz, sarrera bat egiten, garaian kokatzen eta azpimarratzen zergatik aukeratu dudan”.
Tolosan, Galtzaundi euskara taldeak antolatzen du irakurle kluba. Horren antolaketa, ordea, “nahiko anarkikoa” da, Naiara Roldan de Arangiz antolatzailearen hitzetan: “Hilean behin biltzen gara, eta saio bakoitzean hurrengorako liburua eta eguna aukeratzen dugu”. Gustuen arabera egiten dute aukeraketa: “Batzuetan badira pil-pilean dauden liburuak; jendearen proposamenen araberakoa izaten da”.Gehienetan, lan narratiboak irakurtzen dituzte.
Beasainen ere bada irakurle txoko bat, udal euskaltegiak antolatuta. “Beasaingo Udalak Igartza saria antolatzen duela aprobetxatuz, saio bat egiten dugu urtero, irabazi duen liburuarekin”, azaldu du Ane Barandiaran antolatzaileak. Lehen, saridunaren aurkezpena egiten zen soil-soilik, eta bertaratutakoei liburuaren ale bat oparitzen zitzaien: “Baina hor gelditzen zen kontua, eta horren aitzakian lanketa bat egitea pentsatu genuen”.
Bereziki euskaltegietako ikasleengan pentsatutako saioak izaten dira: “Irekiak dira, baina ikusten genuen hedabideetan argitaratuta soilik ez zela jende asko etortzen, eta horregatik jo genuen euskaltegietara. Horietako askok liburuak aurretik landu ere egiten dituzte”. Finean, helburua “euskal kulturaren kontsumoa sustatzea” da, literaturzaletasuna bultzatzea baino gehiago.
Hain justu, asko dira irakurle klubetara euskaraz irakurtzeko ohitura hartzeko asmoz jotzen dutenak, edo, besterik gabe, irakurtzeko gida moduko bat nahi dutenak. “Askok ez dute jakiten nondik hasi, liburuen mendien artean ez dakitelako zer aukeratu”, azaldu du Aierbek.
Motibazio nagusia, ordea, literaturaren inguruan elkartzekoa da: beste era batera irakurtzen erakusten dute irakurle taldeek. “Irakurtzen ikasi, eta irakurritakoari buruz hitz egin”, esan du Aierbek: “Bitxia da bakoitzak zer aurkitzen duen liburuetan, eta nola gurutzatzen diren batzuen eta besteen interesak”.
Alberdiren iritziz, irakurtzeko zaletasuna badago, eta naturala da horrek elkartzeko beharra sortzea: “Jendea gauza askoren inguruan biltzen da: kirolaren inguruan, seme-alaben inguruan… Zuk bakarrik bizi duzun esperientzia bat konpartitzeko era bat da”. Ezustekoak ere asko izaten dira, Aierberen arabera: “Ederrena hori da: askotan, zu hurbiltzen zara liburura uste batzuekin, baina zure usteak aberasten dira beste batzuenekin, eta askotan gertatzen da horren ondoren liburua berrirakurtzeko gogoa sortzea”. Horregatik nabarmendu dute dinamizatzaileek liburua irakurri ez dutenek edo gustatu ez zaienek ere badutela zeresana halako saioetan.
Idazleak irakurleengana ekarri
Irakurle talde gehienek, tarteka, idazleak ekartzen dituzte. Halakoetan, taldea lehenagotik biltzen da, idazlea etortzen denerako eztabaida landuxeagoa izateko. “Liburuaz aurretik hitz egiteak segurtasuna ematen die askori”, Alberdiren arabera. Arrasaten, irakurleek egindako galderek hartzen dute tarterik handiena. Hala azaldu du Aierbek: “Lehentasuna irakurleek daukate, ez idazleek. Helburua liburuari buruz hitz egitea da”.
Aierberen arabera, idazle batzuk “urduri” joaten dira irakurle taldeetara: “Irakurleekin aurrez aurre topatzen dira; benetako irakurleekin, eta, gainera, irakurleek dute hitza”. Azkenean, ordea, “ia beti gustura” ateratzen dira, euren lana irakurria eta eztabaidatua izan delako pozik: “Liburua bizirik mantentzeko bide bat da”.
Irakurleek nola irakurtzen duten ikasteko ere balio dute halakoek. Alberdiri, idazle gisa, balio izan diote, bederen: “Harritu egin nintzen jendeak zein serio hartzen duen irakurtzen duena. Hasieran konturatzen nintzen nahi gabe idazlea defendatzen nuela”.
Irakurle taldeek euskal literaturaren “behatoki” lana ere egiten dutelakoan da Alberdi: “Liburuak gutxi saltzen dira, eta zaletasunak ez du ere ikaragarri gora egin”. Euskarazko liburugintzarentzat ere izan daitezke lagungarri. Larrabetzu (Bizkaia) jarri du adibidetzat: “Han liburu denda bakarra dago, eta irakurle taldeko liburuak ekarri eta erakusleihoan jartzen dituzte”.
Espazio asko eman dakizkioke literaturari; horiek bilatzea eta, ez badaude, sortzea da kontua. Aierbek ere hala uste du: “Zaila izaten da irakurri duzun horri buruz hitz egitea. Nolabait, inor ez da geratzen liburuez hitz egiteko”.