Idazten ez da soilik haurtzaroan ikasten

Plazera da batzuentzat; besteek, ezin dute hura gabe egon. Badira bestela ere aritu bai, baina trebatu nahi dutenak; beste batzuei, berriz, ondo datorkie bestelako lanetarako idazketa hobetzea. Denetariko ikasleek jotzen dute Bergarako Idazle Eskolara, denetariko asmoekin. Tere Irastortza da hango zuzendaria; haren hitzetan, helburua oso orokorra da, “idazketa lantzea”. Azken urteotan, ordea, ikasle gehienak sorkuntza literarioan trebatzeko asmoz joan zaizkie.

Ikasle horiek, gehienetan, jada bestelako ikasketak egin dituzten pertsonak izaten dira; sarritan lanean ari dira, eta badute esperientzia idazten. “Hizkuntzaren ikuspegi normatiboa ezagutzen dute”, azaldu du Irastortzak, “idazterakoan beste gabezia batzuk sentitzen dituztelako etortzen dira”.

Idazle Eskolako graduondokoa lortzeko, bi ikasturte egiten dituzte larunbat goizetan Bergarara joaten. Irastortzak berak urte osoan ematen ditu eskolak; gehienbat poesiaz arduratzen da. Genero bakoitzaren arabera, ordea, aldatuz doaz beste irakasleak: “Ia urtero ekartzen dugu Edorta Jimenez, ipuin eta nobelei buruz hitz egiteko; Pako Aristi, iritzi artikuluei buruz; Itziar Goenaga, gure ikasle izandakoa, ozenki irakurtzen irakasteko…”.

Lehenengo mailan lan laburrak egiten dituzte, “eserialdi batekoak”, ipuinak eta iritzi artikuluak, bereziki. Bigarren maila amaitzerako, edozein generotako lan luze bat aurkeztu behar dute.

Ikasle batzuk euren lanak argitaratzen saiatzen dira Idazle Eskolatik ateratakoan, baina ez dute denek bide hori hartzen: “Liburuen iruzkinak egiten dituzten asko ateratzen dira gure eskolatik; irakurketa klubetako dinamizatzaileak; kultur elkarteekin harremana dutenak… Denetik dago, norberaren interesen arabera”.

Ikasturte amaieran, aurkeztutako lanarengatik sari bat ematen die Idazle Eskolak hiruzpalau ikasleri, beka baten bidez. Iaztik, Karmele Igartuaren izena du sari horrek. Joan den ikasturtean Ione Gorostarzuk jaso zuen; argitaratu berri du Des egiten poema liburua (Elkar, 2012).

Gorostarzuk aurretik ere bazeukan idazteko ohitura, baina Idazle Eskolak lagundu dio bere idazkera hobeto ezagutzen: “Matrikulatu nintzenean, buruan neukan ipuingintza edo nobela lantzea, baina gero konturatu nintzen poesian askoz erosoago sentitzen nintzela”. Bidea, ordea, ez da beti samurra izan: “Erritmoa jarraitu nahi bada eta aprobetxatu, lan asko egin behar da; asko irakurri eta idatzi”. Ikasitakoak, ordea, merezi du: “Lanari dagokionez, hori eman dit: jendearekin konpartitzea, ikustea zeintzuk diren nire puntu ahulak, eta konfiantza izatea neure buruarengan”.