Miren Garate
Joan den astean egindako agerraldian, udako erreserbak nahiko motel zihoazela iragarri zuen Gipuzkoako Hotelak elkarteak, eta Donostia Turismoa erakundearekin egindako akordio baten berri eman zuen: 21 hotelek 113 logela utziko dituzte doan, Donostiaren promozio turistikoa egin ahal izateko. Lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetako kazetariak, influencer-ak, bilera eta kongresuetako eragileak, touroperadoreak eta abar gonbidatzeko balioko du akordio horrek. Cristina Lage Donostiako Turismo zinegotziaren esanetan, aurretik ere egin izan dira halakoak, baina publiko egin dute oraingoan, iruditzen zaielako “pasatu duten guztiarekin” hotelak “oso eskuzabalak” izan direla eskaintza hori eginez.
Kezka eragiten du turismoak Gipuzkoako hiriburuan. Kezka horren iturburua, ordea, ez da berbera guztientzat. COVID-19ak bigarren urtez jarraian bisitari kopuruan eta ondorioz ekonomian izan ditzakeen eraginak larritzen ditu batzuk. Aldiz, sustatzen den turismoaren hazkundeak donostiarren bizi baldintzetan eta bizimoduan duen eragin negatiboa salatzen dute beste batzuek. Erakunde publikoek hiriaren sustapenean duten rola da desadostasunerako arrazoietako bat, baina askoz alderdi gehiago hartzen ditu gaiak: turismoak etxebizitzen prezioetan duen eragina, sektoreak sortzen duen enplegu kopurua eta nolakotasuna, ingurumenean eta kulturan duen eragina, eta abar.
2018an sortu zuten Bizilagunekin, desazkunde turistikoaren aldeko plataforma. Donostiak turismoa betidanik hartu izan duen arren, urte gutxian aldaketa handia nabaritu zutelako elkartu zirela kontatu du Asier Basurtok. “Turistifikazioa momentu batean arazo bihurtzen da: turismo horren gehiegizko hazkundea herritarren bizi baldintzak baldintzatzen hasten denean”. 2017a jo du mugarritzat.
Plataformako kideek behin baino gehiagotan aipatu izan dute Donostia turistentzako hiri ari dela bihurtzen, edo, beste era batera esanda, turismoarekin negozioa egiten dutenei ematen zaiela lehentasuna. Behin baino gehiagotan leporatu diete turismofobia izatea. Basurtok esan du ez dutela arazorik turistekin, ondo iruditzen zaiela jendea egun batzuk pasatzera Donostiara etortzea. “Gu ez gara jartzen turisten aurrez aurre: turismoarekin negozioa egiteko bertako herritarren bizi baldintzak zapaltzeko prest daudenen aurrez aurre jartzen gara”.
Etxeen prezioarekin lotura
Turismoari lotutako arazo zehatzetara etorrita, etxebizitzarena nabarmendu du Basurtok. “Hiri honetan dagoen arazo sozial nagusia da, eta, aldi berean, negozio nagusietako bat ere bai, eta hori ez da onargarria”. Haren esanetan, lotura zuzena dago etxeen prezioaren eta turismoaren artean. EHUko ikerlari talde batek 2019an egindako azterketa bat aipatu du, nazioarteko aldizkarietan ere argitaratu dena. “Ikerketa horren arabera, etxe turistikoak egoteak etxeen alokairua hilabetean 77 euro garestitzea eragiten du”. Etxeen salmentari eta alokairuen prezioei buruzko estatistiketan, Donostia ohituta dago beti goi-goiko postuetan egoten. “Baina orain prezio altuenen errekorrak bakarrik ez, prezio igoera handienaren errekorrak ere ari da hausten”.
Basurtok esan du “kanporatze bat” ari direla ikusten; alegia, Donostiako auzoetan jaio, hazi eta bizi izan diren belaunaldi gazteek ezin dutela auzo horietan jarraitu. “Kanporatze bat dago, kanpoaldeko auzoetara eta batez ere inguruko herrietara”. Fenomeno horrek zenbait ondorio dakartzala dio. “Auzoetako komunitateak puskatu egiten dira, jendeak ezin duelako jarraitu bertako sareetan integratuta”. Eta gaineratu du kanporatutako horiek joaten diren herri eta auzoetan ere sortzen direla gorabeherak.
Turismoaren onuren artean, enplegua sortzen duela da gehien aipatzen diren kontuetako bat. “Turismoak sortzen duen enplegua ilusio faltsu bat da, enplegu hori hauskorra baita, prekarioa, aldakorra, sasoikakoa, diruaren zati bat beltzean mugitzen duena…”. Bizilagunekin plataformarentzat sektore ekonomiko arriskutsua da turismoa, nazioarteko joera batzuen mendekoa, eta iruditzen zaie eredu ekonomikoan gehiegizko pisua ari dela hartzen. Horren adibide garbi bat COVID-19aren pandemia izan dela dio.
Beste faktore bat ere aipatu du Basurtok: inbertsio publiko izugarria eta politika publikoen bultzada izugarria behar dituela turismoak. Inbertsio horiek guztien zergekin ordaintzen direla dio, “nahiz eta turismoarekin etekinak ateratzen dituzten horiei bakarrik egiten dien mesede”. Herritarrentzat “apurrak” bakarrik geratzen direla salatu du: tartean, kalitate kaskarreko enplegua. Bizilagunekin plataformako kideen ustez, “turismoak adinako bultzada jasoko balute beste sektore batzuek, hark adina enplegu sortzeko aukera izango lukete, kalitate hobekoa, gainera”.
Turismoaren desazkundea defendatzen du plataformak, eta pandemiak ekarritako geldialdia ez dela behar bezala baliatu uste dute. “Lehenbailehen lehengora bueltatu eta hazi eta hazi jarraitu nahi dute”. Turismoak guztiei baina bereziki gehiegizko turismoaren kalteak zuzenean jasaten dituzten herritarrei eragiten diela iritzita, eztabaidarako plaza bat eskatzen dute, erabakiak denen artean hartu ahal izateko. “Guk uste dugu dibertsifikazio baterako momentua dela. Turismoa sektore garrantzitsua da ekonomian, baina ez zaigu komeni gehiago haztea”.
Hazkunde “jasangarria”
Desazkundearen gaia ez dagoela udalaren agendan esan du Lage zinegotziak. Hazkundea sustatzen jarraitzeko asmoa dute. “Hazkunde jasangarria”, zehaztu du. Jasangarri horrekin zer esan nahi duen ere argitu du: “Hiritarren bizitzak eta bisitariak uztartzen dituena. Ondo kudeatutako turismoa, zure kultura goresten duena, langileei laguntzen diena, goi denboraldira mugatzen ez dena…”. Esan du ez duela turista kontzeptua gogoko, horren ordez, bisitariak aipatu ohi dituela berak. “Zeren, bestela, non jartzen dugu turisten lerroa? Tolosan? Nafarroan? Burgosen [Espainia]? Bordelen [Okzitania]?”.
Atzera eginda, gogoratu du orain dela mende bat baino gehiago ere kanpotik zetorren turismoa oso garrantzitsua zela hiriarentzat. “Paseo Berria, Kontxa aurrean dauden eraikin zoragarri horiek eta abar egin ziren gu ikustera zetozenentzat. Zinemaldia bera ere merkatariek sortu zuten, udako sasoia luzatzeko”. Gakoa kudeaketa dela dio, eta erakundeei kudeaketa horretan asmatzea exijitu behar dietela herritarrek. “Baina hortik hiri hau turistentzat egiten ari garela esatera koska bat dago, eta ezin dut onartu, ez delako egia, eta, gainera, min egiten diolako gaizki pasatzen ari den eta enplegu asko sortzen duen jende bati”.
Lageren esanetan, “maite eta errespetatu duten guztiena” da Donostia, “eta kanpotik jendea etortzea ekonomikoki, sozialki eta beste ikuspegi guztietatik da ona”. Etxebizitzen prezioen garestitzearekin ere ez duela halako loturarik uste du. Turismo hautetsiaren iritziz, “lurralde fisiko txikia” du hiriburuak, mendiz inguratuta dago, “eta ez du hazteko tokirik”; haren hitzetan, horregatik izaten dira, esate baterako, merkeagoak etxeak goiko lurretan. “Donostian, orain dela hamar urtera arte, beste pandemia bat izan dugu: terrorismoaren pandemia. Berrogei urtean ez da ia inor etorri, eta, hala ere, Espainiako preziorik garestienak izan ditu Donostiak, turismoak zerikusirik izan gabe”. Uste du garai haiei lotutakoak direla gaur egungo hainbat ikusmolde ere: “Autokontsumoko hiri bat izatera ohituta geunden”.
Gogoratu du saturazioak eragozteko mugak ere jarri dituztela, eta auzo batzuetan ezingo direla hotel gehiago ireki, hala nola Parte Zaharrean. “Orain irekitzen ari direnen lizentziak orain dela hiruzpalau urte eman ziren. Gehienak, gainera, txikiak dira, mimoz lan egiten duten horietakoak”.
Kulturaren homogeneizazioa eta merkataritza txikian duen eragina dira turismoaren bueltan ageri ohi diren beste kezketako batzuk. Arlo horietan ere ez du arazorik ikusten Lagek. Inkestetan bisitariek paisaia eta bertako kultura puntuatzen dituzte gehien, azaldu duenez. “Menuak euskaraz egotea, jendea euskaraz entzutea eta halakoak asko gustatzen zaizkio jendeari. Herri kirolak eta abar ere asko defendatzen ditugu”. Merkataritza txikiari dagokionez, berriz, uste du bisitariei baino gehiago norberari dagokiola bere kontsumo ohiturak aztertzea. “Eta turismo sektoreak sortzen duen enplegua prekarioa dela ere ez da egia. Ostalaritzan, adibidez, [Espainiako] Estatuko hitzarmenik onena dugu, eta langile gutxi aldatzen dira lanez”.
Turismo zinegotzi den heinean, esan du helburu duela hiritarrak harro egotea Donostiaz helmuga turistiko gisa. “Horretarako, jendearen lankidetza behar dugu, eta izugarri gustatzen zaigu ekarpenak entzutea, eta zer hobetu behar dugun jakitea, baina abiapuntuan turismoarekiko arbuioa baldin badago, gaizki goaz”. Lageren esanetan, turistak gustura geratzeko gauza bat da behar-beharrezkoa da: “Gu zoriontsuak izatea gure hirian, jendeak sumatu egiten baitu hori”.
Leave a Reply