Leire Narbaiza
Aurrekoan, aspaldian ikusi bako lagun batekin izan nintzen bazkaltzen. Izango zen urtebete elkar ikusten ez genuela, pandemiaren kontrako neurriengatik gaitza izan delako gu elkartzea. Bakoitzaren lanak eta betebeharrek ere ez digute asko lagundu elkarrekin egoten. Lagun estimatua izanda (katalanez ere irakur zenezakete estimu berba), haren falta izan dut, nahiz eta telefonoak eta mezuek arindu duten mira hori. Baina ez da gauza bera aurrez aurre izatea pertsona edo pantaila bat tartean edukitzea, sekulako aldea dago. Behin elkartuta, luzaroan egon ginen, arratsalde-pasa ederra egin genuen eta.
Egun horretan agurtzeko momentuan izan nuen zalantza: neurri pandemikoak zaindu? Besarkatu? Musu eman? Ezer ez? Baina azkenean, musuak eta besarkadak etorri ziren, pentsatu barik, ilusioak bultzatuta. “Hau ezin da egin, baina…”, batek itxi zuen diosala. Egun horretan “bizikide” izan ginen, burbuila bereko kide. Bestela, zelan?
Bata bestearekin emandako arratsalde luzeak poz bare moduko bat eragin zidan, osorik estaltzen ninduen geruza bat imajinatzen nuen inguruan. Benetako alegrantzia ematen diguten gauzak zein txikiak diren! Eta askotan konturatu ere ez gara egiten. Era berean pentsatu nuen zelan konplikatu dugun bizitza, premia barik.
Hurrengo egunean, pozaldia oraindik barruan nuela, ibiltzera irten nintzen, orain hain mentan diren hamar mila pausoak egitera (ene, zenbat kalte egin duten aktibitate eskumuturrekoek!). Ibai ondoko bidegorrian arbola artean ibili nintzen eguzkitik babestuta. Zein ederra! Aurreko egunekoa oraindik buruan, ibaiari begira gogoratu nuen aurreko astean ikasi nuen termino bat: fluviofelicidad. Euskarara itzulita ibai-zoriontasuna-edo litzateke, ibai, erreka, laku eta abarrek ematen diguten zoriontasuna edo gozamena. UEUk eta Jakinek antolatutako Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada? jardunaldietan entzun nuen urek eragiten diguten bozkario eta betetasunari buruz. Eta egia da, erreka ondo baten egoteak edo itsasertzean ibiltzeak barrena baretu ez ezik, halako ditxa bat sortzen digu gizakioi. Baina horrek ez die axola gure gobernu guztiei, eta onurak mespretxatzen dituzte. Lagun estimatu horrek esan zidan bezala, Excel orri baten ezin delako sartu urek eta naturak eragiten diguten on hori. Monetizatu ezin daitekeelako. Kito!
Bizi garen sistema honetan gauzak eta egoeren balioa dirutan neurtzen dira. Zenbat diru atera lekiokeen paisaia bati neurtuko da, zenbat turista joango diren leku batera, eta turista horiek zenbat gau, jatordu eta gastu egingo duten toki horretan. Baina inoiz ez dute kontuan zer onura ekartzen dizkion auzoari bertan dagoen berdeguneak, dauden zuhaitzek edo urmaelek. Gerizpea eta atsedena ez direlako dirutan neurtzen, nahiz eta auzotarrendako oasi txiki bat izan udaldian, esate baterako.
Aspaldian ikusi bako lagunari emandako besarkada monetizatu ezin den legez. Adiskideekin pasatutako denbora ere eurotan ezin da kontatu, baina aberasgarria da oso. Ez du dirurik ematen, erosi ere ezin da egin, ordea. Poltsa beterik ez, poz betea baino ez du eragiten.
Gauza txikiek ez dute preziorik, nahiz eta balio handiena daukaten.
Izan dezagula gauza txikiz betetako uda!
Leave a Reply